Xabier IZAGA
Kazetaria

Erreka lehor, gezurrak buztana luze

Errekaleorko bizilagunek ez dute mundua konponduko, baina espekulazio proiektu batek huts egin zuen lekuan mundua bizitzeko modu bat, ezohikoa, eraiki dute. Ona edo kaskarra, baina inor ezertara behartzen ez duena. Eta mundua suntsitu nahiko balute bezala, argirik gabe utzi dituzte, eta auzotik botako dituztela eta etxeak eraitsiko dituztela iragarri. Ertzaintza baliatu dute argia kentzeko, eta gezurra baliatzen dute berpiztutako auzoa eraisteko asmoa justifikatzeko. Segurtasun motiboak argudiatu ditu alkateak: «Etxerik gabe utziko zaituztegu, zuen hobe beharrez». Hainbat hedabidek informazioa nahastu eta manipulatu dute, gezur gordin eta zitaleraino. Gasteizko herritarrok etxetik atera eta itzultzean gure etxea okupatuta aurkitzeko arriskupean bizi garela entzun nuen lehengoan tertulia batean.

Okupazioa ondo edo gaizki dagoen eztabaidatu baino lehen, ordea, iruditzen zait badagoela beste eztabaida premiazkoago bat: etxebizitza eskubidea. Baina gure hiri eder, green, eta txatxipiruli honetan espekulazio eskubideak teilatu baten azpian bizitzeko eskubideak baino askoz arduratuago dauka gure Udala, Errekaleorko lagunak botatzeko ausardiarik izan ez zuen eta orain EAJ horretara premiatzen duen alderdiaren mezua bere eginda: Gasteiz, okuparik gabe. Eta haren nahia betetzeko prest ageri da, gezurra bitarteko.