Idoia ERASO
BAIONA

Xalbadorren mintzoa eta herriaren hizkuntza berriz deskubritzeko argitalpenak

Fernando Aire Etxart «Xalbador» zendu zenetik 40 urte bete ziren atzo. Urteurrenaren karietara, eta bertsolaria omentzeko asmoz, haren lana berriz plazaratzea deliberatu du Elkar argitaletxeak. «Odolaren mintzoa» liburua eta «Herria eta hizkuntza» disko bikoitza berrargitaratu ditu, bietan, originalean zegoenari beste soinu dokumentuak gaineratuz: liburuan idatzi batzuk bertsolariaren ahotan jarrita, eta diskoan beste grabaketa batzuk gehituta.

«Xalbadorrek egin zuen obra 40 urteren buruan bizirik atxikitzeko balio handia du», baieztatu zuen omenduaren semeak, Mizel Airek. Atzo Baionan egin zuten aurkezpenera hurbildu ziren bai bertsolariaren semea eta bai Henriette eta Maialen Aire alabak. Azken honek erran zuen: «Berri oso baikorra da, aspaldi agortua baitzen liburua, eta horrela gazteek ere izan dezaten».

Lan berri hauek eskertzearekin batera aitaren lanarekiko miresmena agertu zuten familiakoek. Mizelek –bertsolaria bera ere– oraindik aitaren lana irakurtzen jarraitzen duela baieztatu zion GARAri: «Barneratua dugu, baina pertsonalki ez naiz aspertzen irakurtzen, gogoz kasik denak badakizkit ere».

Maialen Airek bere aitaren sormenari buruzko hitzak izan zituen: «Zerbait berria egiten zuelarik beti amari kantatzen zion, familiarekin partekatzen zuen, baita etxean elkartzen zirenei ere». Mizelek Amerikan bizi zenean aitak bertsoak idatziz nola igortzen zizkion azaldu zuen, baita gogoz kantatu ere. Berak bertsotan erantzundakoa ere bota zuen xarmanki.

Egitasmoaren sorrera ezagutzeko Henriette Airerengana jo behar dugu. Joan den urteko urrian bertsolari ezagunaren alabak aitari omenaldia egitea proposatu zuen. Testuez gain, berak etxean gordetako disko zaharrak izan ziren orain argitaratzen den “Herria eta hizkuntza” diskoaren oinarri.

Urteurren honetan Xalbador bere alderdi ezberdinetan ezagutaraztea da helburua, eta horretarako, hiru dira aurten argitaratu obrak. Atzo aurkeztu zituztenetan bertsolaria agerrarazi dute, idatzian zein bat-batekotasunean ari zena.

1976an argitaratu zen “Odolaren mintzoa” lanaren bertsio berritua da liburua. Izan ere, Auspoa argitaletxeak Gipuzkoako Foru Aldundiari utzitako eskubideak hartu eta osatu dute argitalpena. Originalean agertu ziren idatzitako hitzak entzun daitezke liburuarekin batera datorren diskoan. 36 bertsoren lehen bi estrofak urepeldarraren ahotsetik aditu daitezke bertan.

Amets Arzallusek hitzaurrea egin dio lanari, non baxenabartarraren lanaren eta pertsonaren irakurketa pertsonala egiten duen. «Dotorezia eta iraunkortasuna eman nahi izan diogu obrari», azaldu zuen Angel Valdes editoreak, azken edizioari buruz.

Diskoak

“Herria eta hizkuntza” bi diskotan heldu da. Aurretik argitaratutako bi obrei Euskadi Irratiak eta Jose Mari Iriondok utzitako hainbat grabaketa gehitu dizkiete. Lehenak Herri Gogoak 1974. urtean argitaratu zuen “Xalbador” diskoa du oinarri, eta horri zuzenean erregistratutako hainbat bertso ere gehitu dizkiote.

Bigarrenak 1977an Elkarrek argitaratutakoa hartzen du abiapuntu, eta izenburua ere atxikitzen du. Honek ere originalak baino lau pasarte gehiago ditu. Azkenak “Txistu eta txalo” du izena, eta 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko pasarte ezagunaren soinua da, non txapeldunordea izendatua izan zelarik ikus-entzuleek txistu egin zioten, eta bere bertsoari esker publikoak txalo egin zion.

Maiatzean “Ifarraldeko kantu zaharrak” lana argitaratu zuen Elkarrek Herri Urrats laguntzeko, eta bertan bertsolaria garai bateko abestiak kantatzen entzuten da. Xalbadorrek Herri Gogoa diskoetxearekin grabatutako LP bikoitza bildu dute CDan. Hiru lan hauen argitalpenarekin urepeldarrak landu zituen eremu ezberdinak ezagutzera eman nahi izan dituzte. Obra hauen guztien bitartez hain famatua eta ezezaguna den artista deskubriarazi nahi dute.