Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Sasi arteko elkartasun izpiak

Sasian idatzi zuen Hans Keilsonek «Minorreko komedia», naziengandik ezkutatu eta erresistentziarekin bat egin zuenean. Eta sasi artetik ez, baina Zuerako espetxetik ekarri du euskarara Juan Luis Agirre Letek. Garai latzenetan elkartasuna adierazi duten horiek ditu ardatz.

Hans Keilson alemaniarraren lehen eleberria, “Das Leben geht weiter” (Bizitza aurrera doa, 1933), izan zen Fischer argitaletxeak plazaratu zuen idazle judu baten azken lana. Nurenbergeko lege arrazista indarrean sartu eta naziek Herbehereak okupatuta zituztela, idazle eta mediku alemaniarrak erresistentzia nederlandarrarekin bat egin eta II. Mundu Gerrako giro horretan idatzi zuen, 1940an, Juan Luis Agirre Letek euskarara ekarri duen “Minorreko komedia” (Txalaparta). Bertan, sasian ibilitako bizipenak oinarri hartuta, naziengandik ihesi dabilen juduaren eta ostatu eman dion bikote ez juduaren harremanak ditu hizpide Keilsonek, horien solasaldiak, beldurrak, itxaropenak, bai eta elkarbizitzatik eratortzen diren haserreak ere.

«Hunkitzen duen eleberria da, pentsarazten duena», baieztatu zuen Txalapartako editore Mikel Sotok, eta obraren oinarrian «erresistentzia keinu txiki bat» dagoela esan zuen: «Gaurko perspektibatik begiratuta, une gogorretan egindako erresistentzia keinu txikiak handiak dira; nobelan ikusten da nola elkartasun keinu txikienak ondorio larriak ekar ditzakeen», esan zuen, sasian dabilen inor etxean hartzeak izan ditzakeen eta izan dituen ondorioei erreferentzia eginez.

Sasitik ez, baina hura ezagututa eta Zuerako espetxetik itzuli du obra Agirre Letek eta, lanaren aurkezpenean, haren «bidaia-lagun» Petra Elser-ek egin zituen aurkezpen lanak. Gogoan izan zituen itzultzaileak hitzaurrean biltzen dituen Keilsonen hitzak: «Literatura gizateriaren oroimena da. Idazleak gogoratu egiten du, eta irakurleak bizipenen zati bat bereganatzen du. Liburuak berriro argitaratu daitezke; gizakiak, aldiz, ez». Elser-ek, alemaniarra sortzez, amaren eta amonaren bidez izan zuen Holokaustoko bizipenen berri: «Hura bizi izan zutenak jada ez daude, desagertzen ari dira, eta hura kontatzeko literatura geratzen zaigu: hori da liburu honen balioa eta horregatik merezi du irakurtzea». Zentzu horretan, Agirre Letek hitzaurrean oroitarazten duen gisa, eleberriak «gorazarre egiten dio Herbehereetan jazarritako juduak babestu zituen jendeari, eta gaurko belaunaldiei gogorarazten die elkartasunak salbatu zituela garai hartako Herbehereetako 130.000 juduetatik 20.000».

Azkenik, liburu hau plazaratzeko elkartasunak izan duen pisua nabarmendu zuen Elser-ek: «Jende askok lagundu du, espetxetik ateratako testua pikatzen, zuzentzen... Laguntza hori gabe ez litzateke posible izango halako lan bat egitea».