Maitane ALDANONDO
DONOSTIA

Ekimenetan eta dokumentu berrien bilketan urte oparoa izan du Eresbilek

Eresbil musikaren euskal artxiboak 2016ko jardueren balantzea ezagutarazi zuen atzo. Erakundeko zuzendari Jon Bagüesen esanetan, «urte emankorra» izan da, bai jarduera kopuruei bai katalogatutako edukien bilketari dagokionez. Izan ere, 9.000 ekarpen baino gehiago eta zazpi funts berri barneratu baitituzte. Iazkoaz gain, aurtengoaz ere aritu zen, Musikastean Pablo Sorozabalen suite bat lehenengoz entzuteko aukera izango dela iragarriz.

Ekarpenez betetako urtea izan da 2016a Eresbil musikaren euskal artxiboarentzat. Hala esan zuen Jon Bagües erakundeko zuzendariak, joan den urteak emandakoak errepasatu eta aurtengoak ekarriko duenaren berri emateko atzo egindako agerraldian. «Arraro samarra da Eresbilek hilabetero ekimenen batean parte hartzea», aitortu zuen. Izan ere, antolatzaile lanetan edo beste erakunde batzuekin elkarlanean, egitasmo ugaritan parte hartu du. Hainbat, Donostia 2016ren inguruan, “Ez dok hamahiru hitzez hitz” edo “Corale” kasu; baina hortik kanpo ere izan dute zereginik.

Unean uneko ekintzez harago, oparoa izan da ere ondarearen zabaltzeari dagokionez. Iaz 9.000 ekarpen berri baino gehiago bildu zituzten eta inbentariatutako kopurua 243.475 dokumentukoa da: 109.945 ikus-entzunezkoak dira, 89.655 partiturak, 19.008 liburutegikoak eta bestelakoak. Beste erakunde batzuekin dituen harremanak baliatuz, pilatu ditu edukiak, dokumentazio trukaketa sistemaren bidez.

Eresbilen jarduera nagusia euskal musikagileen lanak biltzea da, eta iaz 368 partitura gehitu zituzten, batzuk egileek eurek bidaliak. Guztira 33.245 dituzte, ia erdia musika koralekoak. Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sustatuta gauzatzen ari diren dantzari buruzko artxiboa «kontsolidatu» egin dela adierazi zuen zuzendariak. Jada, euskal dantza tradizionalaren jaialdiei eta emanaldiei buruzko 425 bideo zinta berreskuratu eta digitalizatu dituzte, horien edukiak zehaztuta.

Bisita eta eskaera gehiago

Datu horietan ez daude zenbatuta dohaintzan edo lagapenean sartu dituzten zazpi funts berriak. Horien artean, Aitor de Goiricelaya antzerki zuzendariaren fondoa eta Saski-Naski dokumentazio albuma nabarmendu zituen Bagüesek. Lehenak hainbat antzezlanen musika bobinak eta dokumentazioa jasotzen du; bigarrena, berriz, dokumentu bakarra da, 1928-1932 urteen artean Donostian egin zen jatorrizko “Saski Naski” ikuskizunaren programa, argazki eta prentsa ebakinek osatutako liburua.

2016a urte «garrantzitsua» izan zen funtsen gida eta dokumentu-bildumak ere aurkeztu baitzituzten azaroan. «Orrialdeen orrialdea» bezala definitu zuen Bagüesek, eta otsailerako osatzea espero dute, 170era iritsiz berezko orrialdea duten funtsen kopurua. Bisita gehien jaso zituzten orrialde tematikoak Sarriegirena (9.781), Usandizagarena (4.877), Guridirena (4.336) eta Arana Martijarena (3.284) izan dira, euskal diskoetxeei zuzendutakoarekin batera (5.273). Eresbilen web orriak, aldiz, 492.300 bisita jaso zituen iaz –2015ean baino %88,05 gehiago–, 49 herrialdetatik. Bestalde, dokumentuen eskaera kopurua ere hazi egin da, 91 gehiago, gehienak posta elektroniko bidez jaso zituzten(%43).

Sorozabalen suite galdua

Datozen hilabeteei begira, dokumentuen funtsetan zentratuko direla aurreratu zuen erakundeko buruak. Angel Segura barakaldarraren funtsean lanean dihardute, gitarrarako egindako zazpi mila partiturak baino gehiagok osatua.

Lanean jarraitzeko, otsailean Mintzola eta Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin hitzarmen berria sinatzea espero dute. Hilabete berean Music Library Associationek –Musika liburutegien Estatu Batuetako Elkargoa– Orlandon (AEB) egingo duen bilkuran parte hartuko du, baita Musika Liburutegien Nazioarteko Elkarteak ekainean Rigan (Letonia) egingo duenean.

Urtero legez, maiatzean Musikasteren 45. edizioa egingo dute. Jaialdiaren fundatzaile Andra Mari abesbatzak bere mende erdiaren ospakizunak amaituko ditu abeslari ohien omenezko kontzertu batekin. Halaber, jaialdi bukaerako emanaldian, Pablo Sorozabalek “Jai alai” (1941) film galdurako idatzitako 20 minutuko suite sinfoniko korala entzungo da lehenengoz. Horri lotuta, musikariari eskainitako web orrialdea aurten kaleratu nahi dute. «Ez dakigu denbora emango digun. Merezi du, Sorozabalen ukitua duen urtea izango da».