2017/02/12

Hogei edizio, «mingain puntako harrotasuna» lekukoan pasatzen

Duela 37 urte hasi zen Korrika, mahai baten inguruan sortutako ideia. AEK diruz laguntzeko abiatu zen egitasmoak hogei edizio beteko ditu aurten eta, horren karietara, hastapenean jardundako pertsonak omendu zituzten, atzo, Irunen egindako bazkari erraldoian. Bertan, lagun zaharrez inguratuta, Korrikaren ibilbidea gogoratu zuten.

Nagore BELASTEGI|IRUN
0212_eg_korrika3

1980. urtean abiatu zen Oñatitik lehenengo Korrika, kilometroz kilometro lortuko zena jakin gabe. Aurten 20. edizioa izango dute eta, hori dela eta, lehen Korrika hura antolatzen aritu zirenak omendu zituzten atzo, Irungo Ficoban egindako festatzarrean.

Diotenez, mahai baten inguruan sortu zen garai hartan Korrika sortzeko ideia eta, hura gogora ekarrita, bazkari batekin ospatu nahi izan zuten atzo mugarri sinboliko hori. Bertan izan ziren, besteak beste, Urtsa Errazti, Alvaro Gurrea, Bittor Allende, Xabier Aizpurua, Lourdes Mendinueta, Imanol Ostolaza, Ladis Arrosagarai, Koldo Amestoy, Lander Campo –bere aita Joseba Camporen izenean–, baita Inotsi Mendiburu ere –lekukoaren sortzaile Remigio Mendibururen izenean–.

Horiez gain, Natxo de Felipe, Bittor Artola, Julen Kalzada, Enrike Ibabe eta Josepe Zuazo euskaltzaleak omendu nahi izan zituzten, euskararen alde egindako lanagatik.

Atzoko festan 400 pertsona inguru elkartu ziren Ficoban 13.00etatik aurrera ospatu zuten festan. Pasai txarangaren erantzukizuna izan zen hasierako giroa berotzea. 14.00etan, denak mahaian eserita zeudela, Bi Zaldi bikoteak musikari ekin zion, ondoren Reyes Prados eta Ekaitz Gonzalez aurkezleek ekitaldiari hasiera emateko. Horiek 20. Korrikatik (aurtengoa) 12.era arteko errepasoa egin zuten.

Bazkariari hasiera eman zioten ondoren, eta tartean-tartean Korrikaren bilakaera gogora ekartzeko esketxak eskaini zituzten aktoreek zein musikari eta dantzariek.

17.00etan bazkalondo luzearen erdian zeuden oraindik bazkaltiarrak. Maitena Illarramendi eta bere txontxongiloen txanda izan zen orduan. Remigio Mendibururen panpinarekin batera istorio bat kontatu zuen, non artistak lekuko berri bat egin zuela esaten zuen.

Atzerakontuari ekiteko unea iritsi zen atzera. Sara Cozar eta Artzen Letona aktoreei 11. Korrikatik lehenengora artean gertatutakoaren berri ematea tokatu zitzaien azken txanpan. Tarteka Korrikako abestirik ezagunetakoak gogoratuz giroa berotzea lortu zuten.

Euskal Herri euskalduna

18.00etan iritsi zen omenaldiaren txanda. Agertokiaren ondoan zeuden eserita protagonistak, AEK-ko koordinatzaile nagusi Mertxe Mugikaren eta Korrikako arduradun Asier Amondoren eskutik.

Mugica hasi zen: «Entzun dut badela gaurko festan 1980ko udazken hartan jaio zen lagun bat. Aurten 37 urte beteko dituen emakume horrek euskara ikasi zuen, helduaroan, AEK-ko euskaltegi batean. Egun, euskaldun euskaltzalea dugu, hiztun aktiboa».

Korrikak jatorrian helburu ekonomiko argi bat izan zuela nabarmendu zuen, baita orain ere, AEK-k Euskal Herri osoan helduen euskalduntzearekin jarrai dezan. Zentzu horretan, gogoratu zuen jada 100.000 hiztun berri atera direla euskaltegietatik. «Euskal Herri euskalduna dugu helburu eta, euskaraz bizi nahi badugu, ezinbestekoa da helduen munduak ere euskaraz jardutea», azpimarratu zuen.

Amondo, berriz, Korrikaren sortzaileei zuzendu zitzaien: «Mingain puntan daramagu harrotasunez zuek eskuz esku pasatu zeniguten testigua. Ahoz aho pasatu dugu, eta pasatuko dugu laurogeiko hamarkada hasiera hartako ideia zoroa bezain eraginkorra bilakatu den mezua. Bihotzetik bihotzera egin duzue salto, baita konkistatu ere, irri batez. Horrela sortzen baita herria, irri eginez ez baitago mugiezin den harririk».

Korrikan parte hartu ohi duen edonork sentitzen duen sentimendu bat deskribatu zuen ondoren. «Euskara izan zen mugitu zintuztena, eta mugitu zineten, eta gero gu. Gu mugitu ginen, eta gutako bakoitzaren barruak mugitu dituzue. Hunkitzen gara gure herritik, auzotik edota etxe azpitik Korrika pasatzen denean», adierazi zuen.

Omenaldian orain arteko kartel guztiak erakutsi zituzten eta Peru Iparragirrek eta Kike Amonarrizek ere testu bana irakurri zuten beraientzat Korrika zer den kontatzeko. Ekitaldiari amaiera biribila emateko Pettiren kontzertuari ekin zioten.