2017/03/03

Memoria bizia taularatzeagatik, XVII. Donostia Antzerki Saria

Hiru konpainiaren arteko elkarlanetik sortu den «Francoren bilobari gutuna» antzezlanak jasoko du XVII. Donostia Antzerki Saria, martxoaren 27an. Epaimahaiak Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiaren obra saritu du antzezlana osatzeko aurretiaz egindako «ikerketa lan sakonagatik» eta frankismoaren «ikuspegi zabal eta anitza» emateagatik. «Antzezlan hau gure memoria bizia da», ziurtatu du epaimahaiak.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0303_kul_antzerkisariak

Artedrama, Le Petit Theatre de Pain eta Dejabu Panpin Laborategiaren elkarlanetik sortu den “Francoren bilobari gutuna” antzezlanak jasoko du XVII. Donostia Antzerki Saria, martxoaren 27an Victoria Eugenian egingo den ekitaldian. Epaimahaiak saria antzezlan horri ematea erabaki du, obra eraikitzeko aurrez ikerketa lan sakona egin izanagatik eta frankismoaren ikuspegi «zabal eta anitza» erakusteagatik, gai asko batera landuz eta iraganaren presentzia erabatekoa izan arren arreta orainaldian jarriz. Eszenografiari dagokionez, «diseinu arina» erabili izana eta dauzkaten elementuei esanahi eta erabilera aniztuna ematea eta eszenak eta erritmo narratiboa maisuki bideratu izana goraipatu dute. «Antzezlan hau gure memoria bizia da eta antzerkiak bakarrik gorpuztu dezake horrela», ziurtatu dute.

Lan kolektibo honetako partaideen hitzetan, «iraun beharraren gaitzak jotako komunitate baten hezurren eta gezurren erradiografia traumatologikoa» da “Francoren bilobari gutuna”. Unibertso horretara ospitalean dauden bi pertsonaiaren bidez sartzen dira: leuzemia duen hamar urteko Iñaki haurra eta buruan gerra zibileko obus baten txatala duen 46 urteko Joxan.

Antzezlana Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzia da eta, Ximun Fuchs-en zuzendaritzapean, Patricia Urrutia, Zoila Berastegi, Erika Olaizola, Pako Revueltas, Urko R. Pescador, Manex Fuchs eta Ander Lipus antzezleek oholtzaratzen dute. Azken hirurak Donostian izan ziren atzo, sariaren aurkezpenean. Lipusek eskertu egin zuen saria, «berez duen balioagatik» eta horren bidez 12.000 euroko diru-sarrera izango dutelako, 2019an Donostian antzerki-lan berri bat estreinatzeko baldintzarekin: «Gure ofizioan aurrera egiten dugu, baina aurrera egite horretan badago zerbait prekarioa. Honek arnasa ematen digu aurrera egin ahal izateko». Antzezlana Donostian bost egunez eman zela eta emanaldi guztietan sarrerak agortu zirela ere ekarri zuen gogora eta, alde horretatik, antzerkizaleei ere eskerrak eman zizkien, «publikorik gabe ez baitago antzerkirik; hori da guretzat sari handiena».

Euskarazko obren lekua

Fuchsek, obra Ipar eta Hego Euskal Herriko artisten elkarlanaz eta sortzez euskaraz egindako ekoizpena dela nabarmendu zuen eta saria lantaldeak egindako sortze prozesuaren errekonozimendua ere badela esan zuen. Pescador-ek gaineratu zuen hiru konpainiak, euren kabuz dabiltzanean, «lengoaia propioa» bilatzen tematzen direla eta elkarrekin obra osatzeko orduan lengoaia horiek uztartzen ahalegindu direla: «Hori aberasgarria da, ikasten jarraitzeko aukera ematen digu». Lipusek erantsi zuen euskarazko obrak egitean euskal komunitatera iristea dutela helburu, eta, alde horretatik, euskarazko antzerkiari «bere lekua» ematea ere badutela xede. Zentzu horretan, Santurtzin edo Bilboko Arriagan ostegunean beharrean obrak larunbatarekin programatzea edota Baionako antzokian azpititulurik gabe ematea erronkatzat dituztela ziurtatu zuten. «Bidea egin dugu baina, onerako eta txarrerako, bidea dugu egiteko», ziurtatu zuen Fuchsek.