Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Abusua

Eskolan eta eskolatik kanpo klasekideen zein beste ume batzuen abusuen biktima diren haurrei buruzko liburu, film zein telesailak ugaritu egin dira Mendebaldean. AEBetan, non urtero, abusua gehiago jasan ezinik, beren buruaz beste egiten duten gaztetxoen kopuruak gora egin duen dramatikoki, halako materialak eskola curriculumean sartzeko eskariak egin dituzte abusuaren biktima izandako haurren hainbat gurasok, baina mementoz halakorik eskatzen duen neurririk ez dute hartu estatu agintariek, erabakia eskolaren beraren esku utzita.

Eskola administratzaile dezentek gaia konplexua dela eta hari nola heldu ez dakitela aitortu dute. Hitz egin dute guraso zein haurrekin, ezer ikusiz gero zerbait esateko. Ez dago liburu zein filmetara jo beharrik ohartzeko abusurako joera duen umea abusuaren biktima izan ohi dela etxean. Guraso batzuek ez dute onartuko beren seme-alabak beste haurrez abusatzeko gai direnik, beren abusua bera onartzeko gai ez diren bezala. Edo umeek beren arteko konponezintasunak beraien artean negoziatu behar dituztela iritzita, beste aldera begiratuko dute, hori baita guraso-jarrera ireki eta liberala izatea. Abusuaren biktima den haurraren gurasoek ere antzera jokatzen dute maiz, seme-alabaren ustezko “ahultasuna” nolabait konponduko dela sinetsita. Ez dago liburu zein filmetara jo beharrik halako jarrerek izan dezaketen eraginaz jabetzeko. Okerrena gertatuz gero, nork hartuko du jazotakoaren gaineko ardura?