GARA
DONOSTIA

Sortzen-ek errebalidei planto egitera deitu du, atzo Gasteizen egin bezala

Lomceren «errebalida sistema osoa» martxan dago Hego Euskal Herrian, nahiz eta ez den horren inguruko informaziorik ematen. Hala ohartarazi du Sortzenek. Planto egitera deitu du, atzo Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan eta Egibide zentroan egin zuten gisan.

Aurten Hego Euskal Herrian Lomce ia erabat ezarri dutela jakinarazi zuen Sortzenek; Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailetan, DBH4n eta Batxilergoko 2. mailan. Horretaz gain, elkarteak agertu zuenez, ikastetxeak behartuta daude aktak lege horren irizpideen arabera betetzera eta testuliburuak Lomce-Heziberriren parametroetara egokitu dituzte dagoeneko argitaletxeek.

Hori egin dute duela lau urte Lomce «inposatzen» hasi zirenetik hezkuntza komunitateak sistema horren kontra dagoela «argi eta garbi» utzi duela kontuan izan gabe. Joan den ikasturtean, 178 ikastetxetan egin zioten planto 3. mailako azterketa diagnostikoari. Gainera, kontrakotasuna azaltzearekin batera, hamaika ekimen egin dute hezkuntza sistema propio baten alde.

Bi borroka horiez mintzatu zen atzo Sortzen, Donostiako Egia auzoko Aitor Ikastolan. Alde batetik, «inposizio eta eskubide urraketei hezkuntza komunitate zein euskal jendarte bezala irmo erantzuteko beharra» aipatu zuen, eta, bertzetik, «etorkizun burujabe eta duina izateko hezkuntza eredu propio bat eraikitzeko indarrak biltzeko» premia.

«Informaziorik ez ematea» leporatu zion Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarteri. Horrekin, «ziurrenik, hezkuntza komunitatearen erantzuna baldintzatu nahi» izan duela uste du. «Azken momentuan, azterketak egiteko garaian bidali dute informazioa, azterketak zein ikastetxetan egin behar diren eta nolakoak izango diren azalduz». LHko 3. mailan ikastetxe guztietan egin nahi dituzte, 6.ean 30 zentrotan, eta DBH4n 60tan. Batxilergoko 2. maila amaitzean unibertsitatera joan nahi duten ikasleek ere derrigor egin beharko dute errebalida.

Protestak Gasteizko zentroetan

Egoera honetan, maiatzean errebalidak egitera deituta dauden zentroetan planto egitera animatu zuen Sortzenek, atzo bertan Gasteizko bi zentrotan, Koldo Mitxelenan eta Egibiden, egin zuten gisan. Gure Hezkuntza Plataformak esan zuenez, goizean Koldo Mitxelena institutuko DBH4ko ikasleak Lomceren probara deituak bazeuden ere, pasilloan eserita egon ziren eta ondotik patioan bildu ziren familiekin batera. Egibiden ere azterketa eguna zuten eta, plataformaren informazioaren arabera, han ere ez zuten probarik egin.

Mobilizazioetan parte hartzeko eskatu zuten, besteak beste etzi eguerdirako Gasteizko Parlamentu aitzinean antolatu duten elkarretaratzean.