Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zerua eta infernua, biak bero

Non edo non irakurri dut arestian iazkoa izan zela erregistroa hasi zenetik urterik beroena. Are gehiago, azken hamar urtean izan dira inoizko beroenak, datuak datu, goranzko joeraren seinale. Beroketa globala, nongura, gura edo ez. Jakin badakigu nondik datorren bero-joera, munduko jendarmea izan nahi duten horietan enteratu nahi ez badute ere; atera kontuak! oraindik ere bizidunak jainkoren batek sortu zituelakoan daude, ofizialean, eta lurreko paradisu hartako sagar ospetsu hura arbolakoa zelakoan ere, sinestun. Bai zera! Ondo dakigu sagarra transgenikoa zela! Mon Dieu! Tira, beroketaren harira!

Lekukoa ere izaten ari den beroketa globalak era askotako ondorioak izango ditu han-hemen epe tarte desberdinetan. Eta horien artean, klimax politikoaren gaineko eraginak edo armak urtzearen gainekoak bazter utzita oraingoan, kontuen gainekoak ditut gogoan. Aurre-kontuenak ez, demontre! fede-kontukoez nago, egon. Akabo zerua eta infernua tenperaturaren arabera bereiztea! Aurrerantzean, zerua ere beroa izango da, infernua beste bero. Biak gori-gori. Beraz, hobeto lurrean geratu, geriza eta hezetasuna ematen duten basoak diren bitartean behinik behin! Hori bai, hiltzean gure gorpua erraustea lehenesten dugu… Total, azkenean beti bero! Hau akabua!

Zalantzak zalantza, eskatuko ote digute hatz-markaz sinatzea heriotzaren atariko agirian? Gauza dira! Noizbait eskatzekotan, batzuek zabor antzeko finantza-produktu maltzurrak sinatzean eskatu beharko! Baina tira, bitartean mantendu dezagun hotz, burua sikiera. Bake-borrokaz planeta hoztuz, han-hemen, beste batzuk, han-hemen ere, kale-borrokaz sutsu ari badira ere. Hotza delako beroari aurre egiteko armarik onena. Eta horretarako izerdia lagun! Korrika! Beroketa globalari lekuko hozketatik eutsiz…