Maider IANTZI
BILBO

Zortzi txapel buruan, zortzi buru txapel batean; zortzi aukera zabalik

«Espresa» izan da batzuentzat; «oso luzea» bertzeentzat. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ailegatzear da azken saltora, irudi gisa duen zabua bezala, «xume, alai eta olgetarako gonbita eginez». Etxahun Lekue, Jone Uria, Beñat Ugartetxea, Xabat Galletebeitia, Onintza Enbeita, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal igoko dira Miribillako oholtzara, ilusioz, zortzikote parekide eta ederra osatuz. Xabier Amurizak jantziko dio txapela irabazleari.

Animo handiak eman dizkie Xabier Amurizak bertsolariei. «Badakit une hori zer den. Garrantzitsua da zuentzat, geuretzat ere bai». Bertso munduko erreferente handiak, bertsolaritzari iraultza ekarri zionak, plazetatik erretiroa hartu du –«bestelakoetatik ez»–. Eta «ezin biribilago eta hunkigarriago» amaituko du urtea txapeldun izanak, larunbat honetan Bilboko Miribillan jokatuko den finaleko garaileari txapela jarriz.

«Zortzi txapel buruan, edo zortzi buru txapel batean. Zortzi aukera dagoz». Txapeldun berria izanen du Bizkaiak, zortzietako edonor.

Amuriza ondoan zutela, finalistak Bilbao Arenan bildu ziren atzo, plaza honi tamaina hartu eta itxura hagitz ederra duen saioa aurkezteko. Kantukideak dira, lagunak ere bai, eta giro onean ari dira solasean. Irri batzuk ere egin dituzte argazki saioan posatzen. Ilusioz beteta daude denak, osatu den taldearekin kontent.

Etxahun Lekuerentzat txapelketa «espresa» izan da; hamabost egun dira barneratu zela. Sentsazio onak ditu. Bera da finalik gehien jokatu dituena eta urteen poderioz lortu du «urduritasuna eta tentsioa minimora jaistea» eta «ilusionatuta sentitzea». «Bi horien nahasketa bada saio on bat egiteko klabeetako bat», erran zuen aita izan berri dela-eta lagunen zorionak jaso zituen larrabetzuarrak. Ibon Ajuriagojeaskoak ere, txapelketetatik kanpo denboraldi bat igaro ondotik, estutasunak utzi eta «disfrutatzea lortu» du.

Jone Uria ere kontent da egindako lanarekin eta errepikatu nahiko luke, baita hobetu ere. 26 urte izanagatik, laugarren finala du. Aurtengoari duela sei urteko bere lehenengo finalaren antza hartzen dio: «Faborito bi ez ziren egon eta bost finalista berri sartu ziren, tartean Beñat [Ugartetxea] eta ni. Txapelduna berria izan zen». Bere ustez, ardurak banatuago izateak politago egiten du finala.

Ugartetxeak aipatu zuen final hartara «espero barik» ailegatu zela, baina orain gehiago eman nahi duela. Jokatzera doa.

Txapelketaz kontzienteago

Xabat Galletebeitia ohituta dago «behe-behetik hasten». Baina aurreko finalean egon izanak aukera eman dio finalaurrekoetan sartzeko. «2014an ez nuen pentsatzen heltzerik. Zazpi aktore nagusiko obran kameo bat egiten bezala sentitu nintzen». Oraingoan, ordea, hor egon nahi zuen. Gogotsu dago.

Azken bi finaletara Madriletik lurreratu zen Onintza Enbeita; aurten, aunitzez kontzienteago bizitzen ari da txapelketa. Erantsi zuen duela hamar urte lehen finala jokatu zuenetik hona bera heldu den bezala heltzen joan dela bere bertsokera eta ikasi duela, adibidez, metaforekin baino hobea dela gauzak zuzenean erraten. «Lehen gu ginen gazteenak. Orain zaharrenak gara eta publikoak beste gauza batzuk exijitzen dizkigu. Guk ere bai geure buruari».

Lau emakume eta lau gizoneko proportzioari eusteak egiten dion ilusioa aipatu zuen, baita irabazteak eginen liokeena ere. «Amurizak txapela janztea luxua bider bi izango litzateke».

Jakina, Miren Amurizarentzat ere ederra litzateke aitarekin argazki hori ateratzea, bertsoez harago, beren bizitzako «itxiera eta zabaltze polit bat» litzateke. «Oso-oso luze egin zait txapelketa –aitortu zuen–. Duela bi urte finaletik kanpo geratu nintzenean hasi zen». Egindakoarekin gustura dago, pozik 4-4 proportzioarekin eta bera parte den belaunaldi aldaketarekin.

Nerea Ibarzabalek, finalean berria izaki, «caballito blanco» gisa aurkeztu zuen bere burua, baina hori finalean «oso ebidente» izaterik nahi ez duela erantsiz. Aspaldi hasi zen berarentzat ere txapelketa, apirilean. «Ez nuen pentsatzen finalera heltzerik eta pausoz pauso, begirada urrunegi ipini barik» iritsi da. Animo zortziei!