Jon GARMENDIA
Idazlea

Errege-alabaren etxea

Lohiz betetako padura ttipi bat zen Donibane Lohizune, arrantzale gutti batzuen herria ibaiaren estuarioan, Urdazuri itsasoratzen den tokian. Ur lokatz horretatik omen datorkio izena herriari, nahiz Saint Jean de Luz gisa ezagunagoa den. Hala erran dit Ramuntxok, Joanoenia etxearen aitzinean; anitz daki itsasoaz, historiaz, biei lotua bizi baita, ogibide eta egia bidez. Hasi natzaio “Errege-alabaren etxe” gisa ezaguna denari buruz galdezka, kasik laranja diren harri gorrixkaz egindako Joanoeniaz, egunerokoan ia begiratzen ez ditudan toki historikoen artetik pasatzen bainaiz itsu-itsuan, nahiz Lohizuneko etxe-karrikek beste epoka bateko fantasian errazki barneratzen nauten. Haranederko Joannot zen etxearen jabea, armadorea, eta kortsarioa; berak zaintzen du Donibane Lohizuneko portua, eta han dira arrantza-ontziak, olatuen kulunkan, itxaroan. «‘Lapurdi’, ‘Airosa’, ‘Aurrera’, ‘Agur’, ‘Hunekin aski’… izenokin Frantziako itsas portu bati buruz hitz egitea marka da!», bota dit Ramuntxok. Bizkarreko zorroan lauzpabost legatz daramatzan Franki agurtu dugu, eta gero, Maria Teresa Austriakoa Luis XIV.arekin ezkondu aitzin etxe horretan egon zela azaldu dit; Espainiako infanta orduan, Frantziako erregina gero. Bere senar Luis Handiak ondoan du plaza. «Tira, besteen historia kontatzeko gai gara, gurea kontatzeko ez». Alaiki despeditzeko manera bikaina Ramuntxorena.