2017/03/06

Erreportajea
 
ERABILITAKO OLIOA BALIABIDE ETA EKARPEN BILAKATZEN DU EKOLIOK

Ekolio Biohondakin Kudeaketa enpresak sukaldetan erabilitako olio zikina jaso, garbitu eta biodiesela egiteko erabili dadin saltzen du. Etekinen logikatik at eta ekonomia zirkularraren filosofiari jarraituz, fakturazioaren zati bat gizarteari itzultzen diote.

Maitane ALDANONDO
0306_eko_ekolio

Hondakinak baliabide bilakatzen ditu Zarautzen kokatutako Ekolio enpresak. Ostalaritzako negozioak batzen dituen HORECA kateko sukaldeetatik erabilitako olioa jasotzen dute biodiesela egiteko. Lau bazkideen ustez, ordea, elkarte mugatu hau enpresa arrunt bat baino gehiago da; «proiektu ekosoziokulturala». Horregatik, olio «garbitua» saltzetik lortzen duten zati bat hirigintzarako erabiltzea dute asmo.

Ibilbide laburra badu ere, hainbat moldaketa egin dizkiote jada enpresari. Kideetako batek aspalditik zuen olio birziklapenaren inguruan jarduteko ideia eta probak egiten hasi zen. Lehenik eta behin, jasotzekotan olioa berari emateko prest egongo liratekeen galdegin zien lagun eta ezagunei Zarautzen eta inguruetan. Ondoren, 2013an, lagun bat batu zitzaion eta elkarte mugatua eratu zuten; 2015en, berriz, beste bi lagun batu zitzaizkien. Lau bazkideetako hiruk beste lan bat ere badute, alegia, bakarrak dihardu buru-belarri Ekolion. Horrez gain, bi langile ere badituzte. Langileok kontratatu eta enpresa martxan jartzeko laguntzetara jo dute. «Zarautzekoak, Mankomunitatekoak eta Jaurlaritzakoak», azaldu du Haimar Arozenak.

Olioa birziklatzea da Ekolioren zeregina. 25 edo 50 kiloko edukiontzietan eramaten dute Abendaño industriaguneko lantegira. Garbitzeko lehenik iragazi egiten dute, olioan dauden askotariko hondakinak kenduz. «Teorian olioa jasotzen dugu, praktikan, ahozapiak, kortxoak, janari puskak, sardexkak, labanak…», argitu du Arozenak barre artean. Ondoren andeletan sartuta dekantatu egiten dute, hau da, ura eta olioa bereizi egiten da dentsitatean duten aldeagatik. Garbitutako olio kopuru bat lortzean, findegi bati saltzen diote biodiesela egiteko. Ura, aldiz, hondakin kudeatzaile batek jasotzen du.

Bilketa erraztu eta eraginkorrago egite aldera, bilketa edukiontzietarako iragazki bat diseinatu dute herriko Oteiza eskolarekin elkarlanean eta Ihobe Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak nahiz Eskualde Garapeneko Europako Funtsak lagunduta. Horri esker, olioa garbiago helduko zaie, prozedura azkartuz eta energia aurreztuz. Halaber, bidoi bakoitza betetzeko denbora luzatzean, gutxiagotan jaso beharko dute, gasolina eta kutsadura murriztuz. Prototipoa probatzen ari dira uneotan eta espero dute 2018rako prest izatea.

Herritik hartu, herriari eman

Ekonomia zirkularrean dihardute. Arduradunaren esanetan, «hondakina baliabide bilakatu nahi dugu. Uste dugu zikloak ez direla linealak, zirkularrak baizik. Harraskatik bota ezin den olioa hartu, biodiesel bilakatu, eta zirkulura doa berriro». Logika berari eutsiz, jardunari buelta bat eman eta ikuspuntua zabalduz, proiektu «ekosoziokulturala» bilakatu zuten orain urtebete luze. Hortaz, hiru adarreko egitasmoa da. Batetik, ekologikoa, olioa birziklatzen baitute; bestetik, soziala, elkarteekin sinergiak sortzen ahalegintzen direlako, eta horri lotuta, kulturala. «Gure filosofia hasieratik izan da guk hau herritik jasotzen dugunez, herriari itzuli behar diogula. Doan jasotzen dugu olio zikina. Horren sortzaileak egiten duen ekarpena gizartera itzultzen da, herrigintzan inbertitzen baitugu», azaldu du Arozenak.

Horren lehen erakusgarria Kilometroak elkartearekin egindako akordioa da. Adostutakoaren arabera, urtean zehar olio garbituaren salmentetatik fakturatzen dutenaren %10 emango diote. Iaz Bergarako Aranzadi ikastolarentzat izan zen dirua, 4.000 euro inguru; eta aurten, Oñatiko Txantxiku ikastolarentzat. Urtez urte berritzen joango dira hitzarmena, ikastola bakoitzak erabakitzeko aukera izan dezan. Aurten, jaiaren egunean xaboi tailerrekin batera olio jasotze erraldoia egitea gustatuko litzaieke, baina oraindik ez dute erabat itxita. Arduradunak zehaztu duenez, «ikastolari dirua emateko beste bide bat da, itsulapiko baten gisakoa».

Egun, helburu dute Gipuzkoa osora hedatzea, horregatik aukeratu dute Kilometroak, ezagutzera emateko bidea ere badelako. Beste elkarlan posible batzuk lantzen ari dira, baina lehenik hasitakoa egonkortu nahi dute. Zonalde batzuetan sarrera handiagoa izan dute, Urola Kostan kasu; eta orain, Debagoienan ari dira ahalegina egiten. Jada 500 bat jantoki, taberna edo jatetxerekin dihardute, baina bazkideak aitortu duenez, uste baino gehiago kostatzen ari zaie bezeroak lortzea; ohitura aldatzea kostatzen delako, batetik; eta berriak direlako, bestetik. 2015ean hasi zituzten salmentak eta ia 110 tona olio garbi ekoitzi zituzten iaz. Hazten doazela badakite, jada 500 litroko tanga txiki gelditu baitzaie. Azpiegitura aldatzen ari dira, eta, aldi berean, lan sistema hobetzen. «Orain arte nahiko artisaua izan da, baina dirurik gabeko enpresa bat hala hasten da».