2017/05/06

Seaskako Integrazio Batzordeak kanpaina abiarazi du
H.L.A|URRUÑA

Estatu frantsesak ahalmen urritasuna duten haurrak eskolatu ahal izatea bermatzen ez duelako sortu zen, orain 18 urte, Integrazio Batzordea Seaskaren baitan, eta ordutik, urrats andana egin ditu. Hala nola Inklusiorako Egitura Pedagogikoa eskaintzeko bitartekoak ezarri zituzten lehen aldiz Kanboko Xalbador kolegioan 2010. urtean. Bost urte beranduago gauza bera egin zuten Ziburuko Piarres Lartzabal ikastetxean, eta egun, leku gehiagotan ere plan bera gauzatzeko lanean ari dira.

Ahalmen urritasuna duten haurrentzako programa berezituak eta baliabide egokiak eskaini ahal izateko, ordea, dirua behar da; izan ere, Estatu frantsesak ez ditu inondik inora gastu guztiak finantzatzen.

Datorren ikasturtean izango den ikasle kopurua kontuan hartuta, gastuei aurre egiteko 105.000 euro beharko dira. Diru kopuru hori lortzeko gaur bertan martxan jarriko den kanpaina bat antolatu du Integrazio Batzordeak. Informazioa banatu eta diru bilketa egiteko mahaiak jarriko dituzte Ipar Euskal Herriko herrietan.

Horrez gain, hil honetarako bestelako ekimenik ere antolatu dute. Maiatzaren 12an «jolas kooperatiboen jaialdia» egingo dute Hendaian. Maiatzaren 21 eta 22an bigarren eskuko gauzen salmenta eta trukaketa postuak izango dira Larresoron, eta gauza bera egingo dute Baionako elkarteen etxean maiatzaren 27an.

Aurten, hainbat ikastolatan banatuta, laguntza behar duten 78 haur dituzte, alegia, orain dela bi urte baino 21 ikasle gehiago; beraz, kopuru orokorrarekin batera, ahalmen urritasuna duten ikasle kopuruak eta berauen berezitasunei erantzuteko beharrak, gora egin du.