2017/04/09

Kronika
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
JULIO SOTOK, ARIMA ETA BIHOTZA BISTAN, LAUGARREN TXAPELA JANTZI DU

ARNASA BEREZIKO FINALA IZAN ZEN ANAITASUNAKO ATZOKOA. EGUN BEREZIAN, BERTSOLARIEK MAJO LAN EGIN ZUTEN APIRILAREN 8KO AGENDAN MARKA PROPIOA UZTEKO. AZKENEAN, JULIO SOTO TXAPELDUN ETA ENEKO LAZKOZ, BIGARREN.

Amagoia MUJIKA
0409_soto2

«Arratsaldeon lagunak, euskaldun zaharrak eta berriak, neskatxak eta mutilak, denak gara gu berdinak», agurtu zuen plaza Luzia Goñik

Buruz burukora: Eneko Lazkoz eta Julio Soto. Soto bi puntuko aldearekin pasatu zen buruz burukora eta azken seiko motzean poto bat egin zuen. Kartzelakoan, berriz, Lazkozek sekulako lana egin zuen. Aita izan berri da etxarriarra eta egoera horri lotu zion gaia: «Urduri zaude. Badator». Lan ona osatu zuen. Horregatik, Julio Sotok kartzelako lanari heldu aurretik txapelaren itzala ikus zitekeen Lazkozen buruan.

Baina Julio Sotok eskailerak igo zituen, arima eta bihotza bistan jarri zituen, eta Anaitasunako plaza zulatu zuen. Jende asko hunkitu zuen, negarrez hasteraino, bai entzuleen artean, baita kantukide zituenen artean ere. Duela bi urte bere anaia Alberto auto istripu batean hil zen. Hori gogoan hartuta, trenbidera botatzera doanaren azaletik abestu zuen, sinesgarritasun beldurgarriz. «Gure ondotik joan zinela pasatu dira bi aro/ hasera hartan maitasunean hartu genuen abaro/ baina orduko ni hortxe nago eta laguntza berbaro/ desagertzen joan dira denak goxo emaro-emaro/ trena heldu da tiki ta taka kea zeruetan dago/ eskuak dardarka dauzkat nola dauzkadan gisan bi zango/ neure bizitza buka dezadan errailen gainean nago/ barkaidazue aita ta ama baina ezin dut gehiago», bota zuen lehena.

Eta txapela jantzi zuen, laugarrena. Juxtu bakarkako azken lanean esana zuenez, «behin Elizondon bertso txapeldun bai, baina pozean azken». Atzokoan pozik zegoen seguru, baina poz tristea zen, kartzelakoak astindu ederra eman ziolako, berari eta plazari.

ZORRETAN DITUEN PLAZAK

Luzia Goñi bertsolariak jantzi zion txapela, poz-pozik. Duela 89 urte jaio zen Aizarotzen eta, bere belaunaldiko emakume askoren antzera, plazarik gabeko bertsolaria izatea egokitu zaio. Atzo Anaitasunako plaza handia zutik jarri zen Luzia txalotzeko, zorretan dituen plaza guztien ordainetan edo.

Julio Sotoren txapelaren eskaintzak ere zutik jarri zuen plaza. Eskaintza oso berezia, elebiduna, eta batez ere oso sentitua. «Tu nos hacias cosquillas y tu nos diste el pecho/ izan gara maitasunez hazitako bi umetxo/ pero de un dia pa otro todo se hizo barbecho/ eta destinuan aurka ezin da egin ezertxo/ el camino de este duelo es muy largo y muy ancho/ zuek odoletan baino bazoazte mantso-mantso/ os agarrais a la vida aunque os falte un cacho/ txapeldun batzuk zarete aitatxo eta amatxo». Eta plaza berriz zutik eta oso ukituta.

Lazkozek azken agurrean Soto «tipo erraldoia zara/ erraldoia bertsolari eta pertsona gisara», kantatu zion. Lazkozek argi utzi zuen bera ere bertsolari handia dela. Benetan final bikaina berea.

ARNASA BEREZIKO FINALA

1.300 lagun Anaitasunako plaza jasoan. Giro bikaina, bertso maila plazaren neurrikoa eta Euskal Herriarentzat egun garrantzitsua zen sentipena airean. Arnasa bereziko finala izan zen atzokoa, bertsolariek ere oso presente izan zuten hori eta ondo bete zuten arduraren beren partea.

Buruz burukoaren aurretik, saioa bizi hasi zen, apartatzeko moduko ale asko joan ziren. Saio puntuagarriko lehen ariketa, zortziko handian, Ander Fuentes Itturrik eta Xabier Terrerosek abiatu zuten. Biak artistak izanik, fabrikara lan eskean joanda egin dute topo. Itturriren lehena, ederra: «Artista nauzu aspalditikan ta zu ere ni bezela/ koadro pintatzen ta eskulturak eskutan hartuz pintzela/ oain fabrikara etorri gara, hartu mailu ta zintzela/ burua bete-betea dugu ta ezin bete sabela». Zubietarrak saio ederra josi zuen, ale bakoitza zukutu nahian igarri zen arratsalde osoan.

Ondotik etorri ziren Aimar Karrika eta Julio Soto. «Zuen lagun batek istripua izan du kartzelara beste bat bisitatzera joan denean. Zorionez, ongi dago», bota zien gaia Alaitz Rekondok. Karrikaren hirugarrena: «Zail samarra da berria dugun zeozer orain esaten/ animo lagun zurekin gaude ez da gehiegi izaten/ gorrotoaren bide ertzetan ibili gara edaten/ ea bakean bideak hona denak ekarri ditzaken». Eta Sotoren erantzuna: «Psikologiko ta fisikoki zer arrisku distantziak/ aspaldi da nahi ditugula guk gertu bakezko antsiak/ gaur ETAk utzi armak ta ez dauzkagu ahantziak/ ia armak noiz uzten dituzten Espainiak ta Frantziak».

Baiona eta Korrika oso presente izan ziren saio osoan. Terrerosek lehen agurrean esan zuenez, «herri artisau korrikalari bat bada kantuz bizitzen».

Zortziko nagusiarekin segituz, Julen Zelaieta eta Eneko Fernandezen saioak ertz interesgarriak utzi zituen, zortzi gizonezkok osatutako finalean emakume askori gertatzen zaien egoeran kantatu behar izan zuten: «35 urte inguruko lehengusinak zarete. Familia bazkaria izan duzue eta gaur ere osaba-izebek ama noiz izan behar zareten galdetu dizuete». Nabarmentzekoa da Fernandezek intentzioz josi zuela bere ikuskera. «Bazkariotan bi trago hartuz dena izaten da debalde/ gaurkoan izebak, bertzean amak, ta txiste txar batek alde/ holako hitzak aditu eta haserretzen naiz halare/ ez dire ohartzen gu geu garela gure bizitzaren jabe», hasi zen.

Xabi Maiak, atzoko finalista berri bakarrak, nota onarekin gainditu zuen koska. Zortziko txikian, esaterako, Eneko Fernandezekin jardun zuen, Korrikan, ez ziola lekukoa pasatu nahi. «Protagonismoak berez lekukoaz dirau/ momentu hau amesten pasata hainbat gau/ magnetismo arraro polita dugu hau/ nik hartu beharrean ba berak hartu nau», bota zion. Gora etorri eta horrela bukatu zuen ariketa: «azken mezua ere irakurriko dut». Geroxeago, hamarreko txikian, Julen Zelaietarekin batera aritu zen Maia eta hor ere marraztu zituen puntak, entzuleak ondo txalotuak.

Hamarreko txikian Eneko Lazkoz eta Eneko Fernandezek egindako ariketa primerakoa izan zen. Guraso batzuen paperean, haien haurra batez bestekoa baino azkarragoa dela eta kurtsoz pasatzeko gomendatu diete eskolan. Fernandezek ondo ikusten du, baina, Lazkozek ez. Argudio bat bestearen gainean josiz bikain aritu ziren biak. Lazkozen lehena: «Erraz aurkitzen die idatziei punta/ ekuaziotan ekisak ezinik izkuta/ baina harremantzeko gaixoa lotuta/ dabil ta ni zalantzak nauka estututa/ lagun berriak egin beharko ditu ta». Eta Lazkozen azken puntua: «hortan agian galde egingo diogu/ azkarra da ta berak erabakiko du».