Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Iparraldeko hiru haztegi intsumisoek ez dituzte ahateak hil beharko

Hegazti-gripe izurriteari aurre egiteko Prefeturak Gabadi, Barkoxe eta Domintxaineko hazleei beren ahate eta oilo guztiak hiltzeko emandako agindua bertan behera geratu da azkenean. Hori bai, hegaztiak zaintza sanitariopean jarriko dituzte eta, hortaz, analisiak egin beharko dituzte, orain hasi eta 21 egunean behin maiatzaren 29ra arte, orduan amaituko baita «huste sanitarioa».

ELB pozik agertu da berriarekin, «azkenean zentzua gailendu» delako. Laborarien sindikatuak gogorarazi du, berez, Nekazaritza Ministerioaren martxoaren 31ko dekretuak aurreikusten zuen aukera zela.

FDSEAren adierazpenei aipu eginez, azken egunotan «entzun izan diren gezurrak» salatu dituzte horrela. Izan ere, sindikatu horrek adierazi zuen hiru etxaldeetako hegaztiak akabatzen ez bazituzten gainerako hazleenak arriskuan jartzen zituztela eta «hori ez da egia».

Jazarpenik ez

Mobilizazio kolektiboak «aterabide onargarria» ekarri badu ere, ELBk uste du administrazioak «mendeku neurriak» hartuko dituela hiru hazle intsumisoen aurka. «Ez dugu inolako jazarpenik onartuko», aurreratu du. Halaber, «etxaldeen arriskuen araberako biosegurtasun arauak» ezartzeko borrokan segituko dutela ohartarazi du.