Amagoia MUJIKA
LARRABETZU
Elkarrizketa
ETXAHUN LEKUE ETXEBARRIA
BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

«Buruz burukorako nire izena entzun nuenean, bigarren aukera bat eman nion nire buruari»

Larrabetzuarrak jantzi du aurten Bizkaiko txapela. Ospakizunetan asko luzatu gabe, etxeko lau izarrekin etxeratu zen goiz samar. Berandu lokartu eta goiz itzartu, finaleko tentsioa eranztea kosta egiten delako. Pozik dago txapelarekin, nahiz eta aitortzen duen saioko lehen partean arraro sentitu zela eta ez zuela espero buruz burukora pasatzerik. Behin buruz burukoan, betiko pausaje segurua erakutsi zuen.

Trankil topatu dugu txapela jantzi eta biharamunean Etxahun Lekue. Pozik txapelarekin eta pozik bera txapeldun ikusita hainbeste jende poztu dela sentituta.

Saioa arraro hasi zenuen, lekua ezin topatu bezala.

Bai, egia da sentsazio arraroa izan nuela. Ez neukan urduritasun handiaren sentsaziorik, baina bai asmatu ezina, lotu ezina. Ariketa bat pasatzen zen asmatu barik; hurrena iristen zen eta berdin... horrela pasatu nuen lehen parte osoa. Ez dakit kontzentrazio kontua edo urduritasun kontua ote zen, baina zeozer bazen.

Buruz burukorako kinielak askotarikoak ziren eta horietako askotan ez zen zure izenik agertzen.

Nik ere nire kiniela egin nuen eta ez nuen nire burua hor ikusten. Xabat ikusi nuen beste guztion gainetik eta berari ere aipatu nion ez erlaxatzeko, beste ordu erdiko beharra izango zuela. Eta bigarrena ez neukan garbi, baina ez nuen pentsatzen ni izango nintzenik.

Eta zure izena entzun zenuenean?

Poztu nintzen, baina egia da sentsazio arraroa izaten dela zuk espero ez duzunean zure izena entzutea. Izan ere, espero ez baduzu esan nahi du beste kide batzuek zuk baino hobeto egin dutela sentitzen duzula. Baina nire izena entzun nuenean, nire buruari bigarren aukera bat eskaini nion. Ordura arte nire bertso mailatik nahiko urrun ibili nintzela sentitu nuen eta horrelako plaza batean horregaz etxera bueltatzea ez da plater gozoa. Tira, baneukan bigarren aukera bat sentsazio horri buelta emateko.

Finala bukatutzat ematen duzu eta bat-batean, minutu pare batean, berriz kantuan txapelerako lehian. Psikologikoki ez da ariketa samurra, ezta?

Ez da kontzienteki egiten duzun gauza bat, oso denbora tarte arina delako. Izena esaten dutenetik lehenengo gaia jartzera minutu bi pasatzen dira asko jota. Arnasa hartu nuen, ingurukoen animoak jaso nituen eta aurrera. Eta asko eskertzen diet, esana nielako nire finaleko lanak bukatu zirela uste nuela. Ez dakit zein izan zen faktorea, baina lortu nuen ordura arteko gorputzaldia aldatzea eta azken txanpan disfrutatzea.

Buruz burukoan Etxahun zabura igo zen eta parkean jaun eta jabe aritu zen.

Buruz burukoko hiru ariketetan gustura sentitu nintzen. Zortziko txikian, parkeko umeen gaia egunerokoan oso presente daukat, hurbilekoa dut eta uste dut biok dezente asmatu genuela. Seiko motzean ere gustura aritu nintzen. Aurretik justu entrenamenduan aritu ginen esaten seiko motzekoak oso gai bereziak izaten direla, oso txapelketari eta momentuari lotuak eta umorerako bidea ematen zutenak. Eta uste dut asmatu genuela. Egia esan, buruz burukoan ordura arte eman ez nuen hori ematea zegoen nire buruan.

Kartzelakoan Luhusoko atxiloketak ekarri zenituen gaira.

Bakarka errealitateari lotutako gai gutxi izaten dira txapelketan. Oso gai zabalak izaten dira. Baina gaia entzun eta segituan etorri zitzaidan Michel Berhocoirigoinen irudia. Ez dut pertsonalki ezagutzen, baina bada entzun izan dudanean atentzioa eman didan pertsona. Oso tipo argia iruditzen zait, konprometitua, komunikatzaile ona... Irudi hori etorri zitzaidan eta segituan hasi nintzen bidea eraikitzen. Eta gustura gelditu nintzen bertso horiegaz.

Arratsaldeko lehen agurrean aipatuak zenituen atxiloketak.

Egia esan hasierako agurrarena berezia izaten da eta mimoz prestatzen da. Beste bertso bat neukan prestatuta, baina goizean albistea entzun nuenean pentsatu nuen baten batek aipatu behar zuela hori. Zeozer pentsatu nuen eta besteei galdetu nien ea baten batek zoritxarreko albistea aipatzeko asmorik ba ote zuen. Besteren batek kantatu behar balu, prestatuta neukan agurra kantatuko nuen. Baina agurrean esan nuen bezala, konpromiso handiak hartzen dituen jendea dagoenean, guri ere konpromiso txikiak hartzea tokatzen zaigu eta horixe izan zen nire ekarpena. Nik horrela bizi dut bertsogintza.

Xabier Amurizak jantzi zizun txapela, baina ez zuen bertsorik bota.

Ez nekien zer egingo zuen, baina susmoa neukan ez zuela bertsorik botako. Gauzak modu ordenatuan egitea gustatzen zaio eta berak garbi dauka plazan botatako bat-bateko azken bertsoa zein izan den. Berak esandako berbek asko emozionatu ninduten. Neuri tokatu zitzaidan eta ohore bat izan zen.

Eta zure harrizko bihotzak bigundualdi bat hartu omen zuen.

Bai, hunkitu nintzen eta ez da erraza ni hunkitzea. Harrizko bihotzarena esan nuen sanoa delako norbere buruaz barre pixka bat egitea.