Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Euskarak toki handiagoa behar du telebista publikoan

Hala ebatzi du Estatu Kontseiluak, France Televisions-en emisio orduen urritasuna euskararekiko «diskriminatzailea» dela argudiatuta. Euskal Konfederazioak auzibidearen «lehen garaipentzat» jo du deliberoa.

France Televisions Estatu frantseseko telebista publikoen enpresak euskarari presentzia «ezin tipiagoa» ematen ziola ikusita, Euskal Konfederazioak (EK) 2013ko hasieran gutuna igorri zion egoera hori konpontzeko zer egiteko prest zegoen galdetuz. Legeak finkatzen duen bi hilabeteko epea inoiz heldu ez zen erantzunaren zain igaro ostean, Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileak biltzen dituen konfederazioak auzibideari ekitea deliberatu zuen.

Hala, maiatzaren 21ean France Televisions taldearen aurkako salaketa jarri zuen hizkuntza eskubideak urratzen zituela nabarmenduta. Izan ere, korsikerak urtean 95 ordu, bretoierak 65 ordu eta alzasierak beste 92 ordu zituzten bitartean, euskarak apenas bi orduko tartea zuen urte osoan. 2013tik gauzak zertxobait aldatu badira ere, oraindik ere presentzia «oso eskasa» duela irizten dio EK-k, «minutu guztiak batuz, 10 oren baino gutiago» emititzen baititu urtean zehar.

Pariseko Administrazio Auzitegiak 2013ko ekainaren 26an ez zuen ontzat eman EKren eskaera «erregioetako kulturen promozioa ez zela botere publikoen ardurakoa» argudiatuta. EK-k helegitea jarri zuen arren, bi urte geroago Dei Auzitegiak ere ez zuen babestu bere salaketa. Alta, joan den abenduaren 30ean Estatu Kontseiluak erabat bestelako ebazpena plazaratu du.

Zerbitzu publikoaren ardura

Batetik, «tokiko hizkuntzetan eginiko programen ekoizpen eta zabalpena» eta «dagozkien emisio denborak finkatzea zerbitzu publikoaren ardura» direla zehaztu du. Bestetik, programetan euskarari denbora gehiago ematera ukatzea «botere gehiegikeria» izan daitekeela ere esan du bere bere deliberoan.

Horiek horrela, Estatu Kontseiluak Dei Auzitegiaren erabakia deuseztu du eta auzia beste epaitegi batean berriro epaitua izan beharko da.

EK-ren aburuz, emaitza «lehen garaipen bat» izan da, baina auzitegietako prozedura biziki luze doala ikusirik, France Televisionsi eskatu dio «lehenbailehen beharrezko neurriak har ditzala euskarak telebistako zerbitzu publikoan zor zaion toki guztia izan dezan» eta euskal hiztunek beren eskubideen diskriminaziorik jasan ez dezaten.