Idoia ERASO
URRUÑA

Kulturgileek bake prozesuan parte hartzeko ekimena abian

Ipar Euskal Herriko kulturaren arloko hainbat lagunek bake prozesuaren aldeko ekimena sortu dute. Abenduan abiatu zen dinamikari jarraipena emanez, martxoan kantu bat aurkeztuko dute, eta Euskal Herri osoko kulturgileak biltzera gonbitatu dituzte.

“Bakegileen” kontrako operazioa salatzeko abiatu zen Kulturgileen Ekimena aurrerapauso bat ematen ari da. Kolektiboki sortutako kantu bat grabatzen hasiko dira eta martxoaren erdialderako egina izatea aurreikusi dute. Ondoren, bideoklipa filmatuko dute, eta bi tresna horiek baliatuta, kulturaren mundutik bake prozesuari ekarpena egin nahi diote. Sorkuntza hau mezua Euskal Herri osora irekitzeko baliatuko dute, baina gonbita jada zabalduta dago.

Luhusoko operazioko atxilotuen artean zegoen Stephane Etchegaray Etxe musikariaren lagun artistak daude ekimenaren sorreran. Abenduaren 22an Donibane Garaziko merkatu estalian 30 bat pertsona elkartu ziren, eta hortik, kulturaren mundutik eragiteko bi ardatzetan oinarritutako ibilbidea abiatu zuten. Alde batetik, kantuaren eta kliparen sorrera, eta bestetik komunikazioa egitea, desmartxak ahalik eta hedapen gehien izan dezan, baita parte-hartzea ahal den handiena izan dadin ere.

«Bakegileen desmartxarekin ados ginelako egin genuen», azaldu zuen Patrick Larraldek. Bera dinamikaren sorreran egon zen Jakes Gueçaimburu eta Aitzol Lasarekin batera. Prozesuaren alde lan egiten duen gizarte zibila elkartzen duen Bake Bidearekin harremanetan jarri ziren, eta dinamika independente bat bada ere, prozesuak daraman ibilbidearen baitan kokatzen da. «Borroka armatua gelditu zenetik, gizarte zibilak badu bere parte-hartzea, eta gu hor gara», gaineratu zuen.

Euskal Herri osora

Artista eta kulturaren munduan ari diren pertsona guztiei irekita dago ekimena. Gaur egun Ipar Euskal Herriko kantariak, antzezleak, konpainiak, gaztetxeak, artista plastikoak... dira partaide. Eta orain Pirinioen hegoaldera zabaldu nahi dute deia. Interesa dutenek webgunean izena eman dezakete, eta horrela “kulturgileek” daramaten lana ezagutzearekin batera dinamikan ere parte har dezakete.

Sorrera prozesuan dagoen kantuan ere ekarpena egin daitekeela azaldu zuen Larraldek. «‘Patchwork’ gisakoa izanen da, kolektiboa. Parte-hartzaileek igorritako testu eta musikak antolatuz egina izan da».

Elkartutako jendearekin beste ekintza mota batzuk antolatzea ere aurreikusten dute: «Prozesua laguntzeko edo mezua pasarazteko kontzertuak edo kultur ekintzak antolatzeko sarea ere osatuko dugu».