Arantxa MANTEROLA

Etxarriko heziketa zentroaz berjabetzera, makilak eskuetan

Iragan udan, Ipar Euskal Herriko barnealdean, «onura publiko argiko» AFMR formakuntza zentroa bat-batean eta isilpean saldu izanak sekulako haserrea sortu zuen herritar andanaren artean. Larunbatean berriz mobilizatuko dira, Elgart jauregiaren salmenta deuseztatu eta landa eremuan hain garrantzitsua den egitura berreskuratzeko.

Ez da Etxarri kolektiboaren lehen mobilizazioa izanen, jada irailean ehunka lagun bildu baitziren Donapaleun xede berarekin. Haserre handia eragin zuen Landa Eremuko Hezkuntzarako Elkarteak (AFMR frantsesez) duela 50 urte zabaldutako Etxarriko formakuntza zentroa kasik ezkutuan eta prezio oso apalean (800.000 euro jauregia eta eremu guztia) saldu izanak. Gainera, eroslea nor zen jakindakoan, herritar askoren amorrua areagotu baino ez zen egin.

Izan ere, AFMR elkarteak, Barthelemy Aguerre presidentea buru, San Pio X.aren kongregazioari, irakaskuntza katoliko integrista eskaintzen duen zentroari, saldu zion. Kilometro gutxira, Domintxainen, duen eskola txiki geratu zaiolakoan beste gune baten bila zebilen eta mauka ederra aurkitu zuen Etxarrikoan.

Ikasle eta irakasle ohien artean lehenik, eta herri-sektore ugaritan gero, hautsak harrotu zituen «Aguerrek eta AFMRko Administrazio Kontseiluko kide batzuek, sekretuan eta presaka barnealdean hain garrantzitsua izan den formakuntza gunea likidatu duten moldeak». Operazioaren erabakitzaile nagusiek hautetsi izaera izaki (Aguerre Akitaniako eskuineko kontseilukidea da eta Bernard Casabonne Etxarriko auzapeza kongregazio ultrakatolikoarekin bitartekari aritu zen), ardura politikoa ere badutela irizten dio Etxarri kolektiboak.

Bi eredu kontrajarri

Aurrerantzean Etxarrin landa eremuko lanbide hezkuntza integratzaile, berritzaile eta partaidetzan oinarritutakoaren guztiz kontrako hezkuntza mota –atzerakoia, sexista (mutilak soilik eskolatuko dira bertan) eta hertsia– eskainiko dela ikusita, «demokrazia eta errepublikaren ideiak suntsitzea gogoan baizik ez duen korronte horren infiltrazioaren konplize» bihurtu direla leporatu diete.

AFMRko arduradunek ekinbide hori hautatzeko emandako argudioek ez zituzten kritikak baretu. Horien esanetan, Elgart eraikinean berrikuntza lan garrantzitsuak egin behar ziren eta elkarteak ez zuen aski dirurik obren tamainari aurre egiteko. Alta, arrazoi horiek ez dute funtsik, Etxarri kolektiboaren ustetan, irakaskuntza Uztaritzera lekualdatzearekin 70.000 euroko alokairua hartu beharko baitu bere gain. Hau guztia «atzean dagoen kudeaketa txarraren» ondorio izan dela deritzo.

Helburua barnealdea bizirik mantentzeko berebiziko garrantzia duen eta hainbeste diru-laguntza publiko jaso izan dituen egitura berreskuratzean jarrita, sinadura bilketa abiatu zuten larunbateko mobilizazioari begira eta jadanik ia 3.000 lortu dituzte. Bertan, salmenta dokumentuaren baliogabetzea eskatzen da eta Elgart jauregi zuberotarra onura publikorako berreskuratzeko hainbat urrats proposatzen dira; hala nola, AFMR elkarteko zuzendaritza eta presidentetzaren kudeaketa akatsak ikertzea, integrista katolikoen instalazioa ez bultzatzea, eremuaren etorkizunari buruz adostasun publiko eta kolektiboa abiatzea eta Etxarriko formakuntza zentroaren xedearekin bat eta lekuko dinamizazioa helmuga hartuta, alternatiba koherentea eraikitzea. Izenpetzaileen artean, hainbat hautetsi dago, tartean, Michel Veunac Biarritzeko auzapeza.

Urrian elkarte gisa eratutako kolektiboa auzibidera jotzeko aukerak ere jorratzen ari da, nahiz eta bere zailtasunak dituen. Zuzenbide pribatuko kontua izanik ere, Akitania Berriko Kontseiluak sostengua eman die, batik bat, aholkularitza juridikoa eskainiz.

Andde Sainte-Marie, mendi eta nekazaritza esparruaz arduratzen den erregio-kontseilaria, txosten juridikoa prestatzen ari da, Baionako fiskaltzaren esku jarriko dutena.

AFMR elkarteak bere erabakia hartzean ez dituela gauzak behar bezala egin frogatu nahi dute eta, horrenbestez, izandako akats administratiboak tarteko, auzitegiak deliberoa bera baliogabetzat jo dezala.

Pastoral berezia

Horri guztiari larunbatean era irudimentsuan egingo duten mobilizazioa gehituko zaio. «Gizartearen mobilizazioa eta presioa salmenta ezeztatzeko eraginkorra» izango delakoan, «operazio maltzur horrekin desadostasuna adierazteko une azkar bat» izatea espero dute.

Bide batez, Uztaritzera lekualdatzeari uko egiteagatik bere lanpostua galdu duten AFMRko sei langileei ere elkartasuna adieraziko diete ekitaldi berean.

Elkarretaratzea 10.30etik goiti hasiko da eskolaren portalean eta aldarrikapena eta festa-giroa uztartuko dituzte, salda, talo, joaldun, bertsolari, kantaldi eta guzti. Manifestazioa ahalik eta zaratatsuena izan dadin, berriz, makila bana hartuta joatea eskatu diete bertaratzeko asmoa dutenei. Beren kexua eta haserrea erakusteko halako «pastoral berezia» egingo baitute Elgart jauregia inguratuz.

Etxarri kolektiboak, kongregazio integristari ongi etorria ez dela adierazteaz gain, ikastetxea berreskuratzeko asmo irmoa dutela erakutsi nahi dute era horretan.