Nagore BELASTEGI
USURBIL

Amaitu da Kalera Kalera ekimena, baina dinamikak aurrera egingo du

«Bizikidetza eta bakea geroratzen dituzten oztopo guztiak gainditzea» premiazkoa dela adierazi zuten atzo Usurbilen bildutako preso eta iheslari ohiek. Horretarako, iraganeko legediak deuseztatzeko eskatu zuten. Helburua, «presoak era ordenatuan kaleratzen joatea» eta iheslari zein deportatuak Euskal Herrira «inolako errepresaliarik gabe» itzuli ahal izatea. Era berean, duela bederatzi hilabete erakutsitako euren konpromiso eta elkartasuna berretsi zituzten.

Eguerdia zen eta Usurbileko plazan mila pertsona inguru zeuden bilduta, gehienak preso eta iheslari ohiak, hilabetez luzatu den Kalera Kalera ekimenari agur esateko. Ekimenari babesa emanez parte hartu duten gainontzeko herriei zein Usurbili berari eskerrak eman ondoren, frontoian lo egiteko muntatutako karpatik pasatu diren guztiak ere izan zituzten gogoan. Guztiei esker presoek jasaten duten egoera plazaratu ahal izan dute.

«Ekitaldi honek amaiera ematen dio preso ohion protagonismoari», esan zuten. Baina horrek ez du esan nahi sortu duten dinamika eten egingo denik. «Kalera Kalera etorkizuna da, kalera irtetea eta ahalik eta azkarren guztiak kalera ateratzea du helburu. Azken batean, Kalera Kalera kartzelak husteko eta bakea eta askatasuna irabazteko erronka da», aipatu zuten guztien izenean euskaraz, gazteleraz eta frantsesez.

2016ko martxoaren 13an elkartu ziren Usurbilen lehen aldiz hainbat lagun euren konpromisoa, borroka, elkartasuna eta babesa adierazteko asmoz. Bederatzi hilabete geroago euren konpromiso hori berretsi zuten atzo. «Oso argi daukagu zein diren aurrean ditugun eta ziklo politiko bat ixtearen beharra adierazten duten erronkak», adierazi zuten. Erronka nagusi bezala eremu soziala artikulatzea azpimarratu zuten, alegia, «bortxazko gatazkaren ondorioen konponbide integrala helburu izango duen espazio demokratiko humanitario handi bat» eratzea.

Preso ohien hitzetan, «urgentziazkoa» da «bizikidetza eta bakea geroratzen dituzten oztopo guztiak gainditzea». Horretarako beharrezko jotzen dute iraganeko legediak deuseztatzea eta «preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herri batera eramango gaituen agenda sozial, politiko eta instituzional bat garatzea».

Usurbilera gerturatu zirenentzat «salbuespenezko espetxe politika eta legediak aurreko ziklotik datozen zentzugabekeria handiak dira», alegia, biziarteko zigorra legeztatzen duen 7/2003 Lege Organikoa, Auzitegi Nazionala bezalako espazio judizialak, “Langraiz bidea” deiturikoa edo FIJAIT (Fichier judiciaire national automatisé des auteurs d'infractions terroristes) bezalako fitxategi antiterroristak. Guztiak ere «garai berriaren nahiz bakearen kontra doaz».

Egun gaixorik diren presoak zein adinekoak kartzelan mantentzen dituzte, eta, gainera, dispertsioa zein zenbaketa bikoitza bezalako eskubide urraketak jasan behar dituzte. Horiek «konpondu beharraren inguruan lortu den adostasun zabaletik harago, ezinbestekoa da bakea eta konponbide integrala erdiestera bideratutako kontsentsu sozial, politiko eta instituzional berriak eraikitzea», iritzi zuten.

Kontsentsu horren baitan bi helburu aipatu zituzten. Alde batetik, «presoak era ordenatuan kaleratzen joatea» aplikazio orokorreko baldintzapeko kaleratze aurreratuen bidez, eta, bestetik, «iheslari zein deportatuak Euskal Herrira inolako errepresaliarik gabe itzuli ahal izatea».

Agerraldian ez zituen oraindik preso edo ihesean dauden kideak ahaztu eta guztien borondate eta sentsibilitateak batuko dituzten ekimenak garatzeko konpromisoa hartu zuten, «enfrentamendu zikloaren konponbide integral eta justu baten bila».

Hasteko, datorren larunbatean Bilbora joango direla iragarri zuten, kaleak «maitasunez eta elkartasunez» betetzeko. Mezua bertan egon ezin izan zuten kideei zuzendutako hitzekin amaitu zuen: «Bihotzez eta konpromiso militantez, askatasun eremu honetatik besarkada iraultzaile sendo bat bidali nahi diegu kartzelan, ihesean eta erbestean diren kideei. Maite zaituztegu!».

Goizaldera arte festa

Agerraldi masiboa frontoiaren atzean egin zuten, plaza zabalean. Ekimenean esan zutenez «milaka esperientzia» bizi izan dituzte Kaleraguneak iraun duen hilabetean, baina, gauzarik politena, «patioko lagunak» berriko ikustea eta beste kide batzuk ezagutzea izan da.

Frontoian hotzetik babestu dituen karka handia oraindik ere zutik zegoen, eta aurreko eguneko parrandaren aztarnak ere bistakoak ziren oraindik. Izan ere, aurreko gauean doako kontzertuak izan ziren bertan.

19.00etan hasi zen festaren parte izan ziren Su Ta Gar-eko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastida, Tajon Prieto y los Kuajalotes, Esne Beltzako Xabi Solano, Gu Geu, Guda Dantza, Ze Esatek!, Izeberg, Anje Duhalde, Zaparra, Pelax, Keu, Kezka, Garilak 26, DJ Miau, Skakeitan taldeko Peio eta Olatz, eta Physis Versus Nomo.

Oiartzun, bertsotan euskal presoen alde

«Azkena izan dadila» desioarekin, berriro antolatu zuen atzo urteroko bertso saioa Etxerat elkarteak Oiartzunen. Preso eta iheslarien aldeko jaialdiak jende andana bildu ohi du eta atzo ere berdin gertatu zen Elorsoro kiroldegian. Oraingoan Amets Arzallusek, Sustrai Colinak, Andoni Egañak, Igor Elortzak, Alaia Martinek, Arkaitz Oiartzabal Xamoa-k, Julio Sotok eta Jone Uria Albizurik hartu zuten parte. Unai Elizasu, berriz, gai-jartzaile lanetan ibili zen. «Hasi da azken bertso saioa izatea nahi dugun ikuskizuna!», zabaldu zuen Etxeratek Twitterren. Andoni CANELLADA | ARGAZKI PRESS