GARA
BILBO

Jangeletako esperientzia pilotuetan «xantaia» ikusten du LABek

LAB sindikatuak EAEko Hezkuntza Sailak martxan jarritako eskoletako jangeletako esperientzia pilotuarekin «xantaia onartezina» egiten ari dela dio. Duela hiru ikasturte onartu zen lau ikastetxetan bertako elikagaiak eta sasoikoak sartzeko plana, baina bi jangelatan bakarrik ari dira horretan, Gernikako Allende-Salazar eta Berrizko Learreta-Markinan; Mungiako Laukariz eta Urduñako zentroetan, aldiz, zain daude.

LABen ustetan, Hezkuntza Sailak ez dauka «inolako asmorik esperientziak positiboak izan daitezen». Azaldu duenez, «esperientzia pilotuak propaganda kanpaina bezala erabiltzen ari da Hezkuntza Saila, bere irudia eta catering enpresen irudia garbitu nahian, Lehiaren Euskal Agentziak zortzi enpresari ezarritako 18 milioi euroko isunaren eskandaluaren ondoren», aipatzen du LABek oharrean.

Dioenez, kudeaketa kaskarra izan dadin saiatzen ari da Saila; Laukarizko kasua jarri zuten horren adibide. Bertan 175 bazkaltiarri jaten emateko sukaldari bakarra dago. «Ratio honek ez du hitzarmena betetzen; beraz, errefortzurako bi pertsona bideratzen dituzte, bata 8 ordura eta 3 ordura bestea. Laguntza horiek irail amaiera edo urri hasieran hasten dira martxan eta ekainaren 23aren inguruan amaitzen dira», azaldu zuten. Hala, irail hasieran, sukaldeko langile finko bakarra dago «hiru pertsonari dagokien lana egiten».

60 lanpostu

Era berean, aipatu zuten Laukarizen kurtso hasieran sukaldean aritzeko behar diren langileei ordaintzeko dirua familien poltsikotik atera behar dela esan diela Sailak.

Hala, LABek eskatzen du 60 lanpostu sortzea aurreikusitako lau jangelen beharrei erantzuteko. Hori adosteko Sailarekin negoziazio mahai bat behar dute, baina bi urtez ez dituzte parte hartzera gonbidatu. Hori dela eta, sindikatuak salatzen du Lakuak «enpresen negozioa eustearen alde» egin duela.