Jon GARMENDIA
BAIONA

Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdi bertsotan elkartuko dira

Baionako Laugan jokatuko da bihar Xilaba txapelketako finala, arratsaldeko bostetatik goiti. Lapurdiko hiriburura seikote lapurtarra iritsiko da aurtengoan, horien artean Xilabako azken txapelduna, Sustrai Colina, eta hiru aldiz garaile izan den Amets Arzallus, bidenabar Euskal Herriko txapelduna ere badena. Finaletan ohiko bihurtu diren Odei Barrosok, Miren Artetxek, Xumai Muruak eta Maddalen Arzallusek osatzen dute seikotea.

Donibane Lohizunen hasi zen Xilabako bosgarren edizioa irailaren 24an, eta Baionan bukatuko da bihar. Beraz, Lapurditik Lapurdira egin du bidea, Zuberoako Muskildin ibili ondoan edo Nafarroa Behereko Baigorrin, Izturitzen eta Aiziritzen bertsoen melodiak utzi eta gero. Bestalde, azken finalerdia ere Lapurdin jokatu zen, Larresoron hain zuzen, eta han ezagutu genuen Laugan kantuan arituko den seikotea, denak lapurtarrak, aspaldiko ezagunak, eta lagunak; bateko edo besteko, hastapeneko bertso eskolak partekatu dituztelako seiek, edo gaur egun biltzen diren Senpereko Larraldeakoa bestela. Ipar Euskal Herrian euskarak eta euskal kulturak bizi dituzten zailtasunei gaina hartuz, bertsoak lehiatik baino lagunartetik gehiago duelako.

Amets Arzallus 1983. urtean jaioa da Hendaian. Kazetaria da, bertsolariaz gain. Hendaiako bertso-eskolan ibilitakoa da, ikasle hasieran eta irakasle gero. Laugarren finala du aurtengoa, eta hiru aldiz izan da txapeldun, 2008., 2010., eta 2012. urteetan. Sustrai Colinak 34 urte ditu eta zuzenbidean lizentziaduna da. Kazetaritza lanak egiten ditu bertsoak dakarzkion lanekin batera. Hendaiako bertso-eskolan ibilia da, ikasle eta irakasle gisa bera ere. Bosgarren finala du eta bera da azken txapelduna. Odei Barroso duela 28 urte sortu zen, urruñarra da eta Euskal Filologian lizentziaduna da. Irakaslea da Ipar Euskal Herriko ikastola eta bertso eskoletan. Bi aldiz izan da txapeldunorde, eta hau bosgarren finala du. Miren Artetxek 31 urte ditu, Gasteizen Euskal Filologia ikasi eta Bartzelonara joan zen ikasketekin jarraitzera; hendaiarra bertso-eskoletako irakasle izana da. Laugarren aldiz parte hartuko du Xilaban eta honakoa hirugarren finala du. Xumai Muruak 31 urte ditu eta Gorputz Heziketako irakaslea da. Azkaindarra da eta bosgarrenez parte hartu du Xilaban, bostetan izan delarik finalean. Maddalen Arzallus da seikoteko gazteena; abenduan 26 urte beteko ditu hendaiarrak. Itzulpengintza eta Interpretazio ikasketak egin ditu Gasteizen, eta itzultzaile lanean dihardu gaur egun.

 Mattin Trekuren txapela

Panpili Trekuk jantziko dio txapela garaileari, Mattin Trekuren semeak. Ahetzeko bertsolari aztiaren bertso batetik sortu da Xilabaren leloa, “Zahar batentzat hamabortz gazte heldu direla ondotik”. Hala izan dira, gainera, hamabost partaide, eta tartean aurpegi berriak, geroaren testigu. Seikotearen lanak hamabost bertso puntuagarri ditu ardatz, eta honela banatuko dira: 8ko handian ofiziotan binaka, hiruna bertso. 8ko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertso. Banaka, 3 punturi erantzun. 10eko ttikian ofiziotan binaka, hiruna bertso. Kartzelan bakarka, gaia emanda hiruna bertso, doinu eta neurri librean. Buruz burukoan, aldiz, bederatzi bertso puntuagarri izango dituzte ailegatzen diren bi bertsolariek, eta honela banatuko da lana: 6ko motzean ofiziotan, hiruna bertso. 8ko ttikian ofiziotan, hiruna bertso. Kartzela bakarka, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean. 

1- Nola ikusi duzu txapelketa? 2- Nola ikusten duzu finala?

Amets ARZALLUS

«Ea bertsolaritzaren lurra lantzen eta zabaltzen segitzen dugun»

1- Lehen saiotik bertsuzale kopuru polita mugitu du txapelketak, nahiz usaian baino geltoki gehiago izan. Hori baikorki bizi dut.

2- Finala iparraldeko bertsogintzaren plaza bereziena eta jendetsuena izaten da; beraz, badu garrantzi sinboliko bat, bertsogintzaz harago heltzen dena, eta garrantzitsua zaigu hori ongi zaintzea. Ea bertsozaletasunaren lurra lantzen eta zabaltzen segitzen dugun. Finalak ilusio hori erein eta zabaltzeko egun bat izan behar du. 

Maddalen ARZALLUS

«Espero dut finalean azken saioko berotasun bera sentitzea barnean»

1- Aski ongi ikusi dut. Jendea hurbildu da eta giro goxoa izan dugu. Gazteek maila ona erakutsi dute eta heldu diren txapelketetan ere hor izanen direla espero dut. Beti izaten dira egun hobeak eta txarragoak, eta uste dut oraingoan bietatik bizi izan dudala.

2- Aski pozik naiz seikotearekin, denok ezagutzen dugu elkar aspalditik eta pentsatzen dut horrek taldean saio on bat egiteko balioko digula. Espero dut finalean azken saioko berotasun bera sentitzea barnean.

Odei BARROSO

«Finala elkarrekin egiten badugu, polita atera daiteke»

1- Ongi bizi izan dut, tarteka pixka bat estutu arren, aski sentsazio onak izan ditut oholtzan. Saioetan jende ezberdina ibili dela iruditu zait, eta kopuruz ongi.

2- Talde polita gelditu dela iruditzen zait. Hurbilekoak gara eta ongi ezagutzen dugu elkar. Elkarrekin egiten badugu, eta bakoitzak bere onenetik ale batzuk uztea lortzen badu, polita atera daiteke finala. Nik orain artekoa findu nahiko nuke, lasai iritsi, momentuan kontzentrazioari eutsi ahal izateko.

Sustrai COLINA

«Niretzat berezia da Xilaba, nondik natorren gogorarazten dit»

1- Bere funtzioa betetzen ari dela uste dut: Bertsoaren inguruan jendea bildu, epaile eta gai-emaile berriak lanean jarri, bertsolariei euren onena eskaintzeko aukera eman.

2- Orain bi urteko sentsazioak errepikatu nahi nituzke. Bidea ezberdina da alta, ibili ez naizen lekuetan ibiltzea eskatzen dit senak, bertsolari hobea naizela erakutsiz eta nire bizi momentuarekin bat datozen bertsokera eta jarrera agertuz. Berezia da, Xilabak nondik natorren gogorarazten dit.

Miren ARTETXE

«Bada publikoarengan zerbait eskertua sentiarazten zaituena»

1- Erosoa iruditu zait oro har. Bada publikoarengan zerbait, epaitua sentitzetik haratago (hori ere bai baitago) eskertua sentiarazten zaituena.

2- Bi urte pasatuko dira hurrengo Xilaba heltzerako, eta komeni da biharko finalean oroitzapen eder bat uztea jendeari. Gogoa eman, herrietako bertso saioetara hurbiltzeko, bertso eskolan izena emateko, saioak antolatzeko, larunbat gauetako ordu txikietan bertsotan aritzeko, eta abar...

Xumai MURUA

«Finalak ez nau izutzen, saio oso bat lerratu gabe egiteko zailtasunak bai»

1- Goxoki, fantasiarik gabe, harrera beroa jaso dugu taulan, betiko gisa. Xilabak bere neurria topatu du, adin guztietako jendea erakarriz. Maila ederreko eta bertsokera anitzeko xapelgoa da, Euskal Herriari begira konplexurik ez edukitzeko modukoa.

2- Ez nau beldurtzen, saio oso bat lerratu gabe egiteko zailtasunak, bai. Taulatik jaustean «aurten bai, gozatu diat» errateko gogoz noa. Ea Baionan Euskal Herriari besta egun eder bat eskaintzen diogun!