GARA
DONOSTIA

Zohardiari eginiko 14 zuzenketa bozkagai, %62 onartuak izan ostean

Bi bozketa garatzen ari dira Sorturen birfundazio prozesuaren azken txanpa honetan. Batetik, aurretik azaldu denez, Nazio Kontseilua osatuko duten 15 kide 37 hautagaien artean erabakitzea xede duena; eta bestetik, Zohardia txostenari aurkezturiko 14 zuzenketa partzialen inguruan bozkatzekoa.

Orotara 919 zuzenketa aurkeztu zituzten Sortu birsortzeko prozesuko parte hartzaileek, lehen fasean onarturiko Zohardia txostena osatu eta hobetzearren. Kudeaketa handia eskatu du horrek, proposamen horiek aztertu, alderatu eta zenbait kasutan bildu behar zirelako. Batzuk ñabardura batzuk baino ez zekartzaten; beste zenbait, ordea, mamitsuagoak ziren. Azkenik, zuzenketa horietatik 14 jarri dituzte prozesuan parte hartzen ari diren milaka lagunen esku, bozka ditzaten.

Oso ezberdinak dira proposamenok: desobedientziaren kontzeptuaren ingurukoak nabarmendu daitezke, bozkagai den idatziak zortzi zuzenketa jasotzen baititu horri buruz. Bada ere euskal-nafar errepublikaren definizioa aldarrikatzen duena, Sortu ekologista gisa ere ezaugarritzea planteatzen duena, Europar Batasunaren ingurukoa, genero ratioari buruzkoa, liberazioaren muga zortzi urtean zehaztea eskatzen duena, kuotari buruzkoa... Hamalau horietatikzazpi oinarri ideologikoei dagozkie, sei antolaketa ereduari eta bakar bat ildo politikoari.

Prozesuan parte hartzeko interesik izanez gero, interneten bidez izena eman ostean proposamenok irakurri eta bozka daiteke, ostiral gauerdira arte (Bilboko Euskalduna jauregian egitekoa den Kongresuaren bezpera, beraz). Zuzenketa bakoitzaren ondoan, zuzendaritzak horretaz duen iritzia idatzia dago, norberaren hausnarketarako lagungarri izan daitekeelakoan.

Aurretik, ehunka ekarpenek dagoeneko helburua lortu dute, aldaketa txikiak izanik edo Zohardiarekin bat egiten zutela onetsita, zuzenean onartuak izan direlako: %62, hain zuzen ere (113 oinarri ideologikoen arloan, 117 ildo politikoaren ingurukoan eta 74 antolakuntza sailean).

Gainerako %37 alboratuak izan dira, arrazoi ezberdinak direla-eta. Proposamenak bozketara eraman ala ez zehazteko orduan, hiru irizpide hartu dira kontuan: «Zuzenketak hausnarketa, hobekuntza eta aldaketa azpimarragarria proposatzea; zuzenketak proposatzen duen ideia zuzenketa ezberdinetan proposatua izanik kide multzo baten kezka edo gogoa adieraztea; eta zuzenketa egin duen kideak hori bozketara eramateko nahia adieraztea».

Zuzenketa bat aurkeztu duten kide guztiei beren zuzenketari emandako erantzuna eta txosten orokorra (700 orrialdekoa) igorri zaie, berariaz idatzitako gutun batekin batera.