Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Auzodeterminazioa

Paisaiaren kontzeptua berritua ageri zaigu azkenaldiko hainbat arauditan. Pozten naiz, gure ingurukoa ulertzeko, ingurua bera ikusteko, dugun ikusmira eta mira-tokia bera aldatzea dakarrelako; guk nahi izanez gero behinik behin. Larunbatero gogoratzen digu Gaur8k: “begiratzeko modua aldatzeak aldatu dezake mundua”, bai, horrelaxe da, gure eguneroko inguruko mundutik hasita. Ikusmira eta mira-tokia, biak aldatu behar.

Lautadako hiri handi baten periferiako paisaia datorkit orain burura. Hondamendi batetik erreka bizia abiarazteko gai izan direnen periferiako auzoa etorri ere. Asterix eta Obelixen periferia hura gogoan, bizirik. Periferia periferiaren zentroa dela ezin ahaztu; eta hiri handia periferiaren periferia. Erreka bizia abiatu bai, lehorra izanda ere; emaria bertoko auzokideek ematen diotelako, emari bizia. Horko auzokideak bizilagunak ere izan badirelako.

Errekaleor, bai, bestelako giza ekosistema, erreferente. Hiriko zentrotzarraren bestelako ispilua. Periferiako erreka lehorra, bai, baina naturala; hiri-erditik pasarazi egin duten ubidea, transgenikoa. Erreken paisaia ikusteko mira-toki desberdinak, aurrez aurre. Lehorra bata, antzua bestea.

Segurtasunaren izenean ukatu diote argindarra obelixtar okupen auzoari. Segurtasuna? Zer segurtatu nahi baina? Ibai handiaren bazterreko nuklearra oso gertu izan eta erreka xume baten lehorraz kezkatu? Hau kolpea gero! hangoaren jabe den konpainiari esan hemengoei argindarra mozteko! Errealismoa ulertzeko duten ohiko mira-tokitik nahastu egiten dute argindarra eta indarrargia. Mon Dieu!

Horko auzokideen ADN ei da gaitza, zentroko medikuek esana. Azido desobedinukleikoa, edo, arazo. Baina gaixoek beraiek dute sendabidea hautatu, auzodeterminazioa. Izan bitez errealista, egin bezate ezina! Periferia zentro izan arte.