Xabier Izaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Konbentzitzeko erak

Herenegun, Gobernu espainolak Katalunian duen ordezkariak bere gobernua eta katalana negoziatzen ari direla «onartu» zuen. Esan zuenez, negoziazioa sekretua da, inork baldintzatu ez dezan. Agenda bat omen dute «desafio katalanari» irtenbidea bilatzeko. Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak negoziazio horiek ukatu baino lehen, hainbat kontu etorri zitzaizkidan gogora.

Esate baterako, garai bateko «desafio terrorista». Indarkeria oztopo gaindiezina zen edozein irtenbide bilatzeko; biolentziarik gabe, ordea, posible zen edozer. Hala ere, aldian behin negoziazio sekretuak izaten ziren. Batzuetan haien iragarpena, zunda-globo gisa-edo, Madrilgo Gobernuaren inguruko hedabideetatik. Baina halako batean presidente espainiarrak berak eman zuen negoziazioaren berri, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduarekin hitz egiten hasteko baimena eman zuela esanez: «he autorizado contactos con el entorno del movmmtoasco…». Ondo zoaz, Jose Mari, eutsi goiari! «… de liberación».

Gobernu espainolak eta oro har katalanek Espainian jarraitzea nahi dutenek Kataluniako erreferenduma errazteko ahaleginak egin beharko lituzketela pentsatu nuen, katalanei euren eskubide demokratikoak errespetatzeko ez ezik, horiek bermatzeko ere prest daudela erakusteko, katalanek ez dutela beren estatus politikoa erabakitzeko inoren baimenik behar onartuta, eta Estatut-aren gainean –Estatuaren baimenarekin– bozkatu zuten bezala, eurei dagokien beste edozeren gainean ere bozka dezaketela. Katalan asko konbentzituko lituzkete... Eta berehala gogoratu zitzaidan atzo 14 urte bete zirela “Euskaldunon Egunkaria” itxi zutenetik.