Asier AIESTARAN
PILOTA

Ezkerti bikoteak bide onetik ekin dio lehiaketari

Irribarria-Rezusta bikoak garaipena lortu du, gorabehera gehiegi izan dituzten Elezkano-Zabaletaren kontra.

IRRIBARRIA-REZUSTA 22

ELEZKANO II.A-ZABALETA 17

 

Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak garaipenarekin ekin diote aurtengo Binakako Txapelketari. Askoren ustez, lehiaketako bikoterik indartsuena izan daitekeenak 22-17 menderatu zuen Danel Elezkanok eta Jose Javier Zabaletak osatutako bikoa Zumarragan, nahiz eta joko maila ostiralean Zestoan eta larunbatean Lizarran ikusitakoa baino apur bat kaskarragoa izan.

Bezperan Remontivalen gertatu bezalaxe, Zumarragan ere hasierako tantoetan bikote galtzailea hobeto hasi zen, eta batez ere Danel Elezkano bizkaitarrak amaitu zituen hainbat jokaldi ikusgarri. Zehazki, 2-7 aurreratu ziren urdinak, eta lortu zituzten aurreneko sei tantoak Zaratamoko aurrelariak egindakoak izan ziren: hiru zabalean, beste bi txokoan eta seigarrena sakez.

Hortik aurrera, ordea, indarrak asko berdindu ziren eta, batez ere, Elezkanok distira hori erabat galdu zuen. Beñat Rezusta ere norgehiagokan sartzen joan zen apurka-apurka eta, urdinen akatsak tarteko, neurketa kolore gorria hartzen hasi zen. Urdinek nola-hala lortu zuten 8-10ekora arte markagailuan agintzea, baina gorrien bost tantoko partzial batek 13-10 ipini zituen aurretik, eta partida amaierara arte ez zioten alde horri ihes egiten utziko.

Zabaletak errebotea eraman

Hala ere, markagailua oso estu ibili zen azken txanpara arte. Jose Javier Zabaletak behin baino gehiagotan asmatu zuen Rezustari pilota zailak ipintzen, eta merituzko pilotakadak ere jo zituen: txalo gehien jaso zituena, zalantzarik gabe, 14-13koan eraman zuen errebotea, aspaldian oso gutxi ikusi izan dugun jokaldia, hain zuzen ere. Zabaletaren beste pilotakada eder batek 14-14koa igoarazi zuen markagailura, eta Elezkanok egindako erremate batek, ia bakarra lehen txanparen ostean, 15-15ekoa.

Baina urdinak defentsan trakets antzean ibili ziren tanto batek –Elezkano oso atzetik pilotak airez eraman nahian ikusi genuen– sakea eman zien berriz gorriei, eta hauek bost tantoko beste takada bat sinatu zuten, Iker Irribarriaren tanto onenak tartean, baita Zabaletaren beste pattalaldi bat ere.

20-17ra etorri ziren urdinak, baina Irribarriak ederki itxi zuen neurketa garaipena arriskuan ikusi aurretik. Hain zuzen ere, Aramako aurrelariak gogoan izan zituen hil berri den bere osaba eta haren senideak, Realeko jokalaria den Aritz Elustondo bere lehengusua tartean. Lortutako garaipena haiei eskaini nahi izan zien, batez ere.

Beñat Rezustak, seguruenik laukoteko pilotari onenak, puntuaren balioa nabarmendu zuen: «Hasieran kosta egin zaigu partidan sartzea, baina gero Iker eta biok nahiko txukun ibili garela uste dut. Eta Txapelketa oso luzea den arren, hasieratik puntuak batzen joatea garrantzitsua da, lehiaketa patxadaz hartu ahal izateko».