Maider IANTZI
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

KRANPOIAK JANTZITA GAILURRA EGIN DU JONE URIAK MARKINA-XEMEINEN

BERTSO TXAPELKETAREN HAIZEAK HITZEN ARTEAREN GOZAMENA ETA ALAITASUNA EKARRI DITU LEA-ARTIBAIRA. IA 700 LAGUNEK TXALOTU DUTE LEHEN FINALAURREKOA. JONE URIAREN ONDOTIK, NEREA IBARZABAL MARKINARRA GELDITU DA.

514,5 puntu pilatuta, finalerako txartela lortu du Jone Uria algortarrak. Hurbiletik segitu du etxean jokatzen zuen Nerea Ibarzabalek, 482 punturekin. Hirugarren, saio polita josita, Eneko Abasolo Abarkas iurretarra gelditu da, 478,5 punturekin. Laugarren, beregandik gertu, Oihana Bartra santutxuarra (476). Bosgarren, ausart kantatuz, Txaber Altube Abadiñoko gaztea (450,5), eta, agurrean umorez iragarri bezala eta saio osoan barna irri printzak sortuz, seigarren postu duinean, Joseba Barandiaran bizkaitartutako legazpiar ekonomialaria (396,5).

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa merezi bezala hartzeko, jaia prestatu zuten Markina-Xemeingo Bertso Eskolak, Gazte Asanbladak eta Gure Esku Dagok, eta bertsoak bukatu orduko gaztetxerantz abiatu ziren, Uni frontoian hasitako festa borobiltzeko. Ia 700 bertsozale elkartu ziren bertan, aunitz eta aunitz gazteak, bertsolarien artean bezala zaleen artean ere erreleboa gertatzen ari den seinale. Maila handiko bertsoak aditu ziren, nahiz eta leherketaren faltaren sentsazioa izan zen bai publikoaren eta bai bertsolarien artean.

Kalitatearen erakusgarri izan ziren kartzelako lanak. Honakoa izan zuten gaia: «Belarria ipini duzu atearen kontra, beste aldekoa entzuteko».

Irabazleak emakumeen kontrako tratu txarrei kantatu zien: «Ohean egin ditut aurrena hiruzpalau jira-bira/ baina ezin lo hartu nenbilen ate ertzari begira/ ta pentsatu dut altxatu eta joan beharko naiz tira/ jertsea jantzi eta joan naiz etxetik kanpora di-da/ ta belarria gerturatu dut auzokoen atarira/ bai-bai seguru neska bat da ta laguntza eske ari da».

Gai-emaileak Everesterako moduko ekipajearekin jarri zuen Uria Etxeberriatik Markinara doan bide-gorria egiten. Barandiaran lagunak, ezin sinetsirik, hala bota zion: «Zortzi mila metroak aipatuagatik/ ez ziren haik gorantza luzeraka baizik». Algortarra kranpoi eta guzti agertu zen, zer gerta. Eta gauzak zer diren, tontorra egin zuen azkenean.

Puntatik hurbil, Ibarzabal

Eta, puntatik hurbil, Nerea Ibarzabal. Adibide gisa, Oihana Bartrarekin hamarreko handian jositako bertsoak. Neskak dira biak eta umetatik zesta-puntan jokatu dute. 13 urte betetzean aurkari faltagatik partidarik jokatzeko aukerarik gabe utzi dituzte, ordea. Hona Ibarzabalen bigarrena: «Nahiz orain arte ibili garen neska ta mutil batera/ federazioa hurbildu zaigu esanez barkatu zera/ orain zesta utzi ta pala izan behar da zuen aukera/ baina nik uste segi behar dela ahaleginean aurrera/ gure ametsa joan ez dadin betirako txapapera».

Altsasuko gertakariak, errefuxiatuen drama, bizitzako desengainuak... Gai aski gogorrei kantatu zieten, baina beti aurrera egiteko kemena azalduz.