Idoia ERASO
BAIONA

Koreografia plataforma berria, «tradizio garaikidea» sustatzeko

Oldeak izeneko koreografia-ikerketarako plataforma aurkeztu zuten atzo Baionan, bere sustatzaile eta parte hartzaileek. Eragile kultural anitzen sostengua duen egitura berri honetan Illicite konpainia eta Bilaka kolektiboa elkartu dira. Lehenaren dantza garaikide akademikoak bigarrenaren euskal dantzari eta musikari tradizionalekin egiten du bat.

lllicite eta Bilakaren atzean dauden Fabio Lopez eta Mathieu Vivier-ek gidatuko dute proiektuaren gauzatzea. Vivierrek bere helburua goi mailako euskal musikari eta dantzariak biltzea dela baieztatu zuen atzo, profesionalizaziorako atea irekitzeko. Iparraldeko Dantzarien Biltzarraren barruan kokatzen den produkzio koreografikorako zentroa da Bilaka, eta kolektiboan «iraganetik eta tradiziotik hartuz orainari begiratu» nahi diotela gaineratu zuen.

Desafio gisa definitu zuen euskal dantzariak, eta Fabio Lopezek bat egin zuen ideiarekin: «Ideia da estetiken gurutzatzea, dantza akademikoa eta euskal dantza elkartuz adin txikiko gaztetxoenetatik».

«Tradizio garaikidea da proiektuaren oinarria. Benetako co-working-a da, tradizioarekiko errespetuzkoa den dantza garaikidea», azaldu zuen Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapezak. Lapurdiko hiriburua izan da egitasmoaren sustatzailea, eta Ipar Euskal Herriko kulturako beste erreferente handiengana jo zuten proiektua garatzeko: Euskal Kultur Erakundea, Malandain Ballet Biarritz eta Maurice Ravel Kontserbatorioa. Laguntza eta kidetza berrien xerka segituko dutela erran zuten.

Plataforma lau kooperazio ardatzetan oinarrituko da. 2017 eta 2019 artean Bilaka eta Illicite konpainiak elkarlanean ariko dira Baionako Udalak utzitako gela batean. Horren bitartez Fabio Lopez-ek Bilaka sortzen ari den obra batean lagunduko du koreografo gisa, baita kolektiboak 2018an estreinatuko duen “Uda(berri)” ikuskizunean ere.

Bestalde, Donostiako Judith Argomanizek bi koreografia eginen ditu: “Exit” Illicite konpainiarentzat, eta beste bat Bilakako dantzarientzat.

Maurice Ravel Kontserbatorioarekin elkarlanean, ikasketak jarraitu nahi dituzten euskal dantzariei aukera emanen zaie formazio anitzak jasotzeko, euskal dantzan zein dantza klasiko edo garaikidean.

Azkenik, egitasmoaren jarraipena sustatzeko kolaborazio artistiko eta logistiko berriak eginen dira, belaunaldi berrietako sortzaile eta interpreteei tokia uzteko xedez. Bide horretan, lehentasuna, Euskal Herriko hiru eremu administratiboetako artistei emanen zaie.

Tradizioa

Roger Goyenechek, Baionako Herriko Etxeko Kultura eta Ondarea zerbitzuko zuzendariak, plataforma honen bitartez euskal dantzaren alde lanean aritu direnei omenaldia egin nahi dietela nabarmendu zuen. Filipe Oihanburu aipatu zuen besteak beste, baita klasikoan ari den eta presente zegoen Thierry Malandain ere: «Sortzaile enblematiko horiek, gazte dantzarien formakuntzan lan egin dute».

Bide hori segitzeko proiektu honi esker sortuko diren goi mailako euskal dantzari profesionalen garrantzia aipatu zuen. «Dantza garaikidearekin batera euskal dantzen ikastaro iraunkor bat izatea nahi dugu eta bikaintasunera helduko diren dantzariak sortzea Bilakan».

Ravel Kontserbatorioko dantza arduradun Elisabeth Lecussantek proiektuan «derrigorrezkotzat» jotzen dituen elementuak elkartzen direla erran zuen: «Irakaskuntza, praktika amateurra eta profesionala, banaketarekin elkartuta sortzen den sinergia». Euskal Kultur Erakundeko Pantxoa Etchegoinek Oldeak izenaren esanahia oroitu zuen, proiektuaren “nahia” hats berriarekin lotuz.