Maite UBIRIA BEAUMONT
baiona

«Marketin aroan», tokiko kanpaina hobetsiko du Capdevielle diputatuak

Bosgarren hautesbarrutian aurkeztuko da Colette Capdevielle baionarra, 2012an lortu zuen eserlekua atxikitzeko xedez. Helburua lortuz gero, bere azken agintaldia izango dela iragarri du. «Espektakulu politikoan baino, errealitatean» sustraituko du bere kanpaina.

Bizitza politikoa berritzeko asmoak etengabe agertzen diren honetan, Colette Capdevielle diputatu sozialistak atzo iragarri zuen, Baionan, bere «bigarren eta azken agintaldia» lortzeko asmoz lehiatuko dela ekaineko hauteskundeetan.

Abokatuak Bruno Vignes izango du ordezko gisa. Baionako portuko langilea, sindikalista eta hainbat elkartetako kidea, Vignes Tarbekoa da baina 2004az geroztik Euskal Herrian bizi da, Angelun zehazki. Bertan aski ezaguna da futbol entrenatzaile gisa aritzen baita, «betiere boluntario gisa», argitu zuenez.

Capdeviellek Parisen osaturiko gobernuari buruz eman zuen bere iritzia, legebiltzarkide gisa azken bost urtetan eginiko lanaren bilana egin aurretik.

«Macronek gobernu barrokoa hautatu du, eta bere hauteskunde zerrendak, berriz, casting baten bidez osatu ditu», azaldu zuen Capdeviellek.

«Espektakulu eta marketin politikoa nagusitzen diren garaian» bere hautua bestelakoa dela gaineratu zuen. «Horren guztiaren ondoren bada errealitatea, eta nik gizarteari eta lurraldeari loturiko kanpaina bat egin nahi dut», nabarmendu zuen hautetsi sozialistak.

Lan Kodea babestu

Capdeviellek helburu orokor bat finkatu zuen. «Ezkerreko talde sendoa eratzea Asanblea Nazionalean Lan Kodea eta egoera ahulago batean diren herritarrak babesteko sortu ziren beste hainbat baliabide arriskuan jarri nahi dituen presidenteari aurre egiteko». Legebiltzarrari dagokiola arauak berritzea edo aldatzea aldarrikatu zuen, ondoren, dekretu bidez agintzeko tentazioa duen Macronek «botereen banaketa errespetatu beharko duela» ohartaraziz.

Izan ere, Capdevielleren lehentasuna bosgarren hautesbarrutiko herritarren beharrak entzutea eta Parisera eramatea da.

Herriko kontseilua sortzea proposatuko du, demokrazia parte-hartzailean sakontzeko.

Euskal Elkargoko kideak demokratikoki hautatuak izatea defendatuko du, baita «eskualde hizkuntzen presentzia» zabaltzea ere hezkuntza publikoan, horretarako murgiltze sistema «esperimentazio gisa» martxan jarriz. Era berean, bertako produktuen kontsumoa areagotu nahi du eskoletako jangeletan eta berdintasuna eta integrazioa bultzatzea kirolaren bidez.

 

EH Baik hiru barrutietan aurkezpen ekitaldiak deitu ditu

5. barrutian EH Bai ordezkatuko duten Laurence Hardouinek eta Peio Mentak agerraldia egin zuten, herenegun, Angelun. 6.ean lehiatuko diren Peio Etxeberri-Aintzart eta Nathalie Aizagerre Donibane Lohizunen izan ziren atzo eta, gaur, Anita Lopepek eta Erik Etxartek (4. barrutia) kanpaina aurkeztuko dute Maulen.