Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Hutsetik hasteko eskubideaz

Identitatearen gaineko eleberria idatzi nahi zuen Felipe Juaristik eta, «Iraganik gabe» liburuan, identitatearen eraikuntzan iraganak duen lekuaren gaineko gogoeta irten zaio. Ez hori bakarrik: gizarteak iraganari aurre egiteko duen moduaz ere jardun da.

Egunkari batean irakurri zuen Felipe Juaristik New Yorkeko Dorre Bikien erasoetan zendutzat emandako gizon baten DNA nola atzeman zuten Pariseko erasoetan zauritutako gizon batengan. Egunkariaren arabera, bere iraganaz beste egin nahi eta gizonak abaguneari heldu zion, amorantearekin Parisen bizitza berri bati ekiteko. «Bi gauza pentsatu nituen. Bata, zorte txarra dela bi erasoek pertsona bera harrapatu izana. Bigarrena, zenbat gauza egin daitezkeen identitatea aldatuta», azaldu zuen Juaristik.

Hain justu, gertaera haren ondotik egindako hausnarketatik ernatu da irakurle gazteengan pentsatuta idatzi duen “Iraganik gabe” (Erein). Bazterreko auzo batean, ispilu aurrean duen pertsona ezagutzen ez duela esnatzen den gizona da eleberriko protagonista. Honek bere identitatearen bilaketari ekingo dio eta bide horretan parez pare jartzen dioten iragana zein eratan bere egin erabaki beharko du. Berak, baita gizarteak ere; izan ere, eleberrian zehar, iraganean egin dituen zenbait ekintzaren berri izango du protagonistak eta poliziak «delitu» horiek oraindik argitu ez dituenez, bere burua arriskuan ikusiko du. «Oraindik ez du delitu horiengatik zigorrik jaso eta kontua da zer egin beharko genukeen halako egoeren aurrean. Aurpegi berria du, ez da iraganaz gogoratzen, baina... aukera eman behar zaio biziberritzeko, hutsetik hasteko?». Juaristiren ustez, denok gara egin dugunaren erantzule, «eta jakin behar dugu gauza gaiztoak egiten baditugu, horrek buelta izango duela. Baina, iraganarekin bakean geratzen garen unetik, zer egin behar du gizarteak? Pertsona horrek ez al du hutsetik hasteko eskubiderik?».

Moraltasun kristaua

Juaristik ez zuen ezkutatu eleberriak erlijiotik eratorritako moralitatetik edan duela. «Gure kultura oinarrian kristaua da, eta hor baditugu erreferenteak. Juduek, adibidez, ez dute ezer ahazten eta orduan ez dute ia ezer barkatzen. Baina, guk, San Inazio bezalako erreferenteak ditugu, gerlari izan ostean Jainkoaren zerbitzura jarri eta bekatuak barkatu zitzaizkiona. Nik uste dut ordaina jaso ondoren biziberritzen hasteko eskubidea izan behar dugula», esan zuen.

Bide horretan, eleberrian agertzen diren pertsonaien izaera eraikitzeko orduan «optimista» izan dela aitortu zuen, istorioan «ez baitago pertsonaia gaizto-gaiztorik, poliziak ere badira apur bat onak, ongile baino gaizkile gehiago balego munduak ez bailuke aurrera egingo». Eta, kokapenari dagokionez, eleberrian zehazten ez bada ere idazleak Donostia izan duela oinarri argitu zuen, baina ez diola kokapenari aparteko garrantzirik eman nahi izan, «garrantzia istorioak berak duelako».

Eleberri honekin, Juaristik argitaratu dituen azken liburuetan plazaratu duen kezka etikoari bestelako aterabidea eman nahi izan diola ere zehaztu zuen, eta irakurle gazteengan pentsatuta idaztea kosta egin zaiola onartu zuen. «Prosa laburra, esaldi motzak, deskribapenak... nire estiloa oso bestelakoa da eta horregatik kosta zait liburu hau idaztea. Urteak eman ditut, batez ere bukaera osatzen, azkenean hor dagoelako galdera morala. Nire zalantzen araberako bukaera da eta hor agertzen da eman nahi nuen ideia», esan zuen.

Juaristirekin batera, liburuaren aurkezpenean izan zen Ereineko editore Inaxio Mujika ere. Haren hitzetan, «nobela filosofikoa» da Juaristik idatzi duena: «Feliperen lanek beti dute puntu bat filosofikotik, baina beti kontakizunaren xarmaz bildua. Narrazio filosofikoa da, baina genero aldetik nobela beltza ere bada. Polizia batzuk agertzen dira, baina genero hutsean geratu gabe istorio eder bat kontatzen da».

Eleberria «laburra» bada ere –ehun orrialdeak pasatuta– kontakizuna «bizia» dela ere esan zuen Mujikak, eta Juaristik, bere aldetik, eleberria luzeagoa izan zitekeela azaldu zuen: «Eman zezakeen gehiagorako, baina iruditzen zitzaidan esaldiak kenduta gehiago irabazten zuela gehituta baino. Uste dut liburu orekatua geratu dela», amaitu zuen.