Ariane KAMIO
DONOSTIA
Elkarrizketa
RAMON SAIZARBITORIA
IDAZLEA

«Euskaraz oso gauza txarrak ere egiten dira eta beharbada kritikak oraindik asko barkatzen du»

Gipuzkoako Urrezko Domina jaso bezperan, Ramon Saizarbitoriak (Donostia, 1944) euskal literaturaz eta euskaraz hainbat hausnarketa osatu ditu, euskal munduaren beharrei, beldurrei, aristokraziari eta kritikari erreferentzia zuzena eginda.

“La educación de Lili”-ren azalagatik galdetu nahi dizut.

Juanba Berasategi laguna dut eta… Iritsi zait adierazi nahi duela Lili «Lolita» bat bezala. Hori esan didate. Nik neuk ez diot hori ikusten.

Horrexegatik doa galdera. Hain zuzen, “Lili eta biok” aurkeztu zenuenean esan zenuelako Lili ez dela «Lolita» bat.

Hori horrela da. Zuk ere hori ikusten duzu?

Bai.

Gantxo bezala agian…

Gustura zaude itzulpenarekin?

Bai.

Eta biharkoa [gaurkoa]? Prest duzu?

Bai. Baina irakurri egin beharko nuke entrenatzeko. Aspertu egiten naiz neure gauzak irakurtzen. Irakurri gabe joaten naiz eta gero hutsak egiten ditut. Baina egin dut bai, konpromisotik pasatzeko. Garaiko batailak eta abar.

Belaunaldi bati saria.

Uste dut hori esan dutela. Eta ni, nobelagile aktiboagoa naizen aldetik. Ibon Sarasolaren lana minoritarioagoa-edo den aldetik. Zaharrena ere banaiz belaunaldi horretakoa. Mikel Lasa agian ni baino zaharragoa da, baina aspaldi erretiratuta dago. Uste dut horregatik emango zidatela niri.

Ibon Sarasola…

Ibon Sarasola da nire kintakoa. Sarasola, Arantxa Urretabizkaia eta ni izan ginen Lur-eko nukleoa. Gero beste batzuk ibiltzen ziren sartu-irtenean gehiago, Kintana, Patri Urkizu. Baina epizentroa Donostia zen urte haietan. Donostian bazen belaunaldi zaharrago bat, Serafin Baroja eta [Antonio] Arzak eta Martzelino Soroa. Donostiak eman ditu idazle urbanoak, ez direnak oso estimatuak izan beharbada euskararen aldetik ez direlako izan oparoenak edo aberatsenak, Donostiako euskara kaskarra erabiltzen zutenak. Baina izan du hiri honek euskal literaturarekin zerikusia. Horretaz hitz egingo dut.

Beraiei erreferentzia eginez.

Bai. Donostia. Gipuzkoa Plaza euskararen erdigune jarriz. Eta atzera begiratu beharra. Akordatzea nondik gatozen. Hori ahaztu egiten zaigu askotan, gure egoera txarra dela esaten dugunean batez ere. Orain dela 50 urte non geunden? Ez zen hitz bat euskaraz entzuten.

Garai okerragoak baina agian konpromiso gehiagokoak. Lasaitu egin da egoera?

Bai. 60tik 70erako hamarkadan konpromisoa handia zen. Bada anekdota polit bat. Madrilen bizi den euskal herritar erdaldun bat joan zen behin bertako Euskal Etxera eta ondoko mahaian eseri ziren euskarazko klaseetara joandako batzuk. Ikusi zuen hangoak zirela, eta galdetu egin zion bati: «Nongoa zara?». «Ni, madrildarra». «Eta nolatan euskara ikasten?». Eta erantzun omen zion: «Tengo unos amigos en Donostia y les quiero dar una sorpresa». Pentsa madrildar batek lagunekiko harremanagatik zer egin zuen eta hori hemen ez da transmititzen.

Gutxieneko atxikimendu bat.

Izan da ere euskara antipatiko egiteko ahaleginik. Niri hori gertatu zitzaidan “Hamaika pauso”-n. Daniel Zabalegik, hiltzera daramatenean, kaperan dagoenean, nahi du ohar bat idatzi historiaren aurrean zerbait uzteko. «Aberria ala hil». Ez daki «h»-z idazten den edo ez eta azkenean ez du idazten.

Hausnarketa gehiago egin behar genuke horien inguruan. ETBko lehendabiziko katea, askotan neuri egiten zait zaila ulertzea, hasten direnean bizkaiera itxian eta azkar, edo alderantziz. Ari da sortzen halako harrokeria bat euskalkiarekiko. Beren buruak bereiztu nahi dituztenak, jatorrago eta modernoago sentitzen direnak. Gehiengoak hala moduz hitz egiten duelako bereiztu nahia.

Bereizteko behar hori literaturan ere sumatzen duzu?

Literatura beste kontu bat da. Literaturan dena da libre. Nik neuk batua egingo nuke. Eta uste dut idazlearen lana dela euskara batuari bultzada ematea. Nola lortu ez izatea hain neutroa. Txistea egiteko euskalkira jotzen dugu. Ez dugu lortu batuak malgutasun hori edukitzea maila sozial diferenteetan adierazteko. Nik uste dut oraindik batuari atxiki beharra dagoela, oraindik indar gutxi daukagula adar gehiegitan zabaltzeko. Are telebistan. Literaturan edozer gauza da libre.

Lehen Gipuzkoan bazegoen espontaneoki Tolosako hizkerara jotzekoa. Kontrakzioan deseginez, euskara neutroago batean. Ahalegin espontaneoa zen. Orain, berriz, alderantzizkoa. Pentsa nola hartuko duen hori eskolan euskaldundu den mutiko batek. Ezin badu telebista publikoa ikusi, ba, zuk esango didazu!

Jendeak ez du amaren bularretik hizkuntza jasotzen. Gaur egun leku askotatik jasotzen da eta asko eskolatik. Beraz, izan gaitezen emankorragoak. Ibon Sarasola ere bere azken liburuan oso kritiko agertzen da.

Batuaren alde...

Hori baino gehiago, euskalkien kontra. Reprimitu! Mundu guztian gertatzen da hori. Andaluzian ez liokete estadio bati izena andaluzieraz idatziko San Mames Barria bezala. Zeure etxean nahi duzuna, literaturan nahi duzuna…

Literaturan ere bai?

Bai, nobelan nahi dena. Hori librea da.

Esparru bakoitzeko erregistroak zehaztea falta zaigu?

Gero beste gauza bat gertatzen da. Bada aristokrazia bat edo kasta bat euskaraz egiten duena beren bizitza, bada belaunaldi bat euskaraz ikasi duena, etxean euskaraz egiten duena, lanean euskaraz egiten duena. Hori dago perfekzioan. Gehiengoak, berriz, ez dugu hori lortzen. Gure hasierako ahuldadeak aipatu gabe, ez genuela euskaraz idazten ikasi, analfabetoak izan ginela 19 urtera arte. Jende baten eskakizunak betetzea zaila da. Geu sentitzeraino ahul aristokrazia horren aurrean. Beharrezkoa da aristokrazia hori hizkuntzak aurrera egin dezan baina toleranteagoa behar luke izan.

Eliteak daude?

Hori da. Elitea dago. Eta nik onartzen dut behar dela elitea bidea markatzeko eta ereduak emateko eta abar.

Horrek eragiten du lobbyak sortzea euskararen inguruan?

Hori idaztearekin pasatu zaigu. Lehen kristo guztiak idazten zuen edozein modutan, oso toleranteak ginen testuen aurrean. Baina gero aukeraketak egiten hasi ginen. Uste dut gure arazoa dela pentsatzea egoera honetatik libratu garela, normaltasuna iritsiko dela, eta nik uste dut ezetz; gure egoera beti izango dela, larria ez esatearren, berezia. Eta gutxi daukagula ikasteko handien ereduetatik. Ez digula ezertarako balio. Katalanena barne. Ez du zerikusirik gurearekin. Gurea oso rollo berezia da, eta soluzio bereziak behar ditu. Behar dugu imajinatiboak izan. Eta kritikoak, oso kritikoak. Baina urduri jarri gabe. Kritikotasun lasai bat, amable bat.

Baina kritika egiteko prest gaude?

Etsaiak ere badaude. Zure ahuldadeak erakusten badituzu, gainean dituzu. Zaila da. Nire aldetik ere izan naiteke ingenuo samarra. Baina gezurrak, disimuluak… Ez dugu PISA beharrik eguna iristeko. Burbuila guztiak lehertzen dira.

Horrek ekarri du euskal literaturan eliteak egotea? Prestigio desberdina dute nobelagileek edo haur literaturan idazten dutenek.

Normala da.

Zergatik?

Dickens umeentzat da? Edo gazte literatura da? Ez da. Uste dut faltsua dela marra hori. Literatura ona eta txarra dago.

Eta euskal literaturaren barruan onartzen da lan txarrak badaudela?

Kritika faltaz ari zara. Hori aldatuko da. Lehen gutxi ginen. Euskaraz idazteak bere meritua zuen. Baina euskaraz oso gauza txarrak ere egiten dira eta beharbada kritikak oraindik ere asko barkatzen du. Gure izateko modua ere bada. Kritika ez da iristen txarra behar bezalako indarrarekin kritikatzera baina onari ere laudorioak nahiko neurtuak dira. Txikiak gara ere. Denok ezagutzen dugu elkar…

Beldurra?

Bai. Ez dut justifikatu nahi. Baina uste dut hori ere amaitzear dagoela.

Duela 50 urte, euskarazko argitalpenak urriagoak zirenean…

Dena kontrolatzen genuen.

… zuen artean kritikak bazeuden?

“Egunero hasten delako” bidali nion ordurako euskaraz pisua zuen idazle bati. Eskuizkribua gainera. Uste dut makinarik ere ez nuela erabiltzen. Ahalik eta letra onenarekin koaderno batean bidali nion eta halako ohar batzuk egin eta esan zidan ez nuela oso euskara txukuna.

Bueno… eta gero Ibon Sarasolari eman nion. Ikusi zuen bazuela zerbait. Baina berridazten lagundu zidan. Harrapatu zuen bazegoela hor freskura bat edo esanahi bat eta lagundu egin zidan idazten. Liburu bat argitaratzea festa zen. Zenbat afari liburu bat argitaratzeko! Orduan ez genuen ezer espero, inguruko lagunei gustatuz gero pozik.

Eta orain zer espero duzu?

Orain zer espero? Kontua da besteek zer espero duten nigandik. Hori egin zait aspergarria.

Eta bihar [gaur] jasoko duzun Gipuzkoako Urrezko Dominarekin pozik?

Pozik… Ba, apuroa gehiago. Ahaldun nagusia, alkatea, diskurtsoa irakurri beharra, aho lehorra. Poza? Diputazioan biltzen diren indar politikoek ez ikustea nire kontra ezer, onartzen nautela, bere bizitzan ibilbide bat egin duen tipo bat naizela, hori eskertzen dut. Pozten nau. Baina ez dut oso serio hartzen. Uste dut jendeak onartzen duela ez naizela beharbada oso sinpatikoa baina borondate onez ibili izan naizela mundu honetan.

Zuretzat idazle bezala zein da errekonozimendurik handiena?

Hor bai harrapatzen nauzula. Joder musika honekin gainera negar egingo dut [ironiaz]…

Kalean gerturatu izan zait norbait eskerrak emanaz eta iruditu izan zait benetan ari zirela. Beraz, pentsa dezaket batzuk behintzat, gutxi izango dira, baina batzuk denbora batean nirekin egon direla. Eta liburua bukatuta, eskertu egin dutela. Pentsa dezaket izan dudala irakurlerik eta nire mundu horretan disfrutatu, tristatu edo bizi izan direla. Beharbada hori.