Ariane KAMIO
GETARIA
Elkarrizketa
UXUE ALBERDI
IDAZLE ETA BERTSOLARIA

«Bizi ahal izango nintzateke argitaratu gabe edo plazan bertsotan egin gabe, baina ez kontatu gabe»

Uxue Alberdi (Elgoibar, 1984) kulunka amaigabe bat da. Bertsolaritzaren eta literaturaren artean dagoen itsasadarra, bi uren artean murgildurik dagoen olatu konstantea. Etenik gabeko sorkuntza da, itsasoaren albo banatan aise igerian aritzen dena, «Besarkada» (Elkar) forman batzuetan.

Zer iradokitzen dizu besarkada batek?

Nire ustez besarkada bat bada norbaiti eskatzea zu eutsi zaitzala. Batzuetan behar izaten dugu gure gorputzari kanpotik mugak jartzea norbaitek, edo gu osatzea. Niretzat zentzua dauka baldin eta gero askatzeko bada; ezin gara betirako geratu besarkada batean.

Historia kuriosoa da. Haurdun zinenean idatzi zenuen.

Idatzi nuen garai hartan jaso nuelako behar nuen besarkada bat, eta etorri zitzaidan gogo hori besarkada bat hitzez jartzekoa. Idatzi nituen kopla horiek eta gelditu ziren etxean, kajoi batean. Handik denbora batera, umea jaiota zegoela eta hilabete batzuk pasatu zirela, Mikel Laboaren “Sorterriko koplak” doinuan grabatu genituen kopla haiek etxean. Une batean pentsatu nuen ematen zutela grafikoki lan bat egiteko ere, eta segituan Maite Gurrutxaga etorri zitzaidan burura. Bere ilustrazioak ezagutzen nituen eta nire koplak bidali nizkion, ea zer iruditzen zitzaion. Elkartu ginen eta segituan esan zidan baietz.

Testua sinbolismoz beteta dago, naturari erreferentzia asko egiten zaizkio eta besarkada bera era desberdinetan irudika daiteke testuan zehar.

Bai, eta nire asmoa bazen hori. Ez pertsonaia batzuk sortzea, baizik besarkada harrapatzea. Alde horretatik, ilustrazioa ondo dago; Maitek irudikatu du besarkada bat, kasu honetan ume batek aitari eskatzen dio besarkada hori, baina besarkada hori izan daiteke dena delako bi pertsonaren artekoa. Eta sinbolismoa bai. Besarkada bezalako keinu bat harrapatzea hitzetan ez da gauza erraza. Gehiago joan behar zara iradokitzera.

Bizkaiko kopla zaharren moldea erabili duzu.

Bai. Lehenengo bi lerroetan natur irudiak baliatzen dira. Hirugarren puntuan datorren ideia indartzera edo hurbiltzera datozen natur irudiak izaten dira.

«Besarkada» bilduma ilustratua da, baina berez helduentzat egina da.

Ez da umeentzako bakarrik. Merkatua hain sailkatuta dagoenez, zuk esan behar duzu non sailkatu nahi duzun zure lana. Nik “Besarkada” ez nuen idatzi helduentzat edo haurrentzat. Besarkada bat da. Beste guztiak dira literaturaz kanpoko sailkapenak. Badakigu ilustrazioko lanak automatikoki beti lotzen direla umeekin. Beste gauza bat da haur kanta edo lo kanta bezala ere funtziona dezakeela –liburuko koplak musikatuak ere izan dira–.

Gure etxean balio du.

Gurean ere bai. Eta uste dut balio duela. Baina era berean balio dezake pertsona heldu batek beste heldu bati oparitzeko. Gehiago zen esatea ilustratua den guztia ez dela umeentzat.

Ez zarete hori defendatzen duten bakarrak. Maite Gurrutxagak berak orain egun gutxi aurkeztu du «Martin» lan berria, Alaine Agirrerekin idatzia. Baita Miren Amurizak ere, Irati Egurenek ilustratua –«Bainera bete itsaso»–. Izan daiteke haur eta gazte literatura desprestigiatuta dagoela?

Desprestigiatuta dago haurren mundua. Egiten da literatura, eta gero egiten dira azpisailkapenak. Desprestigiatuta dago haur eta gazte literatura, desprestigiatuta dago literatura femeninoa deitzen dena. Ez da literatura. Desprestigiatuta daude haurrak, emakumeak… Eta egingo balitz zaharrentzako literatura berdina pasatuko litzateke. Gauza hauek dira literaturaz kanpoko gauzak. Nik idazten dudanean ez dut gauza horietan pentsatzen, are gutxiago ez neukanean argitaratzeko intentziorik.

Are gutxiago pentsatuko zenuke Euskadi Saria irabaziko zenukeenik orduan.

[Barreak] Ez dakit norbaitek espero duen horrelako sari bat, baina nik behintzat ez. Ez dakit kategoria bakoitzean zenbat izendatzen dituzten, baina haur eta gazte literaturakoen artean nire hiru liburu zeuden: “Besarkada”, “Bi kobazulo” eta “Lur beldur”. Bat-batean ikusten dituzu norbaitek baloratu dituela zerbaitegatik, baina zuretzat duela bost urte idatzitako testuak dira eta “Lur beldur” argitaratu zenean berriro irakurri behar izan nuen ez nintzelako gogoratzen zer idatzi nuen.

Esan daiteke euskal literaturan badagoela elitismo kutsu bat? Literatura –narratiba edo poesia– literatura da eta beste guztia bigarren mailakoa?

Nik egia esan ez daukat perspektiba handirik konparaketarako. Euskal literaturaren sistematxoa pixka bat ezagutzen dut, baina ez dakit zenbat bereizten den beste literaturetatik. Gure txikian, iruditzen zait gauza batzuetan hobeto gaudela, generoari dagokionez, adibidez.

Euskal literaturan, gure txikian, formatu eta estilo, genero desberdinentzako lekua badago argitalpen aldetik. Gero zenbat irakurle dituzten horiek beste gauza bat da. Argitaratzen diren lan batzuk oso jende gutxiren eskuetara iristen dira gero, baina egia da ere hor daudela.

Argitaletxeen gogoa eta idazlearena. Nondik idatzi nahi duen sortzaileak eta zer komeni den gehiago.

Euskal idazle gehienen kasuan bakoitzak idazten du nahi duena edo ahal duena. Egiten dakiguna edo ateratzen zaiguna. Euskaraz idazten dugun momentutik argi dago ez dugula egiten aberasteko edo honetatik bizitzeko. Hori bada garantia bat alderdi literariotik.

Lehenengo alaba jaio zenean sentitu nuen benetan zerk betetzen ninduen eta nahi nuen idatzi eta bertsotan egin. Horretarako indarra ateratzea ja nahikoa da. Eta horrek asetzen nau. Orain nirea egiten saiatzen naiz, niri inporta didana da inporta zaizkidan istorioak ahalik eta ondoen kontatzea, hizkuntza zorroztea, ideiak zorroztea… Horren bila noa.

Nobelak idatzi dituzu, ipuin bildumak, azkenaldian pailazoekin lotutako liburuak ere bai. Zure lekua bilatu duzu literaturan?

Niretzat literatura ez da leku bat, ez da nonbait, ez da plaza bat non nik leku bat topatu behar dudan. Nik nire aritzeko modua bilatu nahi dut bizitzan eta horretan ari naiz. Eta hori ez da zerbait estankoa, baizik eta etengabe egiten dudan galdera. Niretzat erabaki inportantea izan zen 2011n apustua egitea ahalik eta denbora gehiena eskaintzearena idazteari eta bertsotan egiteari. Lehen kazetari lanetan ere aritzen nintzen, eta asko gustatzen zitzaidan, baina ez da pasio bat nire kasuan. Gehiago apasionatzen nau literatura idazteak edo bertsotan egiteak. Eta halako aukeraketa bat egin nuen. Idazten ditudan gauza guztietan saiatzen naiz nire onena ematen.

Orain nobela bat idazten ari naiz. Bi urte daramatzat dokumentatzen eta beste urtebete idazten eta oraindik beste urtebeteko epea ematen diot neure buruari. Konturatzen naiz lehenago egindako guztiak balio duela, baina aldi berean istorio bakoitzak eskatzen dizula forma desberdin bat; lehenagokoak ez du balio oraingoan. Egongo dira idazle batzuk argi dutenak ze estruktura eman nobelari, ze ahotsetatik kontatu, zer kontatu eta zer ez. Eta ni konturatzen naiz nire zailtasun handi bat hori dela; istorio handi baten arkitektura osatzea. Borroka horiek dira asetzen nautenak. Erraza izango balitz ez luke zentzurik edukiko. Oteizak esaten zuen moduan, «egiten baldin badakizu, zergatik jarraitzen duzu gauza bera egiten?». Idazten jartzea da etengabe jartzea nire mugekin aurrez aurre eta nire mediokridadearekin.

Nik uste sekretua dagoela pentsatzea baino ‘nire lekua topatu behar dut bertsolaritzan edo literaturan’, egunez egun zure lekuan gustura egoteko zer behar duzun kontziente izatea.

Epeak jartzeaz aritu zara. Zeure buruari epeak jartzeak segurtasuna ematen dizu?

Ez naiz zentzu horretan epeak jarri zalea. Neure buruari epea jartzen diot ja proiektua ikusten dudanean. Istorioa osorik badakit, badakit zer kontatu behar dudan, zati bat kontatuta daukat, estruktura badaukat eta hemendik aurrera geratzen zaidana da lana. Idaztea, ontzea, mamitzea. Bukaera bat ikusten diot eta gutxi gorabeherako epe bat jartzen diot. Bestela ez. Bestela egunerokotasunean nabil eta lan bat bukatzen dudanean ez dut jakiten hurrengoa zein izango den.

Burutazioen zain egoten zara?

Badut jarrera bital bat txikitatik. Nire munduan egoteko modua gauzak kontatzearekin lotuta dago. Emozioak, beldurrak, inguruan ikusten ditudan istorioak ulertzeko, barneratzeko, prozesatzeko, kontatu egiten ditut. Badakit kontatzen jarraituko dudala. Ez dakit zein formatutan, argitaratuko dudan edo ez, baina jarraituko dut. Garai batzuetan, gazteagotan, une bat egon zen bai bertsoa eta bai literatura egoari lotuago bizi nituena; eta bazirudien idazten duzun hori zarela, eta hori egiteari uzten badiozu... desagertu egingo bazina bezala. Hor ere egin dut ibilbide bat, eta oso kontziente naiz ni ni naizela, eta gero idatzi egiten dut, edo bertsotan egiten dut. Uste dut bizi ahalko nintzatekeela argitaratu gabe edo plazan bertsotan egin gabe, baina ez kontatu gabe.

Beharrizan naturala da zuretzat gauzak kontatzea. Bertsolaritza eta literatura mekanismoak dira bide horretan?

Oso desberdinak dira, ia antagonikoak. Nire izaeraren bi parte oso desberdin asetzen dizkidate bertsolaritzak eta literaturak. Badaukat parte bat ilunagoa dena, tristeagoa dena, bakartiagoa dena, beldurtiagoa dena, azaleratzea kostatzen zaidana. Jendartean triste, ahul, beldurti, inseguru azaltzea asko kostatzen zait.

Eta zeini ez?

Bai. Niri behintzat bai. Idazleren bati entzun nion esaten idazle bakoitzaren atzean badagoela ume bakarti bat. Eta ni horrekin identifikatua sentitzen naiz. Idazten hasi nintzen haurtzaroan modu terapeutiko batean. Nire minak nituen, nire ezin konponduak, badaukat sentsazioa haurtzaroan oso presente neukala tristura. Oso gutxitan hitz egiten dugu umeen tristeziari buruz eta ume bat triste dagoenean tristurak osorik betetzen du. Heldutan beste perspektiba bat daukazu, mekanismoak bilatzen dituzu hortik ateratzeko, baina umetan askoz menpekoago zara berez, eta hor bai irakurketa, irakurketa batez ere, eta geroago idazketa… etxean sentitzen nintzen. Momentu txarretan beti sentitu izan dut liburuak beti egongo direla hor. Segurtasun handia ematen didan zerbait da. Eta orain ere, baxualdiak ditudanean edo ahulago nagoenean, ohartzen naiz nola lotzen natzaion idazteari eta irakurtzeari. Babesleku bat da.

Eta bertsolaritza abiatu zen kontrakotik. Izan naiz eta banaiz oso jendartean egotekoa, lagunekin egotekoa, oso berritsua naiz, askotan protagonismorako joera ere badaukat eta lotuta daude bi aldeak. Bigarren hori garatu nuen nire tristuratik ihesi. Batzuek parranda edo kirola etengabe egiten duten bezala, nik ere nolabaiteko autismo sozial bat baneukan. Irteteko barne zurrunbilo horretatik laguntzen zidan lagunartean egoteak eta horri lotuta kantua ere beti izan zait oso askatzailea.

Konturatzen naiz bertsotan egiteak on egiten didala, asko dibertitzen nau. Zure beldurrez askatzen zarenean, erridikulua egiteko beldurretik edo txurian geratzeko beldurretik, juzgatua izateko beldurretik, lortzen duzunean horrek gain ez hartzea, bertsolaritza oso ariketa askatzailea da, zeren inprobisazioa eskatzen du etengabe, egokitzea momentura, jende desberdinarekin egotea eta horrek asko betetzen nau. Elkar orekatzen duten bi zeregin dira nire kasuan bertsolaritza eta literatura.

Bertsolaritzako beldurrez hitz egin duzu, eta literaturan amildegi berbera ikusten duzu?

Kritika txarrak ez ditut ondo eramaten, iruditzen zait denoi asko kostatzen zaigula. Zerbait publikoki egiten dugun momentutik kritikak beti egongo dira hor eta gehienetan onak izaten dira eta txarretan kateatuta geratzen gara. Ni lasaitzen nauena da jakitea ahal dudan ondoen egin dudala. Argitaratu berritan etorriko zait beldur hori, baina idazten ari naizen bitartean ez naiz horretan pentsatzen ari. Badakit dena eman behar dudala, eta ematen dudala, eta hor eroso nago.

Bertsolaritza literatura da?

Ez zait inporta. Ahozko literatura da. Ez dut esan nahi literatura denik bertsolaritzari prestigio bat emateagatik, badirudielako literaturak badaukala prestigio bat bertsolaritzak ez daukana. Eta bertsolaritza bere horretan bada nahikoa heldu. Niretzat arte bat da, bat-bateko bertsolaritzaz ari garenean. Bertso idatziak poesiatik oso gertu daude, poesia molde bat dira, eta poesia literatura bada bertso idatziak ere badira. Bat-bateko bertsolaritza beste zerbait da; lotua dago performancearekin, lotua dago momentuarekin, inprobisazioarekin, gorputzak presentzia handia du. Ez da bat-bateko bertsolaritzarik existitzen gorputzik gabe, kanturik gabe, ahotsik gabe.

Prestigiatu egin da bertsolaritza azken urteetan?

Uste dut baietz. Hamar urte daramatzat plazan eta nire perspektiba ere nahiko laburra da. Baina uste dut argi dagoela bertsolaria figura bezala euskal kulturan badela nor. Iritziak idazten dituzte egunkarietan, twitterlari ezagunak dira, kanpaina politikoetan agertzen… Badira jendearentzako erreferente.

Hurrengo urtean da Txapelketa Nagusia. Errespetu gehiago ematen du hitzordu horrek besteekin alderatuta?

Bueno, ni ez naiz egongo, aurreko Gipuzkoako Txapelketan ez nuen abestu eta nagusian ez dut parte hartuko. Badira bost urte ez dudala txapelketan kantatzen eta ez dakit berriz kantatuko dudan ala ez.

Parte hartu izan duzu...

Parte hartu izan dut eta oso gaizki pasatu ere bai. 2011n izan nuen inflexio puntu bat eta hura izan zen nire azken txapelketa. Aurkeztu nintzen nire alaba jaio berritan, ia batere lorik egin gabe eta oso baldintza txarretan eta aurkeztu nintzen beldurra neukalako bertsolaritzan ‘neukan lekua’ galtzeari. Niretzat oso lezio inportantea izan zen ez iristea finalerdietara, ez klasifikatzea Euskal Herriko Txapelketa Nagusira, nolabait halako beldurra nion hori gertatzeari, eta aurrez aurre jarrita jakin nuen, ‘listo, hau da gertatzen dena kaka egiten baduzu txapelketa batean’. Erabaki nuen oro har bizitzan ez nuela ezer egin nahi beldurretik, ez nuela kantatu nahi beldurretik eta ez nuela idatzi nahi beldurretik.

Egia da txapelketan besteak entzuten ere sekulako angustia sentitu dudala eta gero begiratu eta pentsatu izan dudala, ‘ni hor egon naiz?’. Orain egon naiz hiru bat urte txapelketari begiratzen niola halako beldur batekin, nigandik urruti, eta azken hilabeteetan berriz ari naiz sentitzen ez dudala baztertzen txapelketara aurkeztea. Bertsolaritza gaur egun estrukturatuta dagoen moduan, txapelketak oso zentralak dira eta egia da bertsolari gehienek beren burua estutzen dutela txapelketen agenda horren harira. Eta zu ez bazaude hor beti jarraitu dezakezu lanean, baina zaude…

Aparte?

Batetik, hor dago eskaparatearen kontua, baina uste dut nahi baduzu sor ditzakezula beste eskaparate batzuk. Bertsotan aritzen zarenean demostratu behar duzu bizirik zaudela une oro –uste dut Amets Arzallusi entzun niola hori–. Txapelketaz kanpoko eskaparateak ere sortu behar dira. Eta bestea da lanaren erritmoa. Txapelketa bat prestatzeak lana eskatzen du. Presiorik ez daukazunean oso golosoa da inertzietara ohitzea eta lan egingo duzu, baina gutxiago. Idazten ari naizena amaitzen dudanean bertsolaritzari beste estutualdi bat eman nahi diot. Lan egin nahi dut, iruditzen zaidalako oraindik ez dudala nire onena eman bertsotan.

Badirudi bertsolaritzari besarkada eske ari zarela.

Ez. Alderantziz. Bertsolaritza besarkatzeko gogoa daukat. Orain arte egon naiz nire ‘elbarritasun’ horren barruan bizirauten, etxeko martxari lotua. Azken bost urteetan nire indarren %20 eskaini diot bertsoari, eta nire intentzioa da ahalduntzea eta nahi dut iristea une batera non nire indarren %40 edo %50 eskainiko diodan bertsolaritzari. Ardura hartzea bertsolari bezala nire onena eman ahal izateko.