GARA
DONOSTIA

Bertsolaritzaren liburutegia sarean jarri du Xenpelar Dokumentazio Zentroak

Bostehun liburu eta artikulu baino gehiago beha daitezke sarean. Bertsolaritzaz gain, ahozkotasunari eta munduko kantu inprobisatuari buruzko material ugari bildu du liburutegiak.

Bertsolaritzari buruz argitaratutako liburu eta aldizkariekin, 1991tik aurrera, liburutegia antolatu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak; ordutik hona lan ugari bildu dira, bai bertsolaritzaren inguruan, baita ahozkotasunaren eta munduko kantu inprobisatuen inguruan ere.              

Liburutegian jasotako ikerketa eta bestelako lanak edozeinen eskura daude dokumentazio zentroan bertan, baina orain arte, baliabide faltagatik, ezin izan da interneten ikusi liburutegiari buruzko informaziorik.

Azkenean, aurten lortu da liburutegiko katalogoa Bertsolaritzaren Datu Basean txertatuta interneten erakustea, bdb.bertsozale.eus/web/liburutegia/bilaketa helbidean.

Erreferentziak

Bertsolaritza eta kantu inprobisatuei buruzko ikerketak laguntzeko asmoz, datu-base akademikoetan gai honi buruz dauden artikulu eta liburuen erreferentzia bibliografikoak ere jaso dira. 900 argitalpenen berri bildu ahal izan da, eta etorkizunean bilketa honekin jarraituko du Xenpelarrek.

Aurrera begira, liburutegian hainbat hobekuntza egin nahi dira: liburuen mailegu sistema ezartzeko baliabideak bilatu nahi dira, eta udal liburutegien zerbitzuarekin bateratzeko aukerak aztertu, erabiltzaileei erraztasun handiagoak emate aldera.