GARA
LEITZA

Urteko egunik ilunenen ondotik, tupustean, Leitzako atsaureen besta

Atso-aguretik dator «atsaure» izena eta gizonak emakumez eta emakumeak gizonez janzten zirela adierazten du. Duela hamar urte leitzarrak herriko inauteria bereziak berreskuratzen hasi ziren. Orain, bizirik eta osasuntsu daude «iote» zaharberrituak.

Neguko egunik ilun-gordinenen ondotik, Euskal Herri izoztuan, bat-batean iritsi da inauteria. Badira besta zaharrak, Europako herri zaharretan ospatzen direnak, eta badira jai berriak, mundu zabalean, modu zabalean ospatuak. Bada, Alke kultur elkarteak dioenez, biak uztartzen dira Leitzan.

Atzo, Zaldun-iote egunean, kuadrilla irudimentsuek osatutako gurdien igarotze harrigarriak dira ospakizun berrien adibide; larunbateko, gaurko eta biharko auzoetako eskea, aldiz, gordetako usadio zaharra da, hagitz maitea leitzarrentzat. Atsaureen kalejirak bukatzen eta borobiltzen du besta, antzinako usainak eguneratuz, atso edo agure bihurtuz, lumak, maskarak, adarrak, zankoak eta ttuntturroak jantziz, jendea zirikatuz, kilimak sortuz eta irria zabalduz.

Neguko besta aske hauek abuztukoak baino maiteago zituzten lehen herritarrek. Gero gainbehera latza gertatu zen, diktadurak ezarritako debekuaren eta jazarpenaren ondorioz. Duela hamar urte Ihauterizaleak taldea sortu zen eta, Alke kultur elkartearekin batera, garai bateko ohiturak zaharberritzeari ekin zion, adinekoei egindako elkarrizketetatik abiatuta. Garai batean, ez zen gauza handirik behar izaten atsauretzeko, nahikoa zen aurpegia estaltzea, oihal batekin edo kortxoarekin ongi-ongi belztuta. Bihurrikeriak egiten zituzten, aurpegia estalita ez zirelako lotsatzen.

Kalejira eta eskea

Adinekoen testigantzetatik hartu zituzten Leitzako bereizgarri diren jantzi eta osagarriak ere, biharko atsauretuen kalejiran ikusiko diren txano luzeak eta zankoak, adibidez. Urtez urte arrakastatsuagoa da aspaldiko kalejira hau. Gero eta lagun gehiagok parte hartzen du eta euskal inauterietako gero eta pertsonaia gehiago berreskuratzen ari dira.

Sormenetik eta bat-batekotasunetik aunitz dute inauteriek, eta, zer erranik ez, atsaureek. Hala, sekula ez da jakiten zenbat lagun elkartuko den, nondik etorriko diren edo non sartuko diren kalejiran.

Gaur, goizeko bederatzietan, gazteak Aurrera parean elkartuko dira Gorriztaran, Arkixkil, Sakulu eta Erreka auzoetara eskean joateko. Baserritarrek parez pare ireki ohi dizkiete ateak, jan-edanik goxoenak eskainiz musika eta irrien truke. Giroa hagitz berezia izaten da.

Bitartean, herrian, umeak izanen dira protagonista. Kalejira koloretsu bat eginen dute musikaz alaiturik. Ondotik, txokolate jana eta goxokiak izanen dituzte. Eta, eguna bukatzeko, iluntzean eta gauean, Joxe Mendizabalen musika emanaldia.

Bihar, Erasote auzora joanen dira gazteak eskean. Umeentzat, aldiz, puzgarri eta jokoak izanen dituzte prest goiz eta arratsalde etengabe jostatzeko.

Aurrerako bazkideen bazkaria ere izanen da. Atsaureek, berriz, Atekabeltzen eginen dute otordua. Arratsalderako jokoak antolatu dituzte pilotalekuan; jarraian aipatutako atsaureen kalejira etorriko da, ezustez betea; eta azkenik Gabenara taldeak jarriko du musika. Asteazken arratsaldean umeentzako ikuskizuna izanen da.

Hemen dira naturaren zikloarekin bat egiten duten bestak. Mozorrotu, zomorrotu, atsauretu, biziberritu eta gozatu!