GARA
LAUDIO

Langraizen hasiko da Arabako txapelketa

Otsailaren 5ean Langraiz Okan hasi eta apirilaren 1ean Gasteizen amaituko da Arabako Bertsolari Txapelketa. Hemezortzi bertsolarik hartuko dute parte Laudioko Tunel tabernan aurkeztu duten txapelketan.

Ez dute edonolako agertokia hautatu Arabako Bertsolari Txapelketa aurkezteko. Izan ere, aurten 35 urte beteko dira Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini zirenetik, eta Laudioko Tunel tabernan egin zituen lehen urratsak –Gasteizekoarekin batera– aitzindari izan zen Aiaraldeko bertso-eskolak, 1982an. Urteurrena ospatzeaz batera, txapelketaren bidez Arabako bertso-eskolen sareak bertsolaritzan eta euskalgintzan duen balioa agerian utzi nahi du Arabako Bertsozale Elkarteak, atzo taberna horretan egindako aurkezpenean azaldu zutenez.

Oier Suarezek eman zituen txapelketaren nondik norakoak, Pedro Bizkarguenagak bertso-eskola abiatu zuten garaia izan zuen gogoan, eta Izar Mendiguren bertsolari eta Aiaraldeko bertso-eskolako kideak bertso-eskolek euskalgintzan, bertsolaritzan eta herrigintzan duten garrantzia goraipatu zituen.

Txapelketako lehenengo finalaurrekoa otsailaren 5ean jokatuko da, Langraizen. Eta apirilaren 1ean bukatuko da, Gasteizko Printzipal Antzokian. Sei finalaurrekotan egituratuko da: Langraiz, Zigoitia, Dulantzi, Legutio, Laudio eta Aramaio. Seiak areto formatuan.

Hemezortzi bertsolarik parte hartuko dute; 2015eko bost finalistek eta 2016an jokatutako kanporaketetan sailkatutako hamahiruk. Sei finalaurrekoak bi itzulitan banatuko dira. Bertsolariek bi finalaurrekoetan kantatuko dute eta bi saioen arteko puntu metaketak emango die finalean sartzeko giltza. Lehenengo sei sailkatuek kantatuko dute Printzipal Antzokian.

Arabako Bertsolari Txapelketaren berri bitarteko ezberdinen bidez izan daitekeela ere zehaztu zuten: besteren artean, Arabako Bertsozale Elkartearen bidez, www.bertsoa.eus webgunean eta sare sozialetan.