Andoni ARABAOLAZA
IZOTZ-ESKALADA

Lucie Hrozovak«Arya»-rentzat WI10/+proposatu du

Alpinista txekiarrak eskalatutako bidea Islandiako Vatnajokull glaziarraren koba batean dago. 25 metroko marra hori arriskutsua eta aldakorra da, eta, haren ustetan, eskalada hori beste dimentsio bat da.

Lucie Hrozovak denbora darama izotz-eskaladaren zein drytoolingaren muturreko gradua astintzen. Argi utzi du munduko espezialista sasoikoenetarikoa dela, eta bere jarduerekin kolektibo guztia ahoa bete hortz utzi du. Batetik, kristoren gaitasuna duelako. Eta bestetik, gizonak nagusi diren espezialitate horietan bera bezalako emakumezko batek muturra indartsu sartu duelako.

Adibide argiena drytoolingean dugu, M edo D graduetan. “Ironman” bidea (D14, Eptingen) igo duen lehen emakumea izan da. Eta, iaz, gai izan zen “Saphira” (M15-, Vail) egiteko.

Negu honetan, berriz, Islandian izan da. Hain zuzen ere, Vatnajokullen: Europako glaziar handienean. Bide batez, aipatu behar dugu ez dela lehen aldia Vatnajokull glaziarrak lehen lerroko espezialisten bisitak jasotzen dituena. Iaz, adibidez, Klemen Premrl eta Rahel Schelb egon ziren.

Hauek bezala, Hrozova ere alderdi hartako hainbat koba esploratzen izan da. Kontuan hartu behar da glaziarrak beti mugimenduan daudela, eta, beraz, eskalatu dituen marrak oso arriskutsuak eta aldakorrak dira. Eta bidaia horretan sinatu duen eskalada azpimarragarriena “Arya” bidea izan da. 25 metro luze izateaz gain, muturreko zailtasunak ditu.

Dimentsio berria

Eskalatzaile txekiarrak adierazi du Islandiako glaziar horretan eskalatzea bitxia izan dela oso: «Jakin banekien koba horietan jardutea arriskutsua, korapilatsua eta arrotza dela. Glaziarrak beti mugitzen ari dira, eta bertaratzen denak kontu handiz ibili behar du. Inoizko izotz gogorrenarekin egin dut topo. Eta ‘Arya’ bidean ere gogorrena izotz torlojuak jartzea izan da. Eta, jakina denez, hura igotzea».

Marra horretan bere burua babestu ahal izateko, Hrozovak 16 torloju ipini zituen. Aipatu du ere, bidaiaren helburu nagusia ez zela muturreko marra bat eskalatzea, baizik eta abentura berri bat bizitzea: «Zer edo zer berria probatu eta eskalatu nahi nuen; hots, koba horietan eskalatu ditugun bideak. Zalantzarik gabe, onar dezaket beste dimentsio bat dela».

Behin “Arya” eskalatuta, txekiarrak ez zuen batere garbi proposamen hori graduatzeko kontua: «Ez dut uste zailtasun zehatz bat eman behar diodanik; izan ere, koba hori denbora guztian mugitzen ari da, eta hurrengo bisitariek egoera oso ezberdina aurkitu dezakete. Alabaina, zer edo zer laguntzeko, WI10/+ inguruan egon daiteke».