Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Bake Bideak armagabetzeari buruzko foroa egingo du martxoaren 17 eta 18an

ETAren armagabetzea eta bake prozesua bera «desblokeatzeko» Luhusoko operazioa «mugarri» izan dela irizten dio Bake Bideak. Are, uste osoa du bide horretan «perspektiba berriak» ere zabaldu direla. Horretaz gogoetatzeko foroa antolatu du hiru aste barrurako, Biarritzen.

”Armagabetzea bake prozesuaren zerbitzura” izenburuarekin, eztabaidagune berria antolatu du Bake Bideak. Biarritzeko Bellevue aretoan burutuko da datorren martxoaren 17 eta 18an. Berez, astebete lehenago, preso, iheslari eta deportatuen itzuleraz foro bat egitekoa zen, martxoaren 10ean Donostian hasiko denaren segidan.

Alta, egokiago ikusi du egitasmo hori udazkenera atzeratzea eta orain armagabetzearen gaiari heltzea. Izan ere, Luhuson abenduan izandako «aparteko jazoerak mugarri berria» ezarri duela uste dute. Hala adierazi zuten atzo, Baionan, Anaiz Funosas eta Christophe Desprez bakegintzan diharduen elkarteko bozeramaileek.

ETAren armagabetzea bultzatzeko gizarte zibileko eragileen ekimena eta haien atxiloketa «sekulako astindua» izan dela irizten diote. Bake-artisauak atxilo hartzeak eta ondoren izandako erreakzio askotarikoak (atxikimendu andana, 4.000 lagun Baionako karriketan, Bilboko eragile politiko eta sozialen agerraldia, Ipar Euskal Herriko 700 hautetsiren gutuna Parisko gobernuari...) dira, beren esanetan, horren erakusle. Are, gizarte zibilak «estatuen blokeoa» apurtzeko duen borondate irmoa eta ahalmena agerian geratu dela gaineratu zuten.

«Sentimendu kolektiboa»

«Aktibo horrek perspektiba berriak zabaltzen ditu eta estatuen itxikeriaren aitzinean, eragileek, erakundeek eta gizarte zibilak elkar hartuta, gauzak laster mugituko diren sentimendu kolektiboa sumatzen dugu euskal gizartean», nabarmendu zuten.

Horiek horrela, foroa «gogoeta pedagogikoa» egiteko baliatu nahi dute. Jardunaldiko lehen egunean Kolonbiako desarmatze eta bake-prozesua aztertuko dute, besteak beste, Enrique Santiago abokatuarekin. Larunbat goizean, berriz, Bergohf fundazioko Veronique Dudouetek armagabetze prozesu baten printzipioez jardungo du beste adituekin batera. Ondorengo mahai-inguruan Luhusoko ekimena eta bere helburuak jorratzeko, Funosasek berak, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak eta Michel Berhokoirigoin «bake-artisauak» beren analisi eta testigantzak eskainiko dituzte.

Michel Tubiana, Estatu frantseseko Giza Eskubideen Ligako ohorezko lehendakariaren hitz-hartzeak emango dio amaiera foroari.