2017/03/21

Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria
Gure eguna

Udaberria hastearekin bat Nazioarteko Kontalaritzaren Eguna ospatu da. Zuhaitzak loratzearekin bat, hitza loratzearen aldarrikapena. Nazioarteko egun guztiekin gertatzen den moduan, mundu osoan ahozko narrazioari gorazarre egin ohi zaio martxoaren 20an. Hedabideak horren gainean aritzeko kontalariak gonbidatuko dituzte, beren ofizioa zertan den galdetuz. 1991n Suedian hasitako ospakizuna –udaberriaren loraldia hitzaren loraldi festa bihurtu asmoz– zoko urrunenetara heldu da. Eta kontalariok zein kontaketa zaleak pozik gaude gure artea ere “nazioarteko egunen” zerrendan agertzeagatik. Mundu osoan zabaldu da berria. Mundu osoan? Ez.

Badago Europako txokotxo bat oraindik eusten diotena: Euskal Herria! Kezkatzekoa da euskal hedabideetan kontagintzari ematen zaion arreta eskasa. Martxoan bi kontaketa jaialdi egiten dira, bata Bilbon, bestea Tolosa/Ordizian; bietan euskal kontalari ugari agertzen dira atzerrikoekin batera. Proposamen ezberdinak, askotariko espazioak, haur eta helduentzako saioak, nazioarteko jaialdietan parte hartutako kontalari ezagunak, arte eszenikoen parte den arte honen erakusketa interesgarriak. Aldiz, interes berezia behar da edo ospatzen diren hirietan bizi, jakiteko existitzen direla. Kontaketa saioek askotan kultur agendetan ere ez dute izaten lekua. Munduko Nazioarteko Ahozko Narrazioaren Eguna ospatu berri da eta, udaberrian ez, gurean negu gorrian jarraitzen duela hartzen diot antza.