Amagoia MUJIKA
BILBO

Etxahun Lekuek zabuari sendo eutsi eta txapela jantzi du

Etxahun Lekuek jantzi du Bizkaiko txapela. Xabat Galletebeitia eta biek eman zuten pausoa aurrera azken buruz burukoa josteko. Bien artean gora ekarri zuten finala, zein baino zein aritu ziren. Etxahun Lekuek, baina, oso sendo eutsi zion zabuaren sokari eta Xabat Galletebeitiak irrist egin zuen kartzelakoan poto mingarri bat eginez. Xabier Amurizak jantzi zion txapela Lekueri, ez bertso batez, elegante jositako hizketaldi batez baizik.

Buruz burukoaren aurreko kinielak oso irekiak ziren. Azkenean, baina, Etxahun Lekuek eta Xabat Galletebeitiak egin zuten pausoa aurrera saioko azken txanpa josteko. Ordura arte Etxahun, urduritasuna hankapean hartu ohi duena, normalean baino urdurixeago igarri bazen ere, ordutik aurrerakoan zabura igo zen eta ez zion Xabati igotzen utzi, nahiz eta lekeitiarra saiatu zen beteranoa txinbotik botatzen.

Hain juxtu hori izan zen buruz buruko lehenengo ariketaren haria, zortziko txikikoa. Jolas parkean zebiltzan bi umeren azalean, Etxahun zabuan jaun eta jabe eta Xabat, zain, bestea noiz jaitsiko.

«Zabuan zabiltza hor ilusioz lepo/ baina badut gogoa neuk ere pozteko/ eta sasoia duzu Etxahun ikusteko/ gazteago garenoi lekua uzteko». Eta, Etxahunek, erantzun: «Lehena jezarten da hori da legea/ ta korrika nazenez benetan trebea/ epe erdia trankil dot hau da ardurea/ gaur nire txanda da ta bihar da zurea». Eta azkenean horixe gertatu zen, atzo Etxahun Lekueren txanda izan zela eta bere zortzigarren finalean eta hirugarren buruz burukoan txapela jantzi zuela.

Buruz buruko kartzelakoan eguneko gaiari lotu zitzaion Lekue, atzoko atxiloketei. Hauxe zuten gaia: telebista piztu duzu eta bera ikusi duzu. Sinestu ezinda zaude. «Igual sinestu eneban eingo baten batek baleust kontau/ baina agertu da albistegitan ta ni kopetilun rirau/ Baionan batzuk alkartu dira era politean dirau/ ze lege eta ze arau (bis)/ euren egoerak kezkatu eta arduratu egiten nau/ baina nire ustez era hortako jendeak aldatuko dau/ hankaz gorako mundu hau», bota zuen hirugarrenean.

Xabat Galletebeitiak final benetan bikaina egin zuen, ariketaz ariketa langile eta zorrotz. Aipatzekoa da, gainera, Lekeitio aldetik etorritako lagunek nolako berotasunez aupatu zuten etengabe –bera eta gainontzeko bertsolariak–. Buruz buruzko kartzelakoan, baina, poto bat egin zuen eta horren penarekin eseri zen berriz aulkira, bere buruari maldizioka. «Gora galtzaileon kluba geure akats eta dohai/ bizitza erortzea da baina altxatzea ere bai», bota zuen azken agurrean.

Xabier Amurizak jantzi zion txapela txapeldun berriari. Jendea zain-zain egon zen, Amurizak bertsoa botako ote zuen. Baina ez zuen kantatu, hitz ederrez lotu zion txapela buruan. «Ez dot esango zeu beste pozten naizenik. Baina bai esango dut nire bizitzan mugarri dohatsu bat izango dela zuri txapela jantzi izana. Badakizu esaera; txapela buruan, ibili munduan. Ez daukazu ibili beharrik beti txapela buruan, bakarrik opa deutzut ibil zaitezela txapelduna zarela igartzeko moduan».

Txapeldunak bai, kantatu zuen azken agurra txapela buruan zuela. «Lehen eupada senide lagun ta etxeko lau izarrontzat/ gogoan dodaz bertso eskola ta eguezteneroko aitortzak/ hasikerako maisu zirenak ta gaurko ikasle zorrotzak/ Almeriaraino joan-etorriko bisitaldia indau nire ahotsak/ ta berez doble pozten nauenez inguruko danen pozak/ bigundualdibat hartu berri dau nire harrizko bihotzak/ hau euskal kultur zein herrigintzan gogoz zabizienontzat/ txapel bana ta gehiau merezi dau zuetako bakotxak».

 

Sailkapena

Etxahun Lekue

930 puntu

Xabat Galletebeitia

893,5 puntu

Jone Uria

549,5 puntu

Onintza Enbeita

538 puntu

Ibon Ajuriagojeaskoa

535,5 puntu

Nerea Ibarzabal

534 puntu

Miren Amuriza

531,5 puntu

Beñat Ugartetxea

510,5 puntu