A.K.
DONOSTIA

Agirreazkuenaga: «Loiola Irratia euskal irratigintzaren eskolatzat har daiteke»

Irati Agirreazkuenagak irratigintzaren inguruan egindako testua liburura eraman du orain Pamielak. «Euskarazko irrati kazetarien hitza eta hotsa garai zailetan: 1956-1976» lanean Loiola Irratiko erreferentzia nagusiak biltzen dira, hainbat elkarrizketaturen ahotsa bide.

Loiola Irratia, irrati elebiduna izanagatik ere, irrati euskalduntzat hartu zen hainbat urtetan. Hari horretatik tiraka eta frankismo garairaino itzulita ondu zuen Irati Agirreazkuenagak hedabideari buruzko tesia, orain Pamiela argitaletxeak liburu forma eman diona. Egilearen iritziz, lan hori euskarazko irratigintza ulertzeko azterketa da, hain zuzen, Loiola Irratiak sortu zuen «irrati kulturari» buruzkoa. «Gaurko euskarazko irratigintzaren ispilu izan zen, batez ere euskara irratigintzara egokitzeko eran. Nola erabili euskara irrati programetan».

Irrati elebiduna izanagatik ere, publiko euskaldunari zuzendutako programazioa zuen Loiola Irratiak. «Frankismo garaia zen eta kontestu horretan kokatzea ezinbestekoa da».

Agirreazkuenagak gogora ekarri zuenez, 1956an Segura Irratia euskarazko programazioa egiten hasi zen, «baina maila folklorikoan». Loiolaren kasua bereizi egiten du autoreak eta bi aldi desberdintzen ditu: 1965 aurrekoa eta ondorengoa, non euskararen presentzia nabarmen areagotu zen bigarren alditik aurrera. Ildo horretan, gogora ekarri du 70eko hamarkadan Jose Ramon Belokirekin egin zen “24 orduak euskaraz” saioa. «Euskaldunak batu zituen ekitaldia izan zen eta erakutsi zen euskara bizitza modernorako ere baliagarria zela».

Agirreazkuenagaren lanak ahotsak berreskuratzen ditu, eta hartara, protagonistengana jo zuen zuzenean. Elkarrizketatuen artean dira Ignazio Arregi, Jose Ramon Beloki, Mari Karmen Garaizabal, Joxe Mari Iriondo eta Itziar Sagarzazu. «Ahots horiek liburuan txertatzea izan da helburuetako bat, horien bizipen eta sentimenduak gertutik ezagutze aldera».

Egileak euskal irratigintzaren eskolatzat hartu zuen eta irrati kolektibo gisa definitu zuen, bi arrazoi nagusigatik. «Batetik, edukiak ekoizterakoan herritarren parte hartzea bermatzen zuelako eta, bestetik, finantziazioa. FMrako aldaketa egin zutenean, ez zegoen entzulerik frekuentzia horretan, eta dirurik ez zegoenez, hainbat kanpaina abiatu zituzten esatariek, 5.000 harpide lortzeraino. Hor ikusten da nola inplikatu zen komunitatea eta herriak nolako lotura eta konpromisoa zuen irratiarekin».