Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Nafarroako bertsolarien finala Anaitasunara itzuliko da

Datorren larunbatean, 17.00etan, hasiko da Iruñeko Donibane auzoko Anaitasuna kiroldegian Nafarroako Bertsolari Txapelketaren 43. edizioaren finala. Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuente «Itturri», Xabier Terreros eta Julen Zelaieta arituko dira txapela eskuratzeko norgehiagokan. 35 bertsolarik hartu dute parte aurtengo lehiaketa honetan, inoiz izan den kopururik handienak.

Larunbatean, hilak 8, 17.00etan, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Horixe da 43. Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalaren hitzordua. Otsailaren 18an eman zituen lehen pausoak lehiaketak eta zortzi plazatan (Tafalla, Auritz, Lakuntza, Irurita, Uharte, Bera, Antsoain eta Agoitz) egin dituzte saioak finalera heldu aurretik. Orotara, 1.500 entzule bildu dira saio horietan eta finalerako antzeko kopurua erakartzea espero dute.

Azken edizioan, 2015ekoan, finala Elizondon egin zuten. Nafarroako Bertsozale Elkarteko Lorea Arburuak atzoko aurkezpenean aitortu zuenez, erakundeengandik jasotzen zuten babes eskasa izan zen Anaitasunatik ateratzeko arrazoietako bat. Orain, berriz, Iruñeko Donibane auzoko kiroldegira itzuli dira, erakundeen sostengua hazi delako. Arburuak Iruñeko Udalarena aipatu zuen.

35 bertsolarik eman zuten aurtengo txapelketan izena, inoizko kopururik handiena. Lehen aldiz parte hartzen zuten bederatziek aurrekanporaketa jokatu zuten iazko abenduan Iruñean eta lauk egin zuten han aurrera. Ondorioz, 30 izan dira azkenean txapelketan jardun dutenak. Final-laurdenak eta finalaurrekoak jokatuta, zortzi dira finalean txapelaren bila arituko diren bertsolariak. Ondorengoak: Julio Soto (Gorriti, 1987), Xabi Maia (Elizondo, 1981), Eneko Fernandez (Lesaka, 1977), Eneko Lazkoz (Etxarri Aranatz, 1983), Aimar Karrika (Auritz, 1988), Ander Fuentes Itturri (Zubieta, 1979) eta Julen Zelaieta (Bera, 1980).

Bai, zortziak gizonezkoak. Halere, finalean emakumeek bertsolaritzan egin izan duten eta egiten duten lana ere aintzatetsiko dute. Txapel jartzailea Luzia Goñi Olias izanen da. 1928an jaio zen Aizarotzen (Basaburua). Ogibidez sukaldaria, bizi osoan zehar mantendu du bertsogintzarako afizio eta sorkuntza. Ehunka bertso idatziren egilea da, eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronikak dira lan horiek. Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ez zuen plaza publikoan jarduteko aukerarik izan. Larunbatean hamarkadetan bertsogintzaren alde isilean lanean aritu diren emakume guztiei aitortza egin nahi zaie.

Nafarroako txapelketaz gain, udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako txartelak ere jokoan izanen dira. Lehen bost sailkatuek lortuko dute Euskal Herri mailako txapelketan aritzeko eskubidea.

Aurten Nafarroako Bertsolari Txapelketan inoiz baino parte hartzaile gehiago izatea urtean zehar egin den lan isilaren emaitza dela nabarmendu zuten antolatzaileek. «Hezkuntza arautuko programaren eta herriz herri eta bailaraz bailarako bertso eskolen bitartez, gazte eta helduek bertsolaritza ezagutzea lortzeaz gain, horretan aritzeko aukerak ere ematen zaizkie», adierazi zuten.

Horren guztiaren isla izanen da Anaitasuneko finala. «Bertsogintzaren transmisio eta sustapenean pauso berri bat emateaz gain, festa handia ere izanen da datorren larunbatekoa. Nafarroan egiten den euskarazko kultur ekitaldirik esanguratsuenetakoa izan ohi da Bertsolari Txapelketako finala, eta hala izanen da aurten ere. Finalari, gainera, afari batekin emango zaio hasiera, bertsolaritzaren eta txapelketaren sarean parte hartzen duten guztiak bilduz», azaldu zuten. Hurrengo egunean, gainera, Korrikaren amaiera izanen da Iruñean, euskal kultura nagusi izanen den asteburua ondo baino hobeto biribiltzeko.

Larunbatean, gai-jartzaile eta aurkezle lanetan Alaitz Rekondo eta Fernando Anbustegi arituko dira eta epaile lanetan, berriz, Nerea Bruño, Arkaitz Goikoetxea, Izaro Mitxelena, Saioa Mitxelena, Jon Abril eta Mikel Beaumont.