Andoni ARABAOLAZA
EKITALDIA

EMF-ren Galansarituak eta umorea protagonistak izan ziren

Hernaniko Orona Fundazioan egin zuten CVCEk antolatutako ekitaldia. Egitarau betea izan zuen, eta EMFren zein «Pyrenaica»-ren sariak banatu ziren.

Euskal Mendizaletasunaren Galak (EMF) hogeita bat ekitaldi bete ditu dagoeneko. Donostiako Club Vasco de Camping Elkarteak (CVCE) antolatuta, azken edizioa Hernaniko Orona Fundazioan egin zuten pasa den ostiralean. Hurbildutako dozenaka lagunek gozatu ederra hartu zuten donostiarrek proposatutako egitarauarekin. Osoa, atsegina eta erakargarria. Eta hori guztia gutxi izango balitz bezala, festa hau Anjel Alkain umoristak eginiko parodia batekin borobildua egon zen.

Ostiral arratsaldean, dena pronto zegoen 19.30erako. Hasteko, aukera egon zen CVCEPHOTOren iazko irudi onenak ikusteko. Jarraian, CVCEren zein EMFren presidenteen, Txema Garairen eta Jose Ramon Alonsoren, agurren ostean, Julio Villarren eta batez ere bere “Viaje a pie, mar de nubes” liburuaren txanda heldu zen.

EMFren Galan ohi den legez, protagonismo berezia dute “Pyrenaica”-ren zein EMFren sariek. Azken hauetan makina bat saridun ez zen bertaratu.

Maite Maiorak iaz eginiko denboraldiarengatik mendiko lasterketen saria jaso zuen. Jarduera alpinistiko onenaren Andres Espinosa Saria zortzimilakoetan espezialista den Alberto Zerainentzat izan zen.

Beterano batek gazte bati lekukoa pasatu zion; hain zuzen ere, Itziar Zabalari. Honek kirol eskaladako jarduera onenaren saria, Angel Sopeña Saria, jaso zuen. Beste gazte batek ere, Iñigo Martinez de Albornozek, aitortza jaso zuen: mendiko eskiko jarduera onena (Andres de Regil Saria).

Alfredo Marquinezek Euskal Mendizaletasunaren Adiskideak Saria eskuratu zuen. Eta Amaia Aranzabalek, aldiz, emakume mendizaleei ematen dieten Loli Lopez Goñi Saria. Julio Villarrek protagonismo bikoitza izan zuen, hitzaldiaz gain, EMFk ibilbidearen saria eman ziolako.

Azken bi aitortza. Lehena, kolaborazio interesgarrienaren Antxon Bandres Saria Daniel Perezentzat izan zen. Eta bigarrena, Joxe Juan Rojok jaso zuen: iraupen luzeko ibilaldien Sheve Peña Saria.

Eta gehiago

Euskal Mendizale Federazioaren sarien banaketa amaitu bezain laster, “Pyrenaica” aldizkariarenak heldu ziren. Bat izan ezik, gainerako saridunak bertan izan ziren.

Emakumeen Blogaren sarian Miren Garmendiak aitortza jaso zuen bisita gehien izan dituen sarrerarengatik: “Viaje a Tibet. Del Campo Base del Everest a Darchen”. Eta Lorena Arrastuak - Iñaki Garciak sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea izateagatik: “Txinbeleta”. Pyrenaicako Blogaren Sariak, berriz, lehen edizioa izan du. Txemi de los Doloresek eta Arkaitz Vidalek irabazi dute. Lehenak bisita gehien izan dituen sarrerarengatik (“Últimos balcones de las Mallos desde Gaintza), eta bigarrenak sarrera gehien izan dituen kolaboratzailea izateagatik.

Mendi argazki lehiaketan, bestalde, Juan Jose Lopezek irabazi zuen “Alrededor de las Annapurnas” argazki bildumarengatik. Bigarren saria Vicente Contrerasek jaso zuen “Eremitorios”-engatik, eta hirugarrena Miguel Angel Ceberio de Leonek “Jaizkibel”-engatik.

Mendi artikuluen lehiaketan: lehen saria, Isa Casadorentzat (“Picos de Europa en vertical. Cinco vías clásicas de escalada”); bigarrena, Mila Gallastegi eta Asier Aranzabalentzat (“Penanjakan-Bromo-Semeru. Hiru egun, hiru sumendi”); eta hirugarrena, Jesus Maria de Ipiñarentzat (“El sistema del Hayal de Ponata, la gran aventura de la espeleologia alavesa”).

Ekitaldiari amaiera emateko, Bilbao Mendi Film Jaialdiak utzitako “Dodo’s Delight” pelikula ikusteko aukera egon zen.