Ipar Euskal Herriko lau herritan ere ahate guztiak akabatuko dituzte

Joan den abendutik Estatu frantseseko hego-mendebaldean ahate eta oilo haztegiak gogor kolpatzen ari den hegazti-gripeari aurre egitearren hartutako neurriek gaitza zabaltzea ekidin ez dutela ikusirik, Stephan Le Foll Nekazaritza ministroak prebentzioz Landetako 360.000 ahate akabatzeko agindu du, beste neurri batzuen artean. Ipar Euskal Herrian ez da H5N8 birusik sumatu baina, Landak gertu direla-eta, Bidaxune, Akamarre, Gixune eta Samatzeko ustiategi guztietako hegaztiak ere hil beharko dituzte. Produkzioa eten behar izan duten ustiatzaileentzat lehenbailehen laguntzak banatuko direla hitzeman du gobernuak.