2017/04/21

Haize narrasa eta olatu eskasak, baina ikuskizun ederra Zarautzen

Atzo ere ipar-ekialdeko haizeak olatuak narrastu zituen, baina txapelketak aurrera egin ahal izan zuen. Gaur ikuskizuna lehorrera iragango da, arratsaldean izango den BMX eta skate txapelketarekin.

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
0421_its_zautz

Zarautz Pro, QS 1500 mailako txapelketak bigarren eguna egin zuen atzo, eta asteazkenean bezala, olatuak bai, baina baldintza kaskarrak izan ziren. Mutilek 3. errondako txandak amaitzea lortu zuten, eta neskek itzuli bakar bat egin zuten. Edonola ere, gaur goizeko hamarretan erabakiko dute antolatzaileek txapelketarekin jarraitu edo egun bateko atsedenaldia hartu.

Mutilen kasuan parte-hartzaileak askoz ere gehiago dira, ehun inguru. Beraz, oraindik txanda andana dituzte egiteko, baina nesken kasuan ez dira berrogei lehiakidera iristen, eta jada egina duten lehen errondaz gain, beste hiru erronda baino ez dira behar finalera iristeko.

Mundu mailako txapelketa izan arren, Europako rankingerako baliagarria da Zarauzko proba, eta horregatik, batez ere kontinente zahar osoko lehiakideak ari dira parte hartzen. Oraingoz frantsesak dira gehien nabarmentzen ari direnak.

Bertokoei dagokienez, denetarik izan zen: oso ongi ibili arren txanda pasatzea lortu ez zutenak, eta esfortzu handirik gabe aurrera egin zutenak. Lehian jarraitzen dute Ruben Vitoria eta Nadia Erostarbe zarauztarrak, Natxo Gonzalez plentziarrak, Garazi Sanchez algortarrak, Andy Criere hendaiarrak edota Lee-Ann Curren biarriztarrak.

Aipagarria, esaterako, azken orduan egin zuten 3. errondako 16. txanda. Imanol Yeregi zumaiarrak 0’08 puntuko aldea atera eta Aritz Aranburu zarauztarra garaitzea lortu zuen. Horrela, biek eskuratu zuten hurrengo txandarako pasea.

Goizean metro beteko olatuak izan ziren eta antolatzaileak kontent ziren. Oier Illarramendi txapelketako zuzendariaren esanetan, «espero baino olatu handiagoak izan dira»; baina kexu zen, izan ere, «arratsaldean, itsasoak kolpe batean egin du behera».

Gaurko ez da aparteko itsaskirik espero, eta, beraz, ikuskizunak «lur hartuko du», antolatu duten egitarau oparoak horretarako aukera ere eskaintzen baitu. «Udaberria surf egiteko sasoi onena ez denez, lehorrean kalitatezko egitarau bat eskaintzea» erabaki zuten iaz, eta aurtengoan ere horrela izango da.

Goizero surf ikastaroak eta yoga saioak eskaintzen dituzte, alegia, «kirolari lotutako ekimenak», zehaztu du txapelketaren zuzendariak, eta arratsaldean ikuskizun anitzak izaten dira. Gaur esaterako, BMX eta skate lehiaketa izango da, eta gauean, gitarra soinuak nagusi.