JON MAIA SORIA
LIBURU AURRERAPENA>

«Zamora», «Extremadura», «abuela» eta abuelo» hitzak esatera nindoan bertso hartan.

«BERRIAK JAIO GINEN» LIBURUAN 80KO ETA 90EKO HAMARKADETAN BERTSOLARITZAK BIZITAKO ERABERRITZE SAKONAREN ZERGATIAK BILDU DITU JON MAIAK (ZUMAIA, 1972), GARAI HAREN ARGAZKI PERTSONAL BAT OSATUZ. LIBURUTIK AUKERATUTAKO PASARTEETAKO BAT DAKARKIZUEGU ORRI HONETARA.

1997. Erabaki nuen ezin nuela bertso hura hasierako agurrean bota. Besteek nirekiko ordura arte eraikitako begirada erabat baldintza zezakeen eta ez zen hura horretarako eguna. Egun horretan entzuleek, epaileek, ni bertsolari gisa juzgatzea nahi nuen, bestelako distortsiorik gabe, gainerako zazpiak bezalaxe. Niretzat egun handia zen hura, oso handia. Nork esango zidan niri noizbait Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean kantatuko nuenik? Andoni Egañak esaten du lehendabiziko finalera sartu zarela dakizun une horretako moduko ilusiorik ez dagoela hurrena letorkeen ezertan. Eta egia da.

Historian zehar Txirrita, Lazkao Txiki, Basarri, Uztapide, Xalbador eta beste hainbatek kantatu zuten plaza horretan orain ni egotea ametsa zen. Euskararen olinpo moduko bat. Ez zegoen plaza hoberik nire buruarekin eta nire familiarekin nuen zorra kitatzeko, errekonozimendua egiteko. Finalera sartu nintzela jakin geroztik egun hura ziklo luze baten amaiera zela sentitzen nuen. Ziklo bital bat, neurea, pertsonala, baina baita nire familiarena ere. Egun hartan istorio luze bat borobiltzera zihoan. Erredentzioaren eguna zen. Bertso hura azkenengo agurrean kantatzea zen onena, behin lanak amaituta eta dena epaituta zegoenean.

“Zamora”, “Extremadura”, “abuela” eta “abuelo” hitzak esatera nindoan bertso hartan. Banekien esan nahi nuenaz gain, hitz horiek sartze hutsak inpaktu bat izango zuela. Hitz horiek ez zeuden bertsolaritzaren historiaren lexikoan. Zamora bai, Xabier Amurizak kartzelari lotua erabili zuelako. Baina besteak hitz arrotzak ziren. Banekien gure abuela Maria Luisa telebista aurrean egongo zela, eta ilusio berezia egiten zidan berak nire bertso hartan beretzat ari nintzela adieraziko zion hitz identifikagarriak aurkitzeak. Derrigor gazteleraz behar zuten izan.

Zazpigarren egingo nuen final hartan, eta nire txanda iritsi zenean, azken agurraren unean, atera nintzen bi aste lehenagotik buruan bueltaka nerabilen bertso hura kantatzera. Belodromoan zeuden 8.000 lagunen eta telebistatik ikusten ari ziren guztien aurrean esango nuen urte luzeetan ezkutuan gorde nuen hura. Inoiz nire gurasoei esan ez niena, bertsozaleek jakiterik nahi ez nuena.

Ama Extremadura

aita Zamoratik

abuela ta abuelo

haien aurretik

herri hontan sustraitzen

asmatzeagatik

neuk’e maita dezaket

guztien gainetik

euskaraz badakit

bertsoz darabilkit

dena zuengatik

halaxe dagokit.

Denek kantatu dute nere ahotik.

Berehala nabaritu nuen erreakzio berezia bertsoarekiko. Txalo zaparrada izugarria izan zen. Nire gorputzak ere dardarizo batekin erreakzionatu zuen, urteetan bere baitan eraman zuen zama astun batez libratuta bezala. Oholtzatik jaistean norbaitek besotik heldu zidan zerbait esan nahian, eta negarrak galarazi zion hitza. Hurrengo egunetan gutunak jasotzen hasi nintzen, telefono deiak... Bertso hura, niretzat hain intimoa zena, jende askoren bertsoa zela ohartu nintzen berehala. Jende askoren bizitza jasotzen zuen bere 9 puntutan. Ni bezalaxe etorkinen seme-alabak zirenak, abuela eta abueloak zituztenak, haiek ere ni bezala beraien aurrekoen kontzientzia edo ahaleginagatik euskaraz ikasi zutenak. Non eta han, hizkuntzaren erabileraren eszenatoki goren hartan, garai hartan, egun hartan, hori lotsarik gabe aitortzeak erreakzio bat sortu zuela ohartuz joan nintzen denborarekin.

Bertso hori ez da nire bizitzako bertsoa segur aski, baina bai nire bizitzarena. Liburu honetan, 1997ko bertsolari txapelketako final hartan bertso hura kantatzera nola iritsi nintzen kontatu nahi dut. Belaunaldi berri baten sorrera eta bertsolaritzarentzat mugarri izango zen garai baten kontakizun pertsonala da hau. Izan ere, han publikoan zein oholtzan geunden asko, gure aurreko mendeetatik datorren arte honetara, bizi dugun eta bizi gaituen bertsolaritzaren mundura, berriak jaio ginen.