GARA
GASTEiz

Michelineko langile ohi guztiei Europako jurisprudentzia aplikatzea eskatzen dute

EAEko Auzitegi Nagusiak Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia aplikatu dio Gasteizko Michelin enpresan aldi baterako lanean zegoen langile bati. Horren ondorioz, bere kontratua bukatutzat ematean, indemnizazioa lan egindako urte bakoitzeko 12 egunekoa izatetik 20 egunekoa izatera pasatu da. LAB sindikatuak ohar batean esan zuenez, hori baliatu behar da Michelini kalitatezko enplegu finkoa eskatzeko. Izan ere, enpresak langileari kontratu ebentuala produkzio-gorabeherengatik egin zion duela ia urtebete, eta enpresak jakinarazi zion kontratua bukatutzat ematen zuela 12 eguneko kalte-ordaina eskainiz.

LABek horren kontrako salaketa aurkeztu zuen eta orain Auzitegi Nagusiak Europako Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia berria aplikatu ahal zaiola ebatzi du; horrenbestez, kalte-ordaina 20 egunekoa izan beharko da.

«Euskal Herrian eremu industrialean jurisprudentzia hori aplikatzen duen sententzia aitzindarietako bat izan daitekeelakoan gaude», esan zuen sindikatuak. Hala, gogora ekarri zuen Michelinen hamarka langile ohi egon daitezkeela egoera berean eta, beraz, enpresari eskatu zioten hemendik aurrera Europako jurisprudentzia hori zuzenean aplikatzeko, bai egungo langileei, baita azken urtean egoera horretan egon diren langile ohi guztiei.