Nagore BELASTEGI

ARKITEKTURA ETA DISEINU ARLOAN ERE, SINERGIAK OSATZEKO ESPAZIOA

Eraikuntzako sektore desberdinetako produktuak aurkitu ditzakegu Basque Living Tabakalerako espazioko erakusketan. Bertan garatuko diren ekitaldi eta tailerren helburua gizarteak ere arkitektura eta diseinua gertutik ezagutzera izango da.

Bi urte eman dituzte proiektuari bueltak ematen eta proba moduko hilabete batzuen ostean, martxan da Basque Living espazioa Donostiako Tabakalerako solairu nagusian, igogailuen alboan eratzen den pasarela batean. «Enpresen berrikuntzak erakusteko balio duen topaleku bat da, industria, diseinatzaile, arkitekto eta gizartearentzako topalekua, informazioa elkarbanatzeko, aukera berriak identifikatzeko eta lana egiteko», esanez definitu zuen Xabier Perez de Arenaza arduradunak. Tabakaleraren oinarrietako bat da sektore desberdinen artean sinergiak osatzea, eta Basque Living ere ildo beretik doa. «Mundu guztia dago alde batetik eta bestetik, bakoitza bere kasa, eta hemen denak elkartu gaitezke elkarren arteko komunikazioa izateko», laburbildu zuen.

Espazio horretan biltzen diren 22 enpresak askotariko produktuak ekoizten dituzte: altzariak, manparak, zoruak, iluminazioa, fatxadak, artxibadoreak, postontziak... Ideia da konponente guztiak batera aurkeztea erakusketa bakar batean, baina ez dute nahi espazioak ohiko erakustazoka baten itxura izatea. Horregatik, enpresek erakustokiak nolabait «desestrukturatu» egin dituzte. Ikusten ari garena hobeto ulertzeko, pieza bakoitzaren ondoan tablet bat dago ekoizten duten produktua bere testuinguruan azalduz eta enpresaren beraren webgunea bisitatzeko aukera emanez.

Horrez gain, instalazioren bat interaktiboa da. Adibidez, etengailuz jositako pareta bat dago; horiek sakatuz gero hizkuntza desberdinetan idatzitako hitzak piztu eta itzaliko dira. Halere, espazioaren erakargarri nagusia ez da erakusketa bera, baizik eta bertan ikusgai dagoena ulertzeko emango zaizkigun giltzak.

Aretoan, beraz, behin betiko erakusketa bat dago, 22 enpresek nahi dutenean aldatuko dutena –batzuek maizago, produktu berriak ateratzen dituztenean, eta beste batzuek agian ez dute urteetan aldatuko– eta erdigunean bilerak zein ekitaldiak egiteko mahai eta pantaila bat jarri dituzte. Pasa den ostegunean, adibidez, lau enpresak arkitekto eta diseinatzaileekin bilera egin zuten, eta bertan bazkaldu zuten euren azken lanak aurkezteko. Bestalde, publiko orokorra sektorera gerturatzeko modu bat izango denez, haiei zuzendutako tailer eta behin-behineko erakusketak ere prestatuko dituzte.

Proiektuaren hastapenak

«Proiektua duela bi urte hasi zen garatzen, Tabakalera oraindik ez zegoenean. Hasieran lau enpresa ziren, eta eraikuntzaren obrak aurrera egiten zuen heinean enpresa gehiago animatu ziren. Gero eta gehiago ziren eta azkenean 22 enpresatan jarri genuen muga. Momentuz horrela geldituko gara. Badaude sartu nahi duten enpresa gehiago baina momentuz ez dago lekurik», azaldu zuen arduradunak, Perez de Arenaza arkitektoak. Beste espazio handiago batera joateko ideia pasatu zaie burutik enpresa gehiago batu ahal izateko, baina oraingoz horrela geldituko dira; enpresaren batek espaziotik ateratzea erabakitzen badu, orduan zerrendan hurrengo dagoenari eskainiko diote txokoa.

2016ko urrian jada hasi ziren ekitaldiak antolatzen bisitariei neurria hartzeko eta euren jarrera aztertzeko. 2017rako programazio bat osatuko dutela iragarri zuen arduradunak. Izan ere, espazioaren inaugurazio ofizialaren ostean ekintzak martxan jartzea besterik ez da falta. «Espazio honek bizia izatea nahi dugu, ez museo areto bat izatea», azpimarratu zuen.

Hala, ekainean erakusketa bat zabalduko dute eta udazkenera begira beste bi erakusketa eta pare bat ekitaldi dituzte hitzartuta. Zeintzuk izango diren gaiak? Adibidez, arkitektura eta argazkilaritza uztartzen dituen erakusketa bat edo etxea dekoratzerakoan zein pauso jarraitu behar diren azaltzen duen tailer bat.

Haurrentzako jardunaldiak ere egingo dituzte. Esaterako, Aste Santuan txikientzako aulki tailer bat egin zuten. Fatxadetan erabiltzen den egur itxurako material batez egindako milaka pieza zituzten. Umeek Lego piezak balira bezala jolastu ahal izan zuten tarte batez, nahi zituzten figurak osatuz. Ondoren, hiru pieza osatuz euren aulkiak egin zituzten. Margotu eta apaindu ostean, etxera eraman ahal izan zuten oroigarri gisara.

Egingo dituzten ekitaldien berri www.basqueliving.eus webgunean emango dute, baita Tabakalerako agendan zein espazioaren kanpoko kartel batean ere. Ekitaldi publikoetara joateko izena emateko jarraibideak ere agertuko dira. Sektoreko profesionalei zuzendutakoak, ordea, ez dituzte iragarriko eta enpresen bidez zein elkargoen bidez egingo dituzte deialdi eta gonbidapenak.

Aurkezpen ofizialean azaldu zuten bezala, espazioari Basque Living izena jarri nahi izan diote, «Euskadi marka munduan indartzeko» asmoz. Izan ere, espazioaren helburuetako bat Euskal Herriko hainbat enpresa ezagutzera ematea da, baita desberdinak diren enpresek elkarri eskutik helduta elkarrekin hazteko aukera izatea ere. Perez de Arenazak esan zigun bezala, «nazioartean ezagunak diren diseinu enpresa ugari ditugu, baina gizarteak ez ditu ezagutzen».