Ane URKIRI ANSOLA
Elkarrizketa
Maitane ETXEBERRIA
SUPER AMARA BERA BERAKO JOKALARIA

«Ikasketek garrantzi handiagoa dute, ezin da eskubaloitik bizi»

Maitane Etxeberria Martinez (Errenteria, 1997-01-15) gozatzen ari da eskubaloiarekin. Klub mailan txapelketa guztietan parte hartu du, eta junior mailako Munduko Kopa jokatzeko aukera ere izan du, minutu gehien jokatu zuen jokalaria izanik. 19 urte besterik ez ditu eta Alcobendasen, azaroaren 5eko neurketan, bere 100. partida jokatu zuen Bera Beraren elastikoarekin.

Unibertsitatetik irten bezain pronto iritsi da Bidebietara, entrenamendua hasi baino zertxobait lehenago. Ikasketetan dabil buru-belarri, goi mailako eskubaloiak eskatzen duen konpromisoarekin uztartuz. Bere errutina da. Hitz gutxikoa dela argitu du badaezpada, erosoago sentitzen baita jokalekuan, hegalean jokatzen.

 

19 urte eta 104 partidu Bera Berarekin. Ezer esaten dizu zenbaki horrek?

Ez nintzen ohartu ere egin. Brest Bretagneren aurka jokatu aurretik esan zidaten eta ezustean hartu ninduen. Orain lau urte hasi nintzen Bera Beran jokatzen, Lezotik nentorren, eta gutxika-gutxika minutu gehiago lortzen, eta hara. Azkenean konturatu gabe izan da.

 

Jubenila zinenean egin zenuen debuta lehen taldearekin eta konfiantza jarri dute zugan.

Bai. Iritsi nintzenean beste jokalari bat zegoen nire postuan, eta aurreneko urtea izateko asko lagundu zidan, bai konfiantza hartzeko eta bai ikasteko. Gero hasi nintzen minutu gehiago edukitzen, eta ikustean entrenatzaileak konfiantza erakusten zidala nik ere, neure buruarekin, gehiago sinesten nuen.

 

Duela urtebeteko elkarrizketa batean esan zenuen dena oso azkar pasatzen ari dela.

Bai, azkenean konturatu gabe pasatu da guztia. Selekzioak deitu zidan, aurten Munduko Txapelketa ere jokatu dut jubenil mailan, espainiar selekzio seniorrarekin ere jokatu nuen… Dena oso azkar izan da. Ematen du lau urte asko direla, baina ohartu gabe pasatu zaizkit.

 

Abiadura moteldu da ala berdin jarraitzen du?

Berdin-berdin doa. Abiadura azkarrean jarraitzen du.

 

Hain abiadura azkarrean, disfrutatzeko parada izaten duzu?

Gustatzen zaidana nago egiten eta disfrutatzen dudalako ari naiz jokatzen. Bestela ezingo nuke jarraitu. Ordu asko dira entrenatzen. Kanpotik agian ez du ematen, baina ordu asko sartzen ditugu entrenatzen. Ez baduzu disfrutatzen oso gogorra egiten zaizu.

 

Presiorik sentitu duzu?

Ez, presiorik ez. Pixkana-pixkana jokatzen hasi nintzen. Ez nintzen kontziente ezta ere gorengo mailan nenbilenik. Ahalik eta gehien disfrutatzeko agindua ematen didate.

 

Liga, Kopa, Champions, EHF Cup, Superkopa… Non jokatzea falta zaizu?

Jomugan izan dezakedan helbururik handiena da espainiar selekzioaren deialdietan sartzea. Iazko ekainean jokatu nuen eta saiatuko naiz hemendik aurrera hautatzailearen planetan sartzen.

 

Pertsonalki, etorkizunean pentsatu duzu? Zeure burua Bera Beran ikusten duzu?

Oraingoz, ez dakit. Etorkizun batean ez dakit non egongo naizen, ezta zer egingo dudan ere. Ikasketetan zentratuta nago eta karrera bukatu nahi dut. Zeren eta kanpora ez banoa, ezingo naiz eskubaloitik bizi. Une honetan ikasketei garrantzi gehiago emango diet, hemen ez baita posible eskubaloitik bizitzea. Oso jokalari gutxi daude bizi izan direnak, beraz ez dakit zer egingo dudan.

 

Ligan oso ondo zabiltzate, lidergoan eta Rocasa, bigarren sailkatua, bi puntura. Nolako sentsazioarekin iritsi zarete atsedenaldira?

Liga oso luzea da, oraindik asko falta da eta edozer gerta liteke. Pentsamolde berdinarekin jarraitu behar dugu, hau da, partidu guztietan irabaztera joatearekin pentsatu behar dugu, ez besterik.

 

Bera Berak berrikuntza trantsizioa ondo egin al du? Hau da, beteranoenak erretiratzen joan dira baina gazteenak ere txapelketan lehiatzeko prest daudela ematen du.

Bai, oso talde gaztea daukagu eta gero eta gazte gehiago ari dira gurekin entrenatzen, taldeko edo goi mailako dinamikan sartzen. Horrek etorkizunean konfiantza gehiago hartzen lagunduko die.

 

EHF Cup txapelketari dagokionez, ze hausnarketa egiten duzue?

Uste dut zozketan zorte txarra izan genuela. Zeuden talde guztietatik aurkari zailena tokatu zitzaigun. Azkenean fisikoki igartzen zen Bretainiako taldea gu baino askoz indartsuagoa zela eta hobeto zeudela. Frantzian eskubaloiari garrantzi gehiago ematen zaio, hemen baino. Brest Bretagne bigarren mailan zegoen iaz eta izugarrizko zaleak dauzka, eta zeresanik ez kirol instalazioei buruz. Inbertsio handia egin dute.

 

Atsedenalditik bueltan, neurketa zailagoak izango dituzue, Rocasaren aurka, kasu.

Ematen du urtarrilaren 14a urrun dagoela, baina atsedenaldi honetan eta Gabonetan gogor entrenatu beharra daukagu, ez baitugu erlaxatzeko tarterik. Liga asko geratzen da oraindik eta irabaztera joan behar dugu.

 

Uste duzu, oraingoz, Kanaria Handiko Rocasa dela zuek estu har zaitzaketen talde bakarra?

Ez, inola ere ez. Edozein taldek ezustean harrapatu zaitzake eta ezin gara erlaxatu.

 

Agian neurketarik zailenak etxetik kanpo izango dituzue. Zuazo eta Guardes ondo ari dira, adibidez.

Bai, beraien kantxan zaleek animatzen dituzte, indartu egiten dira eta presioa izan dezakegu.

 

Presioa duzue Liga irabazteko?

Kar, kar. Presioa ez dakit, baina bai, jendeak gure alde egiten du apustu.

 

Bera Bera izenak asko egiten du?

Bai, eta bestalde, ordu asko sartzen ditugu entrenatzen eta lanak bere fruituak ematen ditu.