GARA
BRUSELA

Goitik behera blindatutako Bruselak hartu du Trump presidentea

Muturreko segurtasun neurriak hartu ditu Bruselak Donald Trump AEBetako presidentearen eta haren ondoan bidaiatzen ari diren mila lagunen bisita dela-eta. Gaur Europar Batasuneko agintariekin egongo da, ondorengo NATOren gailurrean esku hartu aurretik.

Atzo arratsaldeko lauretan iritsi zen Etxe Zurikoa Bruselara. Goi mailako bisitariak hartzera ohitutako hirian bestela ere oso segurtasun neurri zorrotzak hartzen badituzte, Manchesterren joan den astelehenean jihadistek egin zuten eraso suizidaren eraginez indartu egin dituzte.

Belgikako Barne Ministerioak 4.000 polizia jarri ditu hiriko segurtasuna zaintzen. Luxenburgotik eta Herbehereetatik iritsitako agenteen laguntza izango dute, zerua zaintzeko. Droneak lurrera botatzeko gaitasuna duten arranoak ere prest dituztela jakinarazi dute.

Gaitutako arranoak

Bruselako aire espazioa itxita eduki zuten Donald Trumpen “Air Force One” aparatua lurreratzeko garaian. Gainera, aireportuko kontrol-dorrea estatubatuarren mendean geratu zen, Belgikako kontrolatzaileak bertatik kenduta. Hiriburuko eta inguruetako errepide asko itxita zeuden atzo, AEBetako ordezkaritza ikaragarriak puntu batetik bestera joateko arazorik izan ez zezan. Garraio publikoaren erabiltzaileentzat ere oso bisita ezerosoa da Trumpena.

Atzo Belgikako erregeekin eta Charles Michel lehen ministroarekin egon zen estatubatuarra eta gaur, AEBetako enbaxadorearen etxean lo egin ondoren, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentearekin eta Donald Tusk Kontseiluko buruarekin elkartzekoa da. Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak eta Federica Mogherini europar diplomaziaren buruak ere agurtuko dute Queensekoa. Emmanuel Macron frantses presidentearekin bazkalduko du Trumpek.

Bihar arratsaldean egingo da, NATO erakunde militarraren egoitzan, beste gailur garrantzitsu bat. 28 estatuburu elkartuko dira, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea barne, bera ere aurkari ugari erakartzeko gaitasuna duen agintaria eta, beraz, segurtasun neurri bereziak eskatzen dituena.

Berlingo Harresia

NATOk egin dituen instalazio berriak bisitatuko dituzte agintariek eta Berlingo Harresiaren zati bat ezagutzera emango dute. Baita AEBek eman duten 2001eko irailaren 11ko erasoen biktimen aldeko monumentu bat ere. Trumpek berak hitzaldi labur bat eskainiko duela iragarri zuten atzo.

17.45ean hastekoa da agintarien afaria. Trumpek ondoan izango du James Mattis Pentagonoko burua.

Begiraleek aurreratu dutenaren arabera, agintariek aztertuko dute ea NATOk Estatu Islamikoaren aurkako koalizioan sartu behar duen. Gainera, Trumpek exijitzen du NATOn dauden estatuek gehiago gastatzea Defentsan eta biharko afarian horri buruz ere aritu beharko dute.

«Manchesterren gertatu zena nolabait jorratuko dute agintariek, umeen aurkako eraso basati bat izan zen-eta», esan zuen Jens Stoltenberg idazkariak.

«Bake tresna» izateko eskatu dio Frantziskok AEBetakoari

Bakea izan zen Donald Trump AEBetako presidenteak eta Frantzisko aita santuak elkarrekin egin duten lehen bileran gehien aipatu duten gaia, eta elkarrengandik urruntzen dituen klima aldaketa aipatu ere ez zuten egin. «Bake tresna» izateko eskatu zion argentinarrak New Yorkeko magnateari atzo goizean Vatikano Hirian egin zuten 27 minutuko bileran. Trumpek Erromatik Bruselara eraman zuen hegazkina hartzerakoan esan zuen bakearen alde lan egiteko prest dagoela eta Aita Santua ezagutzea ohore bat izan dela berarentzat. GARA