Jose Angel ORIA

Dagoeneko 45.000 lagunek utzi dute Gambia gerra arriskuaren eraginez

Hauteskundeak galdu zituen Yahya Jammehk bereari eusten zion atzo eta Adama Barrow presidenteak atzerrian jarraitzen zuen, milaka herritarrek Gambiatik ihes egitea erabakitzen zuten bitartean.

Ihes egiteko egunak dira Gambian, aukera izanez gero, Jammeh diktadorearen jarreraren eraginez. Atzo Mauritania eta Gineako Errepublikako estatuburuak hartu zituen Banjul hiriburuan, diplomaziak oraindik gerra saihesteko gaitasuna izan dezakeela erakutsiz.

Baina 22 urtez agintean egon den gizonak (estatu kolpe baten bitartez bihurtu zen agintari) tentsioa muturreraino eraman nahi izan zuen eta bezperan CEDEAO Mendebaldeko Afrikako Estatuen Elkarte Ekonomikoak ezarritako ultimatuma –atzo eguerdirako kargua uzteko exijitu zion, eraso militarrarekin mehatxu eginez– amaitu eta gero hartu zituen Mohamed Uld Abdel Aziz Mauritaniako eta Alpha Conde Gineako presidenteak.

Erbestealdi erosoa eskaini zioten bitartekariek, berak aukeratutako herrialdean. Irtenbide hori baztertuz gero, Senegalek, Nigeriak, Ghanak, Togok eta Malik Gambiako mugan dituzten 7.000 militarrek “Demokrazia berrezarri” operazioari hasiera emango liokete, Jammeh kargutik kentzeko. NBEko Segurtasun Kontseiluak bedeinkatu egin du operazioa.

Egun batean gauza bat eta hurrengoan kontrakoa esaten duen Ousman Badjie jenerala da Armadako burua. Gambiako erregimenaren zutabeetako bat omen zen gizona Barrow presidentearen inbestidura ospatzen ikusi zuten ostegun arratsaldean (sare sozialetan banatutako bideo batean ageri da), beste herritar askok egin zuten moduan. Militarrek ez zuten ezer egin ospakizun horiek zapuzteko.

Badjiek berak atzo berriz esan zuen ez dituela bere indarrak Afrikako Mendebaldeko bost estatuk bidali dituzten tropen aurka borrokara bidaliko, «gatazka politikoa delako»: «Loreak botako dizkiegu ongietorria egiteko».

France Presse agentziarekin atzo hitz egin zuen Mauritaniako diplomazialari batek adierazi zuen Abdel Aziz eta Conde bitartekariak esku hartze militarraren kontrakoak direla, beraientzat oso arriskutsua izan daitekeen aurrekaria ezarriko lukeelako.

Presidenteorde batek eta zenbait ministrok utzi egin dute Gobernua eta nazioarteko presioa gero eta handiagoa da. Zergatik ez du alde egin nahi, orduan, diktadoreak? Zergatik aurrena Barrowren garaipena onartu, eta gero egin zuen atzera? “Le Congolais” aldizkariak egiten duen irakurketaren arabera, Jammehk bere agintaldian oposizioa isilarazteko erabili dituen talde armatuek, sikarioek, ezarri zioten jarrera aldaketa. Ez zuten uste Barrowk hauteskundeak irabaziko zituenik, baina herritarrek hari eman zioten konfiantza. Jammehren inguruko taldeek ez dute inolaz ere epaileen aurrean urteotan egin dituzten gehiegikeriengatik esplikazioak eman nahi. Horregatik kargua utzi nahi ez duen agintariak irregulartasunen iltzeari heldu zion, demokraziaren putzuan ez itotzeko.